Azoka, eteten ez den soka
Beste milaka euskaltzale bezala, ni ere izan nintzen Landakoko barrutian. Buelta bat eman genuen bertako kaleetatik eta produktu berri eta ez hain berrien ikusmiran ibili nintzen. Zubia ospatzeko (nahiz eta ospatzeko ezer ez eduki) modu egokia izan zitekeen. Ezin dute hainbeste euskaldunek batera tronpatu.
Cd mordoxka bat eta liburuak milaka. Aukera, gustu, adin eta kolore ezberdinetakoak. Han zeuden Su ta Gar-eko kideak beraien DVD sinatzeko irrikitan, baita Xabier Silveira ere nahiz eta hau konturatu baino lehen lanik gabe gelditu. Bere lehen liburuaren 1200 aleakuste baino lehen saldu zituzten eta ostiralean jada ez zegoen azokan bere lanaren eredurik. Arrakastaren arrazoia garbia da, morboa. Berez du kale borrokaren gaiak morboa berarekin eta gainera Silveira bezalako baten ikuspuntutik begiratuta morboa zenbaki altuez biderkatzen da. Entzun nuenez CDen artean Gaztea The singles izan zen salduenetarikoa. Normala. Euskal Herrian azkenaldian atera den Cd-rik komertzialena izan da. Izugarrizko lata eman digute telebistan Amaia Montero eta Mikel Erentxunen duetoarekin. Baina dirudienez emaitza bikaina izan du. Azkenean, hainbeste errepikatuta jendea konbentzitu edo nazkatu egin du, baina erosia izan da.
Euskal kulturak hauspoa eraberritu behar izaten du urtero Durangon. Indarberrituta ateratzen gara guztiok, editore eta erosle, idazle eta irakurle. Behar dugu euskal kultura kontsumitzearen arra piztea, zoritxarrez. Uste dut, maila ikaragarria dugula euskal autoreen artean, idazle, musikari... artean. Labetik atera berri urtero ehunen bat eskaintza izaten ditugu eta asko nota altudunak. Niri behintzat asko gustatzen zait bertako literatura.
Erosi, erosten dugu baina beldurra dut ez ote den gure bena kontsumistaren sintoma bat. Gero irakurri, entzun, kantatu, errezitatu egin behar dira artelan hauek. Aireratu, zabaldu, hedatu. Etxean hautsa hartzen utzitako liburuetan galduko diren istorioak zain daude aurkitzeko, sentiarazteko, irakurtzeko. Urtean zehar denbora nahiko eta sobera dugu istorio hauekin disfrutatzeko.
Beraz, ederki dago eta ederra da euskal kulturaren zuku kontzentratua. Beharrezkoa gure osasunerako eta herriaren osasunerako. Behingoagatik, kontsumitu dezagun euskal kultura soka eten ez dadin.
Iruzkinak
magabila 2007-12-21 23:17 #1
Baina hori da asuntoa Manex, ea zein den irakurriena. Kontsumitu, badirudi euskaldunok kontsumitzen dugula. Baina irakurri...?<br>
Utzi iruzkina: