LABen irakurketa Egunkaria Auziaren epaiaz
Egunkaria Auziaren epaia ezagutu berri dugun honetan, LABetik geure elkartasun osoa eta besarkadarik handiena helarazi nahi diegu Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga, absolbituak izan diren bost auzipetuei, eta modu batean edo bestean egunkariaren itxiera egunera arte proiektu horren parte izan ziren guztiei, bereziki bertako langileei.
Euskal herritarrok zazpi urte luzeotan jakin eta defendatu izan duguna berrestera dator epaia, auzipetutako bost lagunak errugabeak direla, alegia. Egunkaria ixtearekin (epaian jasotzen den moduan) adierazpen askatasuna bakarrik ez, iritzi eta informazioa askatasuna eta oinarrizko beste hainbat giza eskubide ere urratuak izan dira.
Egunkariaren itxiera ez da anekdota bat, ez gertaera isolatu bat. Espainiar Estatuak euskal herriaren aurka abiarazitako jazarpen estrategiaren baitan enegarren katebegia izan da Egunkaria auzia. Herri honetan hedabideak itxi dituzte eta kazetariak kartzelaratu, herri eredu jakin baten alde kulturan, politikan, hedabideetan eta beste hainbat arlotan jardute hutsagatik.
Salbuespen egoerarik egon ezean Espainiako Konstituzioak ez ei du ahalbidetzen hedabideak ixtea. Euskal Herrian, beste hedabide batzuren artean jada bi egunkari ditugu itxita. Zentzu horretan, eta Euskaldunon egunkariari lotuta, auzia argitu da, baina ez galdera: zer gertatuko da orain zazpi urte eta gero itxita jarraitzen duen egunkariarekin? Nork eta nola ordainduko du egindako kaltea? Non dira erantzuleak?
Egunkaria afera ez da hemen bukatzen. Gaurkoan ezagutu dugun ebazpen bera izan behar du auzi ekonomikoak ere. Elkartasun osoa helarazi nahi diegu auzi horretan eta euskal herriaren aurka irekita dauden gainerako sumario eta prozesuetan auzipetuak diren euskal herritarrei.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: