Azken hatsa
Badira hilabete batzuk hilda egotea desiatzen dudala. Istripua gertatu eta berehala konturatu nintzen horrela jarraitzea ez zuela merezi. Zentzurik gabeko sufrimendua luzatzen baino ez gara ari, eta kandela ahalik eta bizkorren itzaltzea da gu guztiontzako irtenbide bakarra. Bai, gu guztiontzako diot, ohe honetan botata dagoena ni naizen arren, nire inguruko guztiak ere nire antzera dabiltzalako, geldi-geldirik, ez aurrera eta ez atzera egin ezin dutela, duintasun hitzaren esanahia zer den erabat ahaztuta. Ez dut aldez aurretik galduta dudan gerra batean borrokatzen jarraitu nahi.
Geratzen zitzaidan itxaropen apurra aspaldi galdu nuen. Medikuek esperantzari gogor heldu eta aurrera segitzea baino ez nuela esan zidaten istripua gertatu eta egun gutxira, baina haien hitzek eta begiek ez zuten bat egiten; begiradak gurutzatzen genituen gutxitan burua makurtzen zuten, beren begiek ahoetatik irtendako berbak sinesten ez zituzten seinale.
Egun ezer gutxi egin dezaket nire kabuz. Arnasa ere makina bati esker hartu behar dut. Buruak, ordea, ondo funtzionatzen dit oraindik, baina beldur naiz hemendik egun gutxi batzutara gaitasun hori ere ez ote dudan galduko. Orain, gauza guztien jabe naizen une honetan, nire etorkizuna nik neuk bakarrik erabaki dezakedala aldarrikatu nahi dut gutun honen bitartez.
Denbora luze honetan gurasoak alboan izan ditut uneoro. Arreba ere hortxe izan da, baita lagunak ere. Eskerrak guztioi, bihotz-bihotzez. Bazkalostean, istripua gertatu zenetik bigarrenez, aitona etorri zait bisitan. 80 urtetik gora dituen gizona da, fina eta ahula itxuraz, bere makila gabe inora joan ezin daitekeen horietakoa, baina bihotz handikoa eta munduko pertsonarik ausartena. “Lasai, seme, zure desioak gaur bertan bihurtuko ditut errealitate”, xuxurlatu dit.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: