Mendietako ondarea
Alpinismoa gizateriaren ondare izendatu berri du UNESCOk, mendiak eskalatzearen arte bezala: "Alpinismoaren kultura erreferentzia estetikoetan oinarritu da; biderik ederrenak gauzatzeak suposatzen duen esfortzuan."
1950ean, Frantziako alpinista talderik onenak lehenbiziko zortzimilakoa eskalatu zuen, Annapurna hain zuzen ere. Garai hartarako abentura izugarria. Espedizio horretako bi kidek alpinismoa eta artearen arteko lotura hala utzi ziguten:
"Alpinista, haren begiek noizbait amestutako tokira bere gorputza bideratzen duena da" Gaston Rébuffat.
"Besteak baino gehiago ez da altuago iristen dena, baizik eta inguratzen duen edertasunaz eraginda, biziago sentitzen duena" Maurice Herzog.
Eta gure herritik gertu sortutako kirol eta abentura diziplina honek ondare izugarria utzi dio gizateriari (baita gerrak ere, nazioen arteko lehia izugarria izan baita eskalatu gabeko mendiak lehenbiziko aldiz zapaltzeko). Baina abenturazaleen objektu baino gehiago dira mendiak, zerbait dinamikoa dira.
Mendien inguruan garatu dira gizarteak, eta haiekin herriak, nazioak, kulturak, hizkuntzak, ohiturak, bizimoduak... Herrien bizileku dira mendiak, eta alde horretatik iritsi zaigun ondarea izugarria da.
Mendiaren ertz horiek aztertu eta ezagutarazteko sortzen da blog hau, mendiko herriak, mendiko jendeak balioan jartzeko, eta alpinismoaren zein mendiko kirolen bidez, munduko mendietako herriak ezagutzeko. Eta gu ere mendietako herria garen heinean, euskaraz egitea ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: