Showtime!!

No profile photo Bidartekoan | 2008-08-10 12:57


Showtime!!!
Iragarri zuen,
alaori alai batez,
ahots kilikagarri
kupidagabe hark.

Ai baina!
gaztea nintzen,
ta gaztea konturatzen den arren
besteen ximeltzeaz
ez da konturatzen
aukera bakoitzak
hartzen duen lekuaz
eta edan egiten duela
norbere ximeltzearen
harnasa.

Ai baina!
"Shortime" entzun
Domeka goizero
Washingtoneko
Fordham lane hartako eguzki begitan
ta poztu gainera
ahots haren berba garratzaz
antzeslan bakar bat bera ere
zutunik uzten ez zuena
ta neuk aldiz
antzokira korrika beharrean
Obidioren istripuzko igurzketa baten zorian
etorkizunaren aldeko
irakurketetan eginez
oraina galdu ei nuen
oraina zelan dastatu ahaztu
semantikari eutsita
ea zeozer ulertzera ailegatuko nintzenentz
(ni oler, asma bai)

Ai baina!
gaztea nintzen
eta etorkizunaren marrak
ez zuen amaierarik
Hodei ertzean galdu zait
eta harekin batean
gaztetasunaren bihotza
eta Obidiok ez zidan
nire Fordham Laneko apartamendu eguzkitsuan
igurzketa zorirako
isuririk eskaini.

Etorkizuna (antza)
hementxe da
daborduko
eta bakarrik lotzen zait
belarrien oroimenean
showtime iragartzen zuen
ahotsak bonbardaturiko
kritika zorrotz alaia

Ekiten diogu
bertutea delakoan
eta ekinean badoa aldia
inoiz geldirik ez dagoena
Loremendian
eta ohoreagatik zin egitera
behartuta gaudenok
ez daukagu zerurik esperoan
kardantzilozalearen zain egoteko

Badoa aldia ekinetan
eta bizitza
eta ez gara showak ikustera joan
show horietan besteen bizitzen igaroa
ikustera joan
eta ez nien begiratu
eta horigatik
utzi ninduzun
ez nintzelako besteen istorien egarri
orduan orduz ez nituelako
ondinogarren behar
jakin ezean
zelan bete beharko nuen neure bizitza hau
zuk orduan bezala
besteen istoriez
zeren beharbada
show horietako batek
erakutsiko zizun, zidan
bizitzen
edo Obidioren igurzketaren bat
edo behintzat
pentsatuko genukeen
aldiarekin goazela

"Showtime"
bizibakoaren
nostaljia


Utzi iruzkina: