Gorua gerrian eta gogoa jolasean
Soloan nagonean
Eguzki berotan
Nire pentsamendua
Lekurik askotan
Pediatrarenean gaude,
Ezagutzen dut nire kidea
Nekatuta dago, badakit nik,
Eta ikaratuta,
Ondo ezagutzen baitut nik nire kidea.
Pediatrak halan diotso,
"cuando le des pecho…"
ikusi dut kartela pediatraren buruaren gainetik:
EL PECHO NO TIENE HORARIO
eta hasi naiz gizonezkoen hantustearekin:
"zertan daude ba sindikatukoek langileen kolektibo honetaz arduratu barik"
"No! Los pañales se los cambio yo!" diotsot pediatrari
begiratu dit pediatrak, sumatu ere ez zuen egin
nire presentzia,
ordura arte,
behin begiratu
eta ostera ere nire kideari,
aurrerantzean ez nau begiratuko,
ez gehiago,
nik zakila baitaukat, eta ez titirik,
biberoiak ez du balio,
ama txarra izan nahi ez baduzu behintzat,
aita txarra ezin izan gurean,
zakildun eta biberoidunik ez baita ezagutzen gurean,
igual larrialdietan,
—"langabezian egongo da segurutik" andre batek besteari ahopeka—
edota brodatu gabeko izarekin, agian,
edota urdina eta arrosa ez leudekeenetan, agian,
edota literaturan igual.
Nekatuta dago nire kidea,
eta ikaratuta,
eta triste, batez ere triste,
bere bihotzean segurutik hauexek dira entzungo dituen ahotsak:
"motorra saldu eta kotxea erosi egin beharko duzu orain ba"
Ez dakit zer egin,
Nik zakila daukat,
Eta painalak aldatuko dizkiot umeari.
Nire kidearen patrikeratik dandarrez paper bat ikusi dut,
Ez dut nire kidea ezagutzen,
Nik umea nahi nuen,
Berak agian ez…, hainbeste…, agian…
Eta ezkutuka ostu diot papera patrikeratik,
Ostu-ostuka nabil irakurtzen komunean,
Orain komunean egoten naiz luze,
Berrogeialdian,
Nire kidea triste dago
Begiak handi-handi,
Mangatuta dago eta
Ikaratuta
ingurukoen pozerako
Ez dakit zer den nire kidea izatea
Eta mangatuta dago eta triste
Zinea gustatzen baitzaio
Eta paperean dio:
"Umea egin baino lehenago,
bederatzi hilabetez nagoela,
azken saio gisa,
Jeanette Wintersonen "The poetics of Sex"etik
aterariko berridazketa,
Dotrina bateko galderak bezala
Bertsotan emana:
"Ene alabea, zergatik oheratzen zara ba emakumeekin?
Picasso nire maitalea da, Picasso garai urdinean,
Lehen, maitalea garai gorrian zen,
Mutx-gorrian
Erdiz erdi ezpainak musuka.
Zezen-maitaleak zezen-toreadore bilakatu du
Zirkuluan,
Jantziak gustatzen zaizkit
Eta zetazko mediak eta ligeroak
Toreadoreak zezena zartatu duenean, dudanean,
Toreadoreari irten dio odolak,
Zezenari ez,
Neskalagunak zidan ezpata emana,
Eta hala ere erabiltzaileak bere burua odoletan jarri
Eta maitalea, alboan, etzanda adar baten gisan
Ligeroa eta mediak soinean txukun-txukun
Eta ni berriz arnas bakoitzean.
"Beste galdera bat neskok:
Zuetako nork egiten du gizonarena?
Picassoren zainak
Arrainak zuzgoran eta arrainak zuzbeheran dira
Harekin oheratu nintzen lehen aldian
ezin ikusi marmorezko zutabelako hanken artetik
Azula bere zainetatik zuzbeheran
Aiztoaz jo eta kolorez aldatuko da,
hilero aldatuko du kolorea,
Ezagutuko dut logelaranzkoan uzten dituen aintzirengatik
Arnasa azula du,
aire hotzean;
Atzamarragaz mirakuluak egingo ditu
Beheko eskualdeetan,
bere agintea holan hedatuz.
Azulez janzten da,
Madonnatzat har dezaten
Santua dela ohar daitezen
Beraz, belaunikatzea otu zait
eta handik dakusadana ondo dago,
Beraz, santugarria izan behar du
ukitu gabeko hainbeste osinetako urak dastatzeak.
Baina ezin diot gaina hartu bera kopiatuz,
Ez baita farfaila, ez bainaiz sarea,
Ez bainaiz dardoa, ez baita diana.
Behinola,
itsaso aldean jolasean geundela
Kendu nituen alkandorako botoiak,
begira ziezazkidan bularrak, nahi izanez gero;
"lotu ostabe, ez naiz-eta santua" dinost, eta egia da,
ez da santua, baina gure oinak neurri berekoak dira
harean ezin esan norenak diren lorratzak,
harenak, nireak.
"Eta, zer egin ohi dute lesbianek ohean ba?
Bruzak eta pintzelak garbitzeko baino
Ez dute izarek eta misarropek balio
Izaren azpian Montparnassera gabiltza,
Bapiruka.
Hau da, Picassok pintatu gura nau,
Baina, horren ordez, sexuan dihardugu.
Arte Ederretako fakultatean ezagutu genuen elkar
Karrajo argitsu batean, eguzki begitan bera,
Eguzki berotan,
Hain azkar etorri zinen nigana,
desegin zela olioa eta koipea urtu zure oinazpietan;
Astiro-astiro neska! Neuk ere erabil zaitzaket-eta mototsetik hartuta!
Nire hankarteko espazioa betetzen duena
ez baita zure mihi artistikoa,
Izaren azpian
eraikitzen dugun ortzia baino;
Igluaren barruan, dena zuria,
zuriz eta zuriz eta zuriz,
Nor zegoen noren gainean
segun eta nondik begiratzen duzun.
Apurtuko dut haren izotza,
Eta eskatuko diot arraina,
Arrantzu ederra negua izan arren,
Suetagaina amataturik
eta errenta ordaintzeke baina,
Hala ere, arrain bana esku bakoitzean,
eta beste bat ahoan
Maitasuna ez da olioa, eta ni ez naiz motorra
Maitasuna zeu zara eta hementxe naukazu
Oraintxe.
"Zergatik gorrotatzen dituzu gizonak?
Sapphok pitzatuko ditu historia liburuak
Suzko mihiez
Eta Poesiak igarriko du erekzioa
Bai, noski, emakumeok ere erekzioak dauzkagu;
Hitz dardaratia, badator eta badator printzea
Dorretik erreskatatzera, eta zu zain,
Begira egoteaz aspertuta.
Igoko zaitut eta erakutsiko dizut
zelan tamaina ez den kontua
Batez ere zentimetrotan kontatua.
Heroia izatea gustatzen zait niri,
Eta irlara bueltatzea,
Neskez betetakora,
Lesbosen ateak beti baititugu zabalik,
eta besoak, eta ezpain guztiak.
Baina neska gaixoak,
Zuen irletan,
Hitzen kanpoaldean
atrapatuta,
hitzak eurak esangurari loturik dauden bezalaxe,
Gorde barruan, diotsute
Itxi leihoak eta hankak pezeta bategaz,
Ez egin ezezagunekin berbarik,
Ez arriskatu eta ez saiatu
Hitzokin guztiokin gizona andrazkoari zuzendu zaio
Ez beste gizonezko bati,
Kontinentea gizonezkoen Txoko pribatua baita."
Papera
Apurtuta zegoen,
Kasu hauetan gertatu ohi den bezala,
Finitu barik,
Gogoratzen dut nik ondo,
Orain lanetik nator,
Nire irlara,
berandu,
Ez nator korrika batean,
Nire irlara,
Oso nekatuta baino,
Ez dut zinera joan nahi,
Kontinentera,
Ez dizkiot painalak aldatzen gure umetxoari,
beranduegi da beti
Heldu naizenean, umea bainua hartuta dago,
Bihar ere ez dut ikusiko,
holan lasaiago,
Zapatuetan umearekin egon nahi dut,
Nire irlan,
etxeko liburutegian murgiltzen ez naizenean, behintzat.
Eta ez dut zinera joan nahi
Ez dut etxetik irten nahi
Nire kideak bai
Eta etxera sartzerakoan
Entzun diot nire kideari lo kanta bat ezpainetan,
Nekatuta nago, mangatuta,
Eta ez dakit zer den nire kidea izatea,
Eta, uste dut,
Zakila zein gabe,
Ez naizela Picasso
Ez eguzki begitan,
ez igluaren barruan.
Libreak libre dira
Gu biok gatibu
Librerik hobe dela
Guztiok dakigu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: