Gaurko manifestazioan euskaraz egindako interbentzioa

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2012-02-16 00:00


Arratsaldeon!!!

Lortu dugu berriro, 500 pertsona baino gehiago elkartu gara Bilboko kaleetan Metro Bilbaoko langileen eskubideak errespetatzea aldarrikatzeko. Horregatik zuontzat dira gure lehenengo hitzak, mobilizazio honetan bildu zareten guziontzat. Eskerrik asko bihotz-bihotzez. Metro Bilbaoko langileen eskariak gehiengo handi eta ugariak babesten dituela erakutsi duzue hemen gaur.

Auzia hasi zenetik hemeretzigarren lanuzte-eguna dugu hau, eta metroko langileen babesari eta irmotasunari esker, inoiz baino indartsuago sentitzen gara Greba-batzordeko sindikatu eta kideok. Horregatik, argi eta garbi, ozen eskatzen diegu berriro ere akordioak betetzeko, negoziazio kolektiboa errespetatzeko eta langileen eskubiderik EZ urratzeko.

Duela bi hilabete heldu zen presidente berria, eta metroko egoera duela urtebetekoa da, edo txarragoa. Metro Bilbaoko zuzendaritza, Prego buru, EZEZKOAN iltzatuta dago. EZ ditu akatsak onartzen, EZ du negoziatu nahi, EZ du kontziliazioan sinesten eta, azken finean, EZ da irtenbidea aktiboki bilatzen ari, auzia luzatzen eta geroratzen ari da, eta konponbidea oztopatu besterik egiten ez duten osagaiak gehitzen ditu.

Iñaki Pregok epaitegietara jo du gure aldarrikapenen lehenenarekin, tren eta geltokietako lantaldeak betetzeari dagokionarekin, gure borroka indargabetu nahian. Baina arazoa askoz ere sakonagoa da, beste lau puntu ere badaude tartean, besteak beste, lan-baldintzak eta mantentze-lanen berregituratzea, eta oinarrian lan-harremanen errespetu etengabea dago.

Iñaki Pregok eta ohoratzen duten Administrazio-kontseiluko kargu politikoek soldata-izoztea eta hitzarmenean 2011rako itunduta genuen igoera itzularaztea erabaki dute. Kasualitatez, otsail, martxo eta apirilean kenduko digute. Horrela lanuzteak eta mobilizazioak baldintzatu nahi dizkigute, gure patrikari erasoz. 1.500 euro gutxiago gure nominetan baina, hala ere, ez dugu amore emango, eta egin ditugu lehen urratsak hori guztia salatu eta kendutakoa itzul diezaguten eskatzeko.

Horregatik guztiarengatik, hemen gauden sindikatuok, metroko langileen % 88aren ordezkari, berriro azpimarratu nahi dugu lan-korapilo hau hitzaren, elkarrizketaren eta kontziliazioaren bidez soilik askatuko dela.

Greba-batzordeak berriro eskatzen du Iñaki Prego Kontseilari Ordezkariaren dimisioa; hori da, gure ustez, Metro Bilbaon lan-harremanak berrezarri eta ongitzeko bide bakarra . Behin baino sarriago esan dugu eta berriro diogu gaur hemen, ez diegu metroko langileak kriminalizatzea onartuko, ez diegu gure profesionaltasuna zalantzan jartzen utziko, ez diegu gure irudia gaiztotzen utziko, ez eta jendea gure kontra jartzea onartuko, gezur, filtrazio eta faltsukeriak erabiliz. Iñaki Prego jokabide bidegabe horiek sustatzen ari da.

Eskerrik asko berriro ere ELA-CIM-UGT-LAB eta ESK etortzeagatik eta gure borroka babesteagatik. Gaur ere erantzun ona izan du lanuzteak, gure iritziz. Langileen % 85ek baino gehiagok egin du, eta gaur hemen ikusten dugun argazki honek berresten du.

Gogoratu datorren ostegunean, otsailak 23, goizean 4 ordu eta arratsaldean beste 4 ordu deituta ditugula. Eta biharamunean, otsailak 24, langile-batzarrak egingo ditugu orain arteko guztia baloratzeko eta aurrerantzean zer egingo dugun erabakitzeko.

"Borrokatzen denak galdu ala irabazi dezake, borrokatzen ez dena, ordea, galtzaile da beti. Irabaziko dugu !!!

ANIMO ETA AURRERA!!!! Biba zuek! Gora gu eta gutarrak!


Utzi iruzkina: