Finaleko botila beteta

laube 1456150861201 LAUBE | 2011-03-20 22:56

Manex Agirre, Asier Otamendi, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta Ander Solozabal pasatu dira finalera

 

Hustu da finala freskatzeko hamazortzi bertsolarik izandako aukera. Asteburuan jokatu ziren Aramaio eta Agurainen Arabako bertsolari txapelketako azken finalerdiak. Aramaion, Asier Otamendik irabazi zuen, eta Agurainen, Zigor Enbeitak. Zigoitian irabazle izan zen Manex Agirrerekin batera, hortaz, zuzenean sailkatu dira hiru bertsolariak apirilaren 2an Gasteizko printzipal antzokian ospatuko den finalera. Puntuazioari eskerrak, berriz,  Oihane Pereak, Iñaki Viñasprek, eta Ander Solozabalek osatuko dute finaleko seikotea.

 

Aramaioko saioa arina izan zen. Asier Otamendiren atzetik, Iñaki Viñaspre (332 puntu), Xabi Igoa (318,5 p.), Izar Mendiguren (311p.), Ekaitz Samaniego (311p.) eta Rikardo Gonzalez de Durana (288 p.) geratu ziren. Otamendi erregular aritu zen, gainontzekoak ondo aritu ziren, tarteka gorabeherak izan bazituzten ere.

 

 

Aramaioko kultur etxea lepo bete zen. Zaleak bertso egarriz bete zituzten aulkiak. Xabi Igoa aramaioarrak gazteena izan arren, bertsoei ederki heltzen dakiela erakutsi zuen, bertaratu zirenei gozaraziz. Ekaitz Samaniegok, Izar Mendigurenek eta Rikardo Gonzalezek ere ale politak utzi zituzten, nahiz eta akats bat edo beste burutu.

Kartzelakoan elikaduraren inguruko bi puntu erantzun behar izan zituzten bertsolariek. Ondoren, antsietateagatik bajan egondako pertsonaren lehenengo lan eguna gaitzat harturik bina bertso osatu behar izan zituzten. Viñaspre eta Otamendi aritu ziren ondoen.

 

 Agurainen ospatutako azken finalerdiak ezarri zuen finalerako langa. Olatz Bayer gaijartzailearen esanetara Zigor Enbeita (319 p.), Ander Solozabal (318,5 p.), Ruben Sanchez (313,5 p.), Alberto Martinez Beitto (309,5 p.), Juan Mari Juaristi (309 p.), eta Unai Mendibil (303 p.) aritu ziren bertsotan. Entzuleak bero eta bertsolariak prest.

 

Harresiak gaindituz

Asier Lafuente antolatzailearen esanetan, aurtengo arabako bertsolari txapelketak harresiak gainditu ditu: “Publikoaren harrera itzela izan da, 120 lagunetik gora bildu dira saioetan. Txapelketa irekia izan da, horren ondorioz gazteak sartu dira, Solozabal esaterako. Jaialdi formatuan bertsolariek oso ondo erantzun dute”. Horren adibide da finaleko azken eserlekua ziurtatu duen Ander Solozabal eta Xabi Igoaren arteko berdinketa.

 

Aguraineko saioak zortziko txikian jo zuen goia. Olatz Bayerrek psikiatrikoan aurreneko eguna zuen paperean jarri zuen Ruben Sanchez. Unai Mendibilek erietxetik ihes egiteko proposatu zion. “Aurrena ezagutu dut Mendibil aibala/ Bi begiak okerka, burua zitala/Benga guazen hemendik goazen berehala/ Ez nuke geratu nahi zu zauden bezala!”, abestu zion. Mendibilek alde egiteko arrazoia azaldu zion bigarren bertsoan:  jada hemen egoteaz nazkatuta nago/ hauek daude gu baino askoz okerrago!”. Algarak, txistuak eta oihuak.

 

Zigor Enbeita eta Ander Solozabalek jubilatutako bikotearen bizimodua dotore azaleratu zuten hamarreko txikiaian. Enbeitak, familia zein lagunekin lasai bizitzea erabaki zuen, eta Solozabalek bidaitzeko autokarabana erostea. “Kantsauten zarenean bueltak emanda / zain edukiko nauzu silloian etzanda” esanaz etsi zuen Solozabalen martxa Enbeitak. Solozabalek honela erantzun zion: “Karabana batean joango naiz ni bikain/ jada ez gara langile behargin edo artzain/Ni naiz nire burua gobernatzeko lain/ta oraindik naizenez guapa eta lirain/ badaezpada etzaitez hor egon nire zain!”

 

Puntu erantzunetan Enbeitak pilatu zuen puntu gehien. Ondoren, gaiari bi bertso bota behar izan zizkioten. Hala zioen gaiak: “Denbora bat pasa ostean gorputzeko zauriak sendatzen hasi zaizkizu”. Juaristik eta Enbeitak alkohola eta istripuak izan zituzten hizpide, Sanchezek tortura, eta Beittok Fukushimako langile baten egoera. Solozabalek eskalatzen izandako istripuari heldu zion: Gazte gazterik nola ezagutu nituen baso, mendiak/Berdin zitzaidan lagun babesak eguzkiak zein euriak/Amets pila bat nituen eta

Nahiz ez burutu erdiak/Gure familian beti izan gara harroak eta haundiak/Istriputxo bat euki nuen ta hobekuntza nabariak/Baina badaude itxi arren berriz zabaltzen zauriak!”. Soka askatu zitzaiela eta, honela borobildu zuen bakarkoa: “Soka askatu eta mendian gauz gogor bat da halaere/ Aurrera segi behar atzera berriz begiratu gabe!”.

 

Txapela nork jantziko duen apirilaren 2an jakingo da.  Azken geltokia hutsik geratu arte, baina, www.arabakotxapelketa.org webgunean egongo da aurtengo arabako bertsolari txapelketak egindako ibilbidearen bilduma. Beteta.


 

ZUZENEAN SAILKATUAK
Manex Agirre 354,5 Zigoitiko lehenengoa
Asier Otamendi 346,8 Aramaioko lehengoa
Zigor Enbeita 319 Aguraingo lehengoa
PUNTUAZIOZ
1 Oihane Perea 348,5
2 Iñaki Viñaspre 332
3 Ander Solozabal 318,5
4 Xabi Igoa 318,5
5 Ruben Santxez 313,5
6 Izar Mendiguren 311
7 Ekaitz Samaniego 311
8 Alberto Martinez Beitto 309,5
9 Juan Mari Juaristi 309
10 Unai Mendibil 303
11 Felipe Zelaieta 294,5
12 Serapio lopez 291
13 Rikardo G.de Durana 288
14 Ainhoa Comas 283
15 Irati Anda 278


Utzi iruzkina: