LABek ondoeza adierazi nahi du Metro Bilbaon ama eta alabatxoa banantzearen albistea zabaltzeko moduaren aurrean
Batetik, LAB Metro Bilbaok gaitzesten du EL CORREOk albisteari emandako tratamendua, alde baten bertsio partzialean soilik oinarritzen delako. Gainera, albistearen goiburuaren, edukiaren eta irudien sentsazionalismoa ez dator bat joan den ostegunean, urriak 31, benetan gertatu zenarekin.
Bestalde, LAB Metro Bilbaok salatu nahi du enpresako zuzendaritzaren atzerapena langileei eta langileen ordezkariei gertakarien berri ematen. Lau egun behar izan dituzte Enpresa-batzordearekin biltzeko eta gaur arte, asteartea, azaroak 5, ez dugu azalpen eta informaziorik jaso.
Ohartzen gara amaren larritasunaz eta beldurraz haurtxoa aulkian trenean abiatzen zela ikustean, baina azpimarratu nahi dugu gertakarien aurrean emandako erantzunean eta jokatzeko moduan gidariak eta geltokietako langileek zuzen jokatu zutela, haurraren segurtasuna eta osotasun fisikoa beti bermatuta egon baitziren.
Trena hogeita hamar segundo luze egon zen nasan geldi eta ateak zabalik, eta ondoren erabiltzaileak irten eta sartu ostean itxi ziren ateak. Ateek ez zuten inor kolpatu. Gainera, kontuan hartu behar da ateei eragiten zaien tokitik (gidatzeko kabina) ustezko gertakariaren tokiraino 80 metro baino gehiago egongo direla, lerro zuzenean. Beraz, funtsezkoa da bezeroen sarrerak eta irteerak ahalik eta azkarren eta ordenatuen egitea.
LAB Metro Bilbaok dei egiten diegu langileei, zuzendaritzari eta erabiltzaileei Metro Bilbaoren instalazioak zuzentasun eta errespetuz erabiltzera, halakorik berriro ez gertatzeko. Bakoitzak bere jarduera- eta ardura-eremutik jarri behar dugu gure aletxoa, horrelakoak saihesteko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: