ILARGI ERDIKO GAUA

kurdistan 1456150623462 KURDİSTAN | 2006-05-24 15:10

 

1-Ze metafora beldurgarria
den Turkiako bandera!
Gorria da goitik behera,
Amed hirian mehatxu gisa
zabaltzen dena airera.
Ilargi-erdi bat ere badauka
izar txikiaz gainera;
baina zerua ote da?
Hegazkinetik jaitsi ta sartu
ostean bere barnera,
hartu diogu odolez busti
den zeru baten tankera.

 

2-Poliziekin nahasten dira
kaleetan eskaleak.
Horixe dira kaleak:
haurrak, begiak, uniformeak
ta puntan dauden ileak.
Isildutako hitz sentituak
eta kezko nargileak;
garaileak, galtzaileak;
espaloietan esertzen diren
zapata garbitzaileak…
Aspaldi ez dira bertatik pasa
herriko zapaltzaileak!


3-Ipar Kurdistan oso aspaldi
hustu zutelako bakez:
minaz eta minez betez;
herri honetan geroztik ezer
ez dabil zuzen ta artez.
Duela gutxi hiru haur tiroz
hil zituzten su eta kez;
lurrean etzanda ahuspez
gelditu ziren gorpu txikiak
azken begirada batez…
eta geroztik gazi-gaziak
dira Tigris ta Eufrates.

 

 4-Malkoz bustita ito delako
Mesopotamia zaharra
txalapartaz deiadarra
luzatu dugu egurrak baitu
egur soinuen beharra;
lepoan lotu dieten sokan
ipini dugu gitarra…
Militarren atzaparra
altxatu arren handiagoa
da belarrien indarra
ta askatasuna izan da entzun
dugun akorde bakarra!

 

5-Kalashnikovak eskuan nahiz ta
mendiak sua isuri,
lotuta izan esku bi…
Guk maitasuna ta irria jaso
ditugu ezker-eskubi.
Altxatu zuen bi atzamarrak
garaipenaren irudi!
Hartu ukabilak guri!
Nahiz ta kateak ta mina izan
herrion arteko zubi,
elkar hartuta ibaiak muga
hausten duela dirudi.



6-11.000 preso dauzkazu,
200.000 espia,
lurra odolez bustia…
Askatasunak beti izan du
hain prezio garestia!
Herria kendu, begiak kendu,
kendu dizute guztia!
Baina hilko da piztia!
Gaua amaitzen ari da eta
amaitu zaio astia:
Ilargi-erdia desagertzean
irtengo da eguzkia!


Uxue Alberdi


Utzi iruzkina: