AMINATU HAIDARREKINKO ELKARTASUNA ETA SAHARAKO HERRIARENTZAKO IRTENBIDE DEMOKRATIKOA
LAB sindikatuak salatzen du duela hilabete, marokoar lurraldetik legez kontra egotzi zutelako, gose greba mugagabea egiten ari den Aminatu Haidar, Giza-Eskubideetako ekintzaile sahararra, jasaten ari den egoera ankerra.
Marokoko gobernuak ezohiko era batez kendu zion pasaportea Aminatu Haidarri El Aaiúnera itzultzen ari zenean (bertan bere familiarekin bizi da). Espainiako gobernuak Marokoko gobernua lagundu zuen Aminatu Marokotik Espainiara, Lanzarotera hain zuzen, egotzi zuenean. Aipatu irlako aireportuan egiten ari da gose greba.
Hortaz, LABek bere elkartasun osoa erakutsi nahi dio Aminatu Haidarri eta bide batez, eskatu nahi du, bere Eskubideei, batez ere, bere herrira itzultzeko eskubideari, begirunea erakuts diezaieten. Bat egiten dugu Euskal Herrian, elkartasuna azalduz, egiten ari diren manifestazio eta mobilizazioekin; hauen artean, bat egiten dugu abenduaren 18an, ostirala, 19:30ean, Bilbon eta Arriaga Antzokitik abiatuz, egingo den manifestazioarekin.
Era berean, berriro ere eskatzen dugu irtenbide demokratikoa eman diezaiotela Saharar herria eta Marokoko Estatua aurrez aurre ipini duen gatazkari. Irtenbide hau Saharako Burujabetza Eskubidearen onarpenean eta Marokoko okupazioaren amaieran oinarritu behar da. Horrela bakarrik lehengoratuko dira saharar langileen eskubideak eta horrela bakarrik bermatuko da Aminatu Haidarren antzeko egoerak berriro gertatuko ez direla.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: