Bertsoa trama Barrundian IRUDIAK
Abenduaren 5ean, ostirala, Larreako Aldaia jatetxe dotorean egin genuen Lazarragaren eskuizkribuari buruzko hitzaldi eta bertso-afariko kronikatxo eta argazkiak jartzen dizkizuegu hemen.
Benetan egun ederra atera zela! Zorionak beraz Barrundiako Udalari, euskara teknikariari, Otazako etxeko jendeari eta bertan izan zineten guztiei! 45 lagun bildu genituen euskararen, ondarearen eta historiaren inguruko akelarre magiko batean... zaila da hitzez azaltzea eta irudi bidez bertan bizitakoa kontatzen saiatuko gara.
LAZARRAGA, BARRUNDIAKO POETA, Gidor Bilbaok emandako hitzaldiko irudiak. Benetan atsegina eta interesgarria!
Afari mundiala eta afariko giroa aparta izan zen. Kafea amaitutakoan ekin zioten bertsolariek lanari. Bertsolari bakoitzak ertaroko pertsonai baten larruan sartu behar izan zuen, eta saio osoan zehar emandako pertsonaiaren ahotik kantatu behar izan zuten: ANDERE, Axpuruko Flordeliza izan zen, ASIER, Patxi Perez de Otamendi apaiza, RUBEN, Juan Perez de Lazarraga bera eta ZIGOR, Gebarako jauna.
Heriotzaren putreak gazteluetako atarietan, Maitasun istorioak, Lazarragaren poemak, traizioa, apaizen sermoiak, ezpata luzeak, ezpata motzak... denetarik izan zuen bertso-tramak, baina gauza bat izan zen nagusi: BARREA. Zenbat barre ez ote genuen egin Zigorren maltzur aurpegi berdaderuarekin, Anderek ezker-eskuin luzatzen zituen labankadekin, Rubenen enpanatu aurpegi eta poeta estilo herrikoiarekin eta Asierren sotanapeko sekretuekin!
Azkeneko argazki hau bukatu ostean tabernan ateratakoa da. Jendeak etxera joateko presarik ez, antza! Ederki adierazten du Barrundiarren egoera akelarre bukaeran. Begietako diztira, aurpegietako barrea... Zeinek ote du Barrundiako ezpatarik luzeena? hori beste egun batean argitzen saiatuko gara.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: