Metro Bilbaoko greba-batzordeak deitu duen manifestaziora joateko deia luzatu du LABek

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2012-03-22 00:00

Lan gatazkarekin bukatzeko Metro Bilbaoko zuzendaritzak hitzarmen kolektiboan eta barne araudian jasotako arauak bete behar dituela adierazi dute.



LAB sindikatuak agerraldia egin du babes osoa agertzeko Metro Bilbaoko langileak beren eskubideen alde egiten ari diren mobilizazioei, nabarmendu dutenez oso "izaera eta ideologia ezberdineko" bost sindikatuk greba-batzordean bateginik lan egiten ari direlarik.

Aldi berean, Metro Bilbaoko zuzendaritzari hitzarmen kolektiboan eta barne araudian jasotako arauak bete ditzan eskatu diote.

Aipatu dituzten puntuak ondorengoak izan dira: geltokietako langileen eta gidarien lantaldea osatzea, 2012ko tren-zerbitzua eta txanden aldaketak zehaztea, mantentze-alorraren berregituratzea, 2012ko Gabon Gaueko zerbitzua eta lege-zaintzako lanaldi murrizketen ondoriozko hutsuneak betetzea.

LAB sindikatuak gogor salatu ditu Metro Bilbaoko arduradunek "hedatzen dituzten gezurrak eta filtrazioak, langileak kriminalizatzeko eta jendartea langileen aurka jartzeko".

"Bestelako eredu edo jokamoldea" eskatu eta eskaintzen duela LABek esan dute eta prest agertu dira lan-auziari "benetako irtenbidea" emateko.

Metro Bilbaoko langileentzat eta jendartearentzat "premiazkoa" dela adierazi dute eta borondatea eskatu diote zuzendaritza eta erakundeei.

Ildo horretan, larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die beren afiliatuei eta jendarte osoari Metro Bilbaoren kudeaketa eredu horrekin "kokoteraino" daudela erakuts dezaten. Arratsaldeko 17.30etan abiatuko da manifestazioa larunbat honetan Plaza eliptikotik.

www.gara.net



Utzi iruzkina: