Komunikatu ala hil

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2011-03-15 18:23

Gero eta garbiago daukat komunikazioa dela mundua alda dezakeen tresna eraginkorrena. Gaur egun komunikazioa da tresnarik gutiziatuena. Aspalditik izan da laugarren botere bezala deitua. Komunikazioa menpean duenak historia du menpean. Lehen mailako informazioa duenak historia berridazten du nahierara.

Vietnamgo gerraren karietara garbi geratu zen estatu batuetako gizarteak eginiko presio sozialagatik galdu zela, eta horretan garrantzitsua izan zen medioen ekarpena. Pertsiar golkoko gerran, jada aurreko esperientziatik ikasita, agintariek aukeratzen zuten zein informazio atera jendartera. Ez zen atera ez odolik, ezta soldadu patriotikoen hilotzik. Hala zioen batek, telebistan agertu ez dena ez da gertatu. Beraz, gizartea itsu egon zen gerra horren aurrean, komunikazioa gerrarako armarik eraginkorrenetariko bat bezala erabilita. Hitzak, gerrak galdu edo irabazi ditzake. Pisu handiegia du garrantzirik ez emateko.

Ikusi besterik ez dago Afrika iparraldean izan diren iraultzetan izaten ari den garrantzia. Baten batek omenaldiren bat egin sare sozial bati bere semeari izen hori jarrita. Diktadura horietako gobernuen jarrerak ere ederki salatzen du, ia aurreneko neurria errebolten aurrean komunikatzeko bideak etetea izan da, internet moztu dute, telefono estalkia ez da lehen bezain ona. Denek diote beraien egia, denek saldu nahi diote munduari beraien egia.

Horien artean mass mediek duten garrantzia ez da ahaztu behar. Hauek nork kontrolatuak dauden ez dago esan beharrik. Anaia handia beti dugu atzean. Berri agentziek bidaltzen teletipoen atzean filtroa pasa duten berriak daude. Besteak ez dira iristen kazetarien erredakzioetara. Berria dagoen tokian ez bazaude, ia ezinezkoa da berri objetiboak ematea, jada lehenengo galbahea pasata baitute. Anaia handiak onartu ditu berri horiek.

Irakeko gerran ordea, berriz ere informazioak galdu araziko dio gerra estatu batuei. Interneten berri uholdea isiltzea ezinezkoa da. Petrolioa kontrolatzeko gerra hau justifikaziorik gabe geratzen ari zaie. Egunez egun, egiten ari diren sarraskiaren froga eta argazki gehiago ditugu. Aspaldi konturatu dira baina saiatu dira horren eragina murrizten.

Hala ere ez daukagu hain urrutira joan beharrik. Azkenaldian Espainiako hedabideek hartu duten joera ikusi besterik ez dago. Zer esanik ez Euskal Irrati Telebistan. Alde bat isildu dute. Jada atxilotuak bakarrik agertzen dira teleberrietan, ez da azaltzen, adibidez, handik astebetera askatu egin dutela. Edo inkomunikaturik egon diren denbora amaigabean salatu dituzten torturapean eginiko deklarazioetan oinarritzen direla fiskalak. Azken manifestazio jendetsuek ez dute izan ez Madrilen eta ez Parisen oihartzunik. Politika aldatu dute. Konturatu dira, agian tresna eraginkorrena informazioa dela. Herri bat garaitzeko ez dagoela metodo hoberik isiltzea baino. Nahiz eta Egunkaria kasukoak absolbitu, hori ez da atera hedabideetan.

Baina interneten garai honetan, informazioa askeagoa da. Zentsurak gero eta lan gehiago du ahots guztiak isiltzen. Edozein izan daiteke informatzaile beste edozein kazetari handiusteko baino sinesgarriago. Berriz ere, informazioa berreskuratzen ari da herria. Milaka proiektu daude beraien iritzia eta informazioa helarazten digutena. Ez konformatu esaten diguten guztia sinestearekin. Begiratu, aurkitu, konparatu eta egia hurbilago izango duzu.

Aukera asko eskaintzen dizkigu internetek. Era “anonimoan”(beharrezko neurriak hartuz gero) informatzeko nahi izanez gero. Edo aurpegia emanda berdin dio. Ez dugu gutxietsi behar dugun indarra. Gure eskuetan dago iraultza komunikatiboa. XXI. mendeko iraultza oinarriak ezartzen ari da gizartean. Komunikatu ala hil, hor dago gakoa.


Utzi iruzkina: