Gaur egun HARTU ARTE taldea dena, 1994 urtearen bukaeran eta 1995 urtearen hasiera inguruan sortu zen Legazpin. Lehen abestia (ROA kanta mitikoa) ikastetxean egin genuen 1993 urtearen amaieran eta Joseba Txinaski zen lapikoei astintzen bateriarena egiten zuena.
Talde bezala IRAULTZA izenarekin hasi ginen, Aitor bateria jolearen garajean, JO TA AKATU taldeko abeslari Whiskyren bateria txiki batekin, behingoz lapikoak alde batera utzita . Garajean entsaiatzen hasi giñen baina ez genuen hilabete bat baino askoz gehiago iraun. Asko maite gintuen bizilagunen batek munipei salatu gintuen eta oraindik ez dugu lortu zergatik izan ote zen asmatzea, Je!! Je!! Je!! Arraroa ezta????
¡A silvar a la via! esan ziguten eta guk hala egin genuen. Aki No Kabe NI Dios taldekoek beraiek Motxorroko lokaletan zuten 1X3ko lokala eta anplifikadoreak konpartitzeko aukera eskaini ziguten eta hantxe hasi ginen entsaiatzen. Zarata lasai atera genezakeen baina ia ez ginen lokalean sartzen; behin baino gehiagotan Unaiek pasilloan abestu behar izaten zuen. Aki No Kabe Ni Dios-ekoek zuten gutxia gurekin konpartitu zuten.
Horrela hasi ginen eta bi hilabeteren buruan, Legazpiko jaietan lehenengo kontzertua jotzeko aukera aurkeztu zitzaigun VALLE DEL DOM, RAMA DE KE, IPAR RAP EROAK eta ANTISEPSIA taldeekin batera. Imajina ezazue nola karajo atera zen hura. Gazteegiak ginen, helduenak 16 urte besterik ez zituen eta nerbioak airean genituen. Kontzertu honetan, IRAULTZA izena genuen oraindik ere.
Gauza aurrera zihoan, eta laster sortu zen HARTU ARTE eta EXPANSION taldeen arteko maitasun platonikoa (Jua! Jua! Jua!). Gure historian zehar egin ditugun kontzertu eta farra gehienak beraiekin egin ditugu. Ke pasa GÜITOL!!!
1997. urtean, MOTX diskoa kaleratu zen Motxorroko lokaletan eta bertan entsaiatzen genuen talde guztiek abesti bat sartu genuen. HARTU ARTEk Gaztetxea izeneko abestia grabatu zuen. Disko hau Arrasateko Shot! estudioan grabatu zen, eta Durangoko azokan aurkeztu genuen zuzenean.
Taldeko kide guztiak “ikasleak” ginenez, anplifikadoreak eta instrumentuak erosteko familia eta lagunei “impuesto reboluzionarioa” eskatu genien eta horretarako rifa mordoa atera genituen. Bitartean, EXPANSION taldeko lagunen materialarekin jardun ginen. Kontzertuetara joateko anai eta lagun helduagoen laguntza ezinbestekoa izan zitzaigun. Izan ere, guk ez baikenuen gidabaimenik.
Kontzertuak Legazpiko kale guztietan jo ditugula uste dugu eta Koma, MCD, Los Muertos De Cristo, Kalean, Vantroi, Germenes, Disidencia, Sublevados, Descontrol, Bort, Amen eta abar bezalako taldeekin jotzeko aukera izan dugu; hauetariko batzuk Legazpiko gaztetxean. Olazti, Altsasu, Ziordia, Soraluze, Iturralde, eta beste gaztetxe askok ere jotzeko eta farra onak egiteko aukera eskaini digute. Olaztin esaterako 4 alditan jo dugu. Kontzertu guztiak KONTZERTUAK atalean ikus ditzakezue.
2002. urtean taldean aldaketa bat eman zen. Gitarra jotzen duen Ikerrek, taldea utzi eta EXPANSION taldeko Endikak hartu zuen bere lekua. Oraindik ere, Ikerrek taldeari lotuta jarraitzen du eta zuzenekoetan laguntzatxoren bat, edo bertso saioren bat etab... eskaintzen digu. Disko berri honetan ere Marihuana abestia berak abesten du. Azken urte hauetan, EXPANSIONekin ez ezik, MALA HIERBA Legazpiar talde gaztearekin ere hainbat alditan jo dugu zuzenean.
Horrelaxe heldu gara 2005. urte honetara. 10 urte motz hauetan jarraitu eta animatu gaituzten denei eskerrik beroenak, zuek gabe HARTU ARTE ez baitzen ezer izango ( Ostia! hasi gaituk Bisbal bezela hi! ). Eskerrak Aznarri, gure letrak ez zigortzeagatik, eskerrak poltsa jarri dutenei, gasolina jarri dutenei, gure familiei, gure neskalagunei, koadrilei, garagardoa jarri dutenei, web hau egiten ari direnei, Motxorrisimoko kide guztiei, era guztietako errepresio taldeei ( kontzertuetatik bueltan ez baitugu inoiz kontrolik jasan, eskerrak bestela...),lankideei kontzertuak jo ahal izateko erreleboak aldatzeagatik, lokaletako xaguei, gusanito eta guk utzitako jan eta edari guztiekin handi ez egiteagatik eta ahhh!!, baita lokaletan sartu eta txikizioak egin zituen edo zituzten putasemeei instrumenturik ez lapurtzeagatik ere , nahiz eta azken hauek aipatzerik ere merezi ez duten.
Abestiei dagokienez, mundu puta honetan gertatzen diren kontuak darabilzkigu airean, Euskal Herriaren eta beste lurralde batzuen gain dagoen zapalkuntza, naturaren suntsipena negozioa egiteko eta gizakion handinahiak asetzeko, etab... Maitasunarentzat ere badugu txokotxo bat gordeta, baita farrarako beste bat ere, drogen legalizaziorako... Abesti batzuen letrak, nahiz eta orain dela 10, 8 edo 5 urte idatzitakoak izan, gauzak berdin mantentzen dira. Izan ere, mundu hau gobernatzen dutenen inkonpetentzia eta jendearen sumisotasuna demostratzen baitute arlo guztietan.
Badirudi, jendeak mundua gobernatzen dutenei jarraitu behar diela, gobernatzen dutenek jendearen nahiei baino, eta, sinistu iezaguzue, jendea (batzuk), goiko pertsonai hauek baino 40 bat urte aurrerago doaz.
Musikari dagokionez, kaña pixka bat duen rocka egiten saiatzen gara eta abesti batzuetan reagge edota heavy puntu batzuk ere nabaritzen dira. Baina, hoberena disko berria entzutea duzue; gustukoa izanez gero ondo, eta bestela baita ere.