ZAKU BEREAN Andoni Egaña

laube 1456150861201 LAUBE | 2008-04-21 00:00

2008-02-20 Andoni Egaña Aita Zabalarekin kantari

"ZAKU BEREAN"

Doinua: Habanera
Egilea: Andoni Egaña (2008-2-20)

 

1.- Orain bost urte iritsi
ziren etxeko atera
txamarra zaku, gizon bat
Patroleraino atera.
Argazkitan azaldu zen
txamarra burutik behera
begiratua oinetan,
bideko har-legarrera.
Zer ote zeukan aurrean?
Zer uzten zuen atzera?
Nork egin zuen oihua:
“EGUNKARIA aurrera!”?
zihoana zihoala
ez zihoan soilik bera
mordoska bat gindoazen
zakupe hartan batera.

2.- Ziega batean sarturik
zeinek babestu behar nau?
Berriro krisketa-hotsa
bizia, mingarria, rau!
“Todos son del mismo saco”
giza-lege eza arau…
“ez al duzu erantzun nahi?
zutitu, biluztu, barau!”.
Zaku bat burutik behera
zaku zaku zakua hau!
Dena zulo beltz bihurtuz
den-dena bilakatuz gau
oihu ta umilazio
txilio eta alarau
denbora asko joan da…
izu-ikarak hor dirau.

3.- Kaleratu zituzten bai,
denbora igaro ahala…
“Zaku berekoak dira”
hasi zen berriz fiskala.
“Zaku beretsuan daude”
Audientzia Nazionala…
Justizia irudiaren
begietako oihala
esan liteke zaku zahar
zirrikituduna zala
neurtzen zuen momentuko
aukera koiunturala
Justiziak koiunturaz
baldin baleki bezala…
horrexek erakusten du
hain Justizia ez dala.

4.- Zakua uler dezake
bakoitzak bere gisara
gure hau emana dugu
euskal nahiz herrigintzara.
Epaiketaren atetan
aurkitu gintezke iada…
izenak hamabi dira,
baina epaitu ilara.
Gu ere sar baikintezke
akusatuen pilara
ozen esango dizugu
epailea, entzun hara:
“Zaku hortan egotea
delitua baldin bada…
gu’re gaizkile gaituzu
zaku berekoak gara”.

 


Utzi iruzkina: