Lurzorua, ahazturiko balibide naturala
Baliabide naturalak, naturak eskaintzen dituen lehengai eta produkzio-bideak dira . Nik definizio honi giza jarduera garatzeko lehengai eta produkzio-bideak gehituko nioke, gehienetan baliabide naturalak gizakiak ustiatzen baititu.
Blog honetako aurreko sarreran (eta bakarrean tamalez!) baliabide naturaletako bat aipatu zen, URA hain zuzen ere. Baliabide honen garrantzia eta bere kudeaketa jasangarria egunez egun nabarmenagoa da. Baina zergatik?
Giza jardueraren garapenean itzelezko papera betetzen duelako. Gizakiak ura edaten du bere gorputza martxan mantentzeko, ura behar du bere elikagaiak sukaldatzeko, ura erabiltzen du bere ingurua garbi mantentzeko eta industria asko ta askoren lehengairik garrantzitsuena da URA.
Gainera, azken urteotan, nahiz eta ezin ziurtatu dezakegun aldaketa klimatikoaren eragina denik, prezipitazioen patroiak aldatzen ari dira. Hau guztia kontuan hartuta, gobernu organo ezberdinek kontzientziazio kanpaina ederrak garatu dituzte uraren erabilera jasangarria bultzatu nahian.
Baina URA ez da balibide natural bakarra eta ezta ere garrantzitsuena. Urarekin lotura zuzena duen beste balibide naturala LURZORUA da.
Lurzorua, leku jakin bateko baldintza klimatikoez gain, osagai mineralen eta organikoen elkarrekintzaz sortzen den geruza da, lurraren gainazalaren zatirik handiena estaltzen duen geruza.
Osagai minerala arroka amatik dator eta bere alterazioak finkatuko du lurzoruak izango duen hare, lohi eta buztin kopurua. Lurzoruko materia organikoa, berriz, usteltze-maila ezberdinetan dauden landare, animalia edota mikroorganismoen hondakinak dira.
Lurzoruak oro har, ezaugarri ezberdinak dituzten horizonteetan banatzen dira.
A horizontea: gainazaleko geruza da, non materia organikoaren kantitatea nabarmen handiago den, sustrai ugari eta bizidunen jarduera handia izatearren.
B horizontea: erdiko geruza izan ohi da, A horizontetik lixibiatutako materialak eta arroka amatik meteorizatutako zatiak metatzen dira bertan.
C horizontea: eraldatu gabeko arroka ama.
Hurrengoan, lurzoruek giza jardueran duten eraginaz gain, beste hainbat gauza era xume batean azaltzen ahaleginduko naiz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: