Sarrera: Lost Hawk eta Bidartea
"Lost Hawk" naiz
Behin Virginia Wolf-i affable hawk batek emakumeak idazle gaiari buruz
erantzun-edo zion, 'flagrant bigotry' erakutsiz...
Nire
prosopopeus/xaraktere hau ez doa hortik, inondik ere... ni ez nintzen bat ere hawk, afable nintzenean...
orain ez naiz bat ere afable eta hegaz nabil noraezean eta, batez ere, nora
gabean. Beraz...
Galdu da Zapelaitza.
- Bere buruaz oso
kontu gutxi eginik, galdu egin da; etxeko mendi-haranetan ez zebilen
eroso, edo ez zebiltzan berarekin eroso.
- Ahaztu egin zitzaion ehizan, horregatik bota zuten bere egin bako lurraldeetatik.
-
Eta landetaratua izan delarik, gogora etorri zaio baietz, ehizean
behar duela ihardun... oraindik edo bitartean.
Baina, ez du
bere buruaz konturik egin, eta nora gabe hasi da zirkuluka, manda
batetik bestera; aldia ez da inoiz geldi eta, heldu zen basamortura,
ia hareatik ezin atera, beroa eta beroa, eta salto egiteko gogoa, eta
oihartzunak, iraganetik zetozkion gatz giza-aintzura bihurtzeko lamien
kantuetan.
Orain zeharkatua du basamortu beroa, eta Manu
Xahok irakatsitako banquiseetan barrena sartu da, gure bihotzetako
plaza gorritik asago. Dena da zuri, eta hotz; batzuetan iruditzen
zaion arren izpiren batek loratu duela zeozer, ez da
halakorik.
Sapelaitzak erabakiko du, segurutik, urte biz
jardutea horrela, apur bat luzaroagoan, ea ortzemugaren ederrak
ordaintzen dion bidaia. Alabaina, ez badu lurreko gatzik aurkitzen,
hartuko du loaren bidea, ez da-eta beti zertan
jarraitu.
"Bidartekoan" dakar blogak izenburu
...ez nabil baina zuzen, segurutik, bidartea bide osoa baita, eta ez tartea; askojakinek hala dioskue behintzat: esaten dute bidea baino ez dela dena, hemen helmugarik ez dagoela, eta asko dakitenez ba ziurrenik arrazoia izango dute.
Niri nora galdu zitzaidan, nora-n bertan bizi izan naiz beti, ez dakit “hemen honetan” bizitzen, ez dut beste erremediorik, berriz. Behar izan dut harako hango puntuari begiratu, beti tenka, gurdiari, aldapa bukatuko zelakoan, aldaparen gainera ailegatzea helburu bihurturik, baina...
... baina halako batean, ja ez zen inportantea aldaparen gainera ailegatzea, itzainak edo belar zamatuak (ez naiz oroit) halan esan zidan, bertan behera uzteko, gurdia apurturik zela, konpontzeak ere ez zuela merezi. Kendu zidaten uztarri gozatsua, askatu ninduten landetan, begiratu nien belar lodiaz bete egindako hegiei, eta hala esan zidaten, hara zein goxo, joan hadi, eta jan egik nahi duan beste... eta nik ez jakin belarra eta ur gardena gogoko izan nitzakeenik ere... jan behar omen nuen, carpe diem egin behar omen zen, aske ibili behar omen zen larretatik, orgabideari utzita... eta gogoratu nuen carpe diem kantari horietako bat; Garzia Lasso alegia, harrikada batez hil zela Italiako hiri bati setio batean... “en tanto que de rosa y azucena” zioena nerabezaroan hil zen, eta nerabearen gomendioari jarraitu behar omen nion neuk ere antza, orain, gaur, daborduko, nire masailetan lorerik bat ere inoiz egon ote den konturatu barik nengoen honek.
Baina nerabeek eta, batez ere, poeta baldin badira, asko omen dakite tempus fugit horretaz... niri bidartea egin zait, oso ondo ez nekiela zer zen denbora. Orain ez dut uztarririk, eta bideari utzi diot.
Beste poeta batek, baina, holako paisaia eman zigun:
bidaiaria nekatu egin da, dena dago elurreztaturik, bidearen albo banatan basoa, baso ixila, basoaren ixila, itzela eta itzal. Bidaiariak gelditu du zaldia, bidean, egin du sarbidea basoan, apur bat, eta geratu da basoari begira; zein ondo, zein deskantsagarri, edurra, zuria, ixiltasuna... Berak ere ez daki zenbat denbora egon den basoari begira, basoaren dei ozenik gabea entzuten, bihotzaren taupadaka geldotzen, begiak ixtekotan...
Baina bere lagunak -zaldiak-, eragin dio buruari, eta zarata xume horrek apurtu du basoaren lilura... "tamalez"... pentsatu du poetak. Poeta hau ez da nerabea, ez du ustezko carpe diem zeruraino bezain faltsu goratzen, poeta honek diosku ekin diola ostabe bideari, begiratu duela bidearen luzeari, eta bere arterako, nagiz beterik, esan duela... and yet, so long the way to go
Beraz, nire esperantsa da inoiz eutsiko diodala ostera ere bideren bati, bazterrean utziko dudala belar lodia jan beharraren madarikazioari, edo hori, edo baso itzel eta itzal hartan hartuko dut nire bihotz ez nerabeak eskatzen didan deskantsua...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: