Bat batean dira urrun
Euskal Herriak bai izango ditugula ematen du. Ipar Euskal Herrian izen horretako hauteskunde-koalizioa egongo da, abertzaleen zerbitzura. Mendebaldean ere, horrela egiteko proposamena dago: Egibarrek egin zuen atzo. Abertzaleen zerbitzura hori ere. Biak ere 'Euskal Herria bai' izango lirateke. Biek Nafarroa Bai dute ispilu eta aitzindari. Monzonek eskatzen zuen Maltzaga dela esango dute batzuek, beste iruzur bat baino ez dela esango dute besteek.
Ipar Euskal Herrikoan Abertzaleen Batasuna da alderdi nagusia, eta haien ondora bildu dira Eusko Alkartasuna eta Batasuna. Han ez dago gatazka armaturik eta badirudi errazagoa dela abertzaleen arteko adostasunetara heltzea, nahiz eta jeltzaleek biolentziaren aurkako jarrera eskatu zuten eta, lortu ez zutenez, Iparraldeko 'Euskal Herria bai' horretatik atera egin ziren. (Erakutsiz ez diotela garrantzi handirik ematen Ipar Euskal Herriko abertzaleen arteko batasunari, ezta haien jardun autonomoari: Nafarroako abertzaleek baskongadoekin egin ohi duten bezala, Iparraldekoek ere samintasunez ikusi izan dute Hegoaldekoen prepotentzia interbentzionista historikoa. Jeltzaleek, Ipar Euskal Herrian, interes partidistak aurretik jarri dituzte, koalizio abertzale 'erabatekoa' ezinezko bihurtuz.
Egibarrek 'Euskal Herria bai' proposatu du, eta Zabaletari ideia ona iruditu zaio, berehala iruditu ere. Nafarroa Baiko bozeramale delako hitz egin du Zabaletak, baina inplikazioak haratago doaz: Aralar entzun da, Nafarroa Bai esan den tokian. Nor gehiago bil liteke horrelako koaliziora? Ezker Batua ez: abertzaleekin batera joatea ezinezkoa izango zaie. Eusko Alkartasuna, ziur: ideologikoki bere planteamendukin bat etortzeaz gainera, orain duten ordezkaritza (eta, maiatzeko emaitzak eskutan, arrisku bizian izango luketena, Gipuzkoan boto gutxien lortu zuen hauteskunde-aukera izan zen eta) ziurtatu eta handitu egingo lukete. Batasuna ez da egongo: Ipar Euskal Herrian jarri zuen baldintza berbera jarriko dute jeltzaleek Mendebaldean eta ez daude hori betetzeko prest. Aralarrek pozarren hartuko du proposamena: barne kohesiorako koalizio abertzalea Ezker Batuarekin egin zutena baino 'irensgarriagoa' da, bakarrik joatearen ataka zailetik libratuko ditu eta, errebotez, bestela lortzerik ez luketen ordezkaritza lortuko dute, nola edo hala (koalizio ezberdinen bitartez txikiek ere ordezkaritza-maila handia lor dezaketela erakutsiz). Baina jeltzaleek? Argi dago Egibarren sektoreak oso pozik hartuko duela buruzagiak eginiko proposamena. Baina besteek? Zer dute irabazteko? Mendebaldean hemezortzi parlamentari aukeratuko dira datorren martxoan, orain lau urte baino bat gutxiago, Bizkaia bederatzitik zortzira igaro delako. Araban lau aukeratzen dira: bat PSOErentzat izango da, beste bat PPrentzat eta hirugarren bat EAJrentzat. Laugarrena jokoan, seguruena koalizioarentzat. Baina Bizkaian eta Gipuzkoan oso nekeza da emaitzak hobetzea: Bizkaian, jeltzaleek, bakarrik joanik, lau dituztelako (eta 2004an zortzi banatu izan balira, eta ez bederatzi, lau izango zituztelako: azkena PSEk lortu zuen, eta PSE igaroko litzateke hirutik bira); Gipuzkoan, ezinezkoa delako EAJ eta EAk dituzten hiru parlamentariak handitzea: laugarrena lortzeko 200.000 boto lortu beharko lituzke koalizioak, eta, gainera, Batasuna legezkoa ez izatea. Beraz, zer irabazten dute jeltzaleen sektore ez egibarristek? Koalizioan joatea beste alderdiei karguak ematea da eta, beraz, norberak kargu gutxiago izatea. (Nahiz eta ez den Nafarroa Baikoa izango, zeinean Aralarrek, alderdi handiena izanik, ez duen parlamentaririk lortzen, ezta lortzeko aukerarik ere: zerrendako lehenak independenteak dira. Ez dut uste jeltzaleek formula hori erabili nahiko dutenik).
Senaturako emaitzak kargu bihurtuko lirateke: bederatzi senatari izango lituzkete koaliziokoek, elkarrekin joanez gero, baina senatua bigarren mailakoa da politikagintzan.
Eta Eusko Abertzale Ekintza? Ilegalizatuko ote du gobernuak, jakinik horrela Ibarretxeren bloke abertzalea bultzatzen duela? Zeren EAJrentzat koalizio horren aktibo bakarra politikoa litzateke, ez karguetakoa: planteamendu soberanistak irabaztea autonomia erkidegoko hiru herrialdeetan, Ibarretxeren bide soberanistari bultzada emanez.
Nire uste apalean horrek egiten du koalizio-proposamena erakargarri: egiten duenak karguak irabazteko aurreikuspenik ez izatea. Ideologia izatea atzean dagoena. Azkenean, Ibarretxe benetan ari dela sinetsi beharko ote dugu?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: