ILARDUIKO KANPORAKETA, Josu ederto eta Ander lehenenego!
Errioxak listoia altu samar jarri ostean Lautadan ere afari "elegantea" antolatu genuen, entsalada petsonalizatu, oilasko goxo, sorbete, kafe, pasta, ardo kolorezko paperezko serbileta fashion eta guzti. Sukaldari-bertsolari kuadrillak gogotik egin zuen lana eta herrikoen laguntza inestimablearekin dena atera zen deputurrudefua. Lekua handia zen bere txikitasunean, eta txapelketako lema, ez zen izan betetzen zaila. Bilboko kaleak bezala BETE zen Ilarduiko txokoa ere. Josu Campo izan zen lehena notak eta errimak uztartzen, lautadako bonboen ugalketari buruzko aipamen eta guzti. Azken urte eta erdian, bereziki egoskorra delako, emandako salto mortala erakutsi zien bertaratutako guztiei. Datorren asteburuan Jonpi eta Ikerren txanda izango da. Hona hemen Arabako Bertsozale Elkarteak asteburu hontan geratutakoei buruz bidalitako kronika.
OTAMENDI ETA SOLOZABAL GARAILE ASTEBURU HONETAKO BI KANPORAKETETAN
Asteburu honetan Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren eta hirugarren kanporaketak jokatu dira Oion eta Ilarduin. Kanporaketak aurrera doazen heinean finalerdiak osatzen ari dira, eta momentuz Oihane Perea, Asier Otamendi eta Ander Solozabalek lortu dute txartel zuzena, eta besteak datorren asteburuko azken bi kanporaketen zain gelditu beharko dira, puntuazioaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko.
Txapelketako bertso asteburua Oionen hasi zen ostiralean, Azkenak elkartean. Bertan hirurogei bat pertsona bildu ziren. Beti lez ondo afaldu ostean, eta giro goxoan, hasi ziren bertsolariak kantuan. Beñat Goitia gai-jartzaileak gidatutako saio honetan, gorabeherak alde batera utzita, Amaia Lasaga eta Maialen Saez de Okariz hasiberriek lan txukuna egin zuten bitartean, beteranoenek eta aramaioarrek beraien papera ere ongi bete zuten, eta azkenean horrela gelditu zen sailkapena: Asier Otamendi (160p.), Serapio Lopez (152,5p.), Andere Arriolabengoa (143,5p.), Iker Agirre (131,5p.), Amaia Lasaga (126,5p.), Maialen Saez de Okariz (112,5p.).
Larunbateko hirugarren kanporaketak ere Oiongo ezaugarri antzerakoak izan zituen, afari ederra, bertako eta ingurukoen berotasuna eta saio txukuna. Ilarduiko txokoa bete-bete egin zen Unai Gomezen aginduetara aritu ziren sei bertsolariez gozatzeko. Iñaki Tena eta Josu Campo bertsolari berriek ere etorkizun hurbil batean zeresana emango dutela argi utzi zuten, eta Ander Solozabalek txapelketa honetan, gaztea izan arren, gogor dagoela erakutsi zuen lehen postua eskuratuz. Kontuak kontu horrela izan zen azken epaia: Ander Solozabal (151,5p.), Juan Mari Juaristi (146,5p.), Ruben Sanchez (144,5p.), Unai Mendibil (141p.), Josu Campo (130,5p.), Iñaki Tena (102p.).
Gauzak horrela, datorren larunbatean osatuta geldituko dira martxoak 13, 19 eta 20 finalerdiak. Lehenengo aldiz hiru finalerdi izanda, aurten inoiz baino zailagoa izango da apirilak 2ko finalean kantatzea.
Hona hemen orain arteko sailkapena
FINALERDIETARA ZUZENEAN SAILKATUAK
-
Asier Otamendi Alkorta: 160 (Oionen lehengo)
-
Oihane Perea Pz de Mendiola 158 (Laudion lehenengo)
- Ander Solozabal: 151.5 (Ilarduin lehenengo)
PUNTUAZIOAREN ARABERAKo SAILKAPENA (13 lagun)
-
Serapio Lopez: 152.5
-
Juan Mari Juaristi: 146.5
-
Ruben Sánchez: 144.5
-
Andere Arriolabengoa: 143.5
-
Xabi Igoa: 142.5
-
Unai Mendibil: 141
-
Rikardo Gonzalez de Durana: 139
-
Alberto Martinez "Beitto": 134
-
Ainhoa Comas: 132
-
Iker Agirre: 131.5
-
Josu Kanpo: 130.5
-
Amaia Lasaga: 126.5
-
Bingen Sainz: 113.5
-
Maialen Sz. de Okariz: 112.5
-
Iñaki Tena: 102
Iruzkinak
Utzi iruzkina: