Interneten eragina ikus-entzunezkoetan

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2010-10-08 18:54

Kaixo guztioi. Internetek eragindako iraultzari buruzko bideoa ikusiz ekin diogu gaurko eskolari; media convergence bideoa bistaratu dugu hurrena, eta, lehen ordua amaitzeko, Internetek TBaren kontsumoan eragindako aldaketez diharduen beste klip bat izan dugu azkenik. Hiru bideoak Mudle plataforman dituzue ikusgai, Interneten eragina ikus-entzunezkoetan blokean. Izen bereko karpetan, berriz, hiru input gehiago (material idatzi osagarria), gaian sakondu gura duenarentzat.

Solasaldia izan dugu hurrena, ordu arte ikusitakoari buruz. Hona, sintetizaturik, bertan atera diren ideiak:

  1. All at once-aren garaian bizi gara (oroit one content, all media leloaz): bideoa, audioa, testua, animazioa... eta hipertestua, bistan denez.
  2. Hori guztia, gainera... can be taken anywhere, zioen ikusitako bideoetako batek, puntuan Internet geure izatearen parte bihurtu dela eta always conected gaudela gogoraraziz: hots, sarea eta azken gailu teknologikoak (PDA, mp3a, sakelakoak, iPodak...) direla bide, etxea eta taberna ez direla dagoeneko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko leku bakarrak.
  3. Asteleheneko bideoko beste ideia bat: people with different interests exposing their ideas plaza globalean. Amaitu da mass media zentralizatuen garaia, amaitu dira norabide bakarreko mezuak: feed-back-aren, parte-hartzearen kultura ekarri du sareak; norabide askotatik datoz eta doaz (joan-etorrian) mezuak, information through sharing-aren aroan bizi gara, ezagutza-jario multifokalaren aroan (gomutan duzue prosumer-aren figura?).
  4. Laster telebistak eta ordenagailu pantailak bat egingo dute. Bitartean, geroz eta jende gehiagok sarera jotzen du ikus-entzunezkoak kontsumitzera. Horrek, besteak beste, nork bere neurrirako autoprogramazioa eraikitzea ahalbidetzen du.
  5. Telebistak biltegi handiaren tankera hartuko du ordenagailu pantailarekin bat eginikoan (orduan gailenduko da erabat autoprogramazioa). Zuzeneko saioak asko murriztuko direla diote aditu batzuek (kirol emankizunak eta albistegiak izango ei dira zuzeneko emanaldietan nagusi).
  6. Errealitate mediatiko berria esperientzia pertsonal propioak markatuko du: norberak sarean eginiko nabigatze-saio partikularra, norberak aukeraturiko saioak, norberak bidalitako mezuak eta jasotako erantzunak...
  7. Ingurumaria konplexu horretan, atomizazioa da nagusi: hedabideena, audientziena, iragarkiena... Ezin ahantzi, era berean, arautu gabeko esparru berriak ari direla sortzen eta horien kontrola bermatzeko borroka latzak izango direla (bai egile-eskubideei dagokienez, bai emisio-baimenei eta beste hainbat arlori gagozkiola).
Bigarren orduan talde-lanak zentratzen eta iturri baliagarriak identifikatzen eman dugu denbora. Feed-backik jaso ez duzuen taldeok, saia datorren asterako eskema garatuta ekartzen (idem gaur kontua berde antzean ekarri duzuenok). Eta, datorren astea aipatu dugunez, pare bat kontu horri lotuta:
- Gogoratu Gailentzen ari diren teknologiak + eragile nagusiak blokean dagoen materiala ostegunerako irakurtzeaz (Iban Arantzabal eta Leire GoƱiren artikuluak + karpetan dauden telefonia etxeei buruzko hiru idazkiak).
- Gogoratu, era berean, datorren astetik aurrera klasea N.3.6 gelan jasoko duzuela.

Besterik ez. Gozatu asteburu luuuze hau


Utzi iruzkina: