Araiako Euskal ezkontzaren bixamona

laube 1456150861201 LAUBE | 2009-11-18 19:20

   Aurreko larunbatean, azaroak 14, Araiako herrian antzinako euskal ezkontza baten antzezpena burutu zen. Eguraldia lagun, herritar andanak parte hartu zuen ospakizunetan eta giro aparta egon zen egun osoan zehar herrian. Ospakizunari goizeko 11.30etan eman zitzaion hasiera txafleroen eta bertsolarien bitartez (Juan Mari Juaristi eta Andere Arriolabengoa) Santsarreka auzoan. Handik senargaia, honen senitartekoak, argazkilariak, fanfarrea eta bertsolariak emaztegaiaren bila abiatu ziren Intuxi auzorantz. Bertan emaztegaiaren senitartekoak, apaiza, notarioa, idiak gurdi dotearekin batera zituzten zain.                 Txalapartariek ongi etorria eman zieten, eta senargaia, Garikoitz Lz de Arbina, emaztegaiaren, Itziar Lapuente, baserrira sartu zen bere bila. Handik atera, eta fanfarrearen doinuaz lagundurik denak batera plazarantz abiatu ziren. Giro aparta zen, argazkilariak argazkiak atera eta atera, Idiak dotore-dotore segizioari bide eginez, eta jende andana baserritarrez jantzita bikoteari lagunduz.
Enparantzara heldu , eta han herri osoa zeukaten zain, ikusmina sekulakoa izan zen, eta inork ez zuen ikuskizun hura galdu nahi. Berriz ere, plazan bertan, txalapartariek, bertsolariek , txistulariek eta dantzariek ongi etorria eman zieten herriko alkatearekin eta bere emaztearekin batera. Ezkontideak, autoritateak eta senitartekoak kioskora igo, eta han apaizak eta notarioa ezkontza ospakizunak burutu zituzten txistularien eta bertsolarien laguntzaz. Ondoren  guzti guztiak plazara jaitsi eta han agurra eskaini zieten herriko dantza taldekoek. Jarraian ezkontideen gurasoek polea dantzatu zuten eta bukatzeko herriko dantza taldeak dantza ikuskizun polita eskaini zien. Enparantzan zegoen giroa ederra zen, eta herritarrak poz-pozik. Bukatzeko eta argazkiekin hasi baino lehen, bikote berriak sagardo kupela ireki eta herri osoa gonbidatu zuten dastatzera  beraien ezkontza ospa zezaten.

 Ospakizunen ondoren bazkaria Aitzbarren elkartean burutu zuten, ezin giro aproposagoan, bapo jan ondoren, gonbidatu guztiak kantu-kantari aritu ziren  bazkalostean Lautadako bertso-eskolako lagunon laguntzaz. Amaitzeko herriko plazan erromeria izan zen, bertan sekulako giroa sortu zen eta iluntzera arte herri osoa aritu zen dantzan indarge geratu arte.

ESKONTZAKO OROIGARRIA: Hemen behean duzuen kantutegi txikia.



Utzi iruzkina: