EUSKAL HERRIA KURDISTAN CLASH

kurdistan 1456150623462 KURDİSTAN | 2006-05-30 09:41

            “Kurdistanera??” esan nion harrituta Urtzi Urrutikoetxeari, duela hilabete telefonoz deitu zidanean, ea herrialde hartara astebete joan nahi nuen galdetzeko. Zirt-zart erantzun behar omen nuen, epetik kanpo genbiltzalako, eta beraz, ondo zer nioen jakin gabe, baiezkoa eman nion.

            Apurka apurka bidaiaren zehaztasun gehiagoz enteratu ginen. Kurdistan lau estatutan banatuta dagoen nazioa da eta Turkiaren menpe dagoen lurraldeko hiri batean, Amed-en hain zuzen, folklore festibal bat antolatzekoak ziren. Euskal Herritik joan behar zuen taldeak huts egin zuen azken momentuan eta hala, Juan Sorin euskaldun erdi kurduak bere inguruko jendearekin talde bat osatzen saiatzeko eskatu zion Urtziri.

            Hori baino askoz gehiago jakin gabe iritsi ginen Amed-era hilaren 13an Asier Gonzalez, Jon Gaminde, Uxue Alberdi, Urtzi Urrutikoetxea, Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Goretti Rodriguez eta zortziok: bidaia egiteko espresuki sortutako  “Zirika” euskal taldeko kideak; sekula ensaio bakar bat ere egin gabekoak. Gurekin generamatzan trikitixa, txalaparta, alboka, gitarra, dultzaina, xirula eta adarra. Horrekin eta gogo handiarekin, asmatuko genuen zerbait egunero eskaini behar genuen ekitaldian egiteko.

 

mendia eta kalashnikova

            Duela hamarkada eskas 600.000 biztanle bazituen ere, gaur egun ia milioi eta erdi lagun bizi dira Amed-en, azken urteetan hainbat eta hainbat pertsona etorri baitira inguruko herrietatik hirira, Turkiar armadaren operazioengandik ihesi. Txinakoaren ostean, munduko harresirik luzeena da Amed-ekoa eta bertara igota, Tigris ibaiak bustitzen dituen lurrak eta PKK gerrilako partisanoak ezkutatzen dituzten mendiak ikus daitezke.

            Beti mundu guztiak bizkarra eman dien neurrian, kurduek ez dute ezer espero ez Europarengandik ez beste inorengandik ere eta hala, Euskal Herriko hainbat enpresek armaz hornitzen duten Turkiako armadari aurre egiteko ez dute borroka beste biderik aurkitzen. “Mendia da kurduen lagun bakarra” dioen esaera zaharra berritu egin da azken urteetan: “Mendia eta kalashnikova dira kurduen lagun bakarrak” dio orain. Ez da harritzekoa: Turkiar armadak ia astero erailtzen du lur haietan, hamaika mila preso politikotik gora dauzkate espetxeetan sakabanatuta, kurdueraz hitz egitea debekatua dago (Amed-eko alkate abertzaleari hiru urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote, turkiarraz gain kurduera erabiltzea eskatu zuelako) eta Kurdistan hitza ebakitze hutsa ere delitua da. 

            Hau guztia dela eta tentu handiz ibiltzen dira beti kurduak. Ez dira edonorekin fidatzen eta guri ere, hasiera batean ahalik eta gauza gutxien kontatzen ziguten. Ez zuten arazorik gura gure kontura eta hala, adibidez, gure bisitari edozein konnotazio politiko kentzeko edo, festibalean espainiarrak ginela esaten zuten. Astiro astiro, hala ere, gugan konfiantza izatea lortu genuen, eta berandu baino lehen “Ez espainiarrak, Euskaldunak baizik” esanez aurkezten hasi ziren festibalean eta egun batean Lice-ra ere eraman gintuzten: 1993an Turkiar armadak gupidarik gabe bonbardatutako herritxora. Han presentzia militarra, Amed-en baino are izugarriagoa da: Biztanle bakoitzeko militar bat dago proportzioan. Ezin goxoago hartu gintuen Liceko alkateak eta euskal herriren batekin anaitzea zenbat gustatuko litzaieken azaldu zigun. Guk, Picasoren “Guernica”ren erreprodukzio bat oparitu genion herriari.

 

Alboka hotsak Amed-en

            Kontuak kontu, festibal batean parte hartzera joanak ginen. Aurreko hilabetean turkiarrek garbitutako hiru haurren omenez zen “Gazteriaren festibala” eta heldu eta berehala sorpresa xelebre pare bat aurkitu genuen. Hasteko, gu ez beste talde guztiak kurduak ziren. Antolatzaileek, Europako beste herri batzuetako jendea ere gonbidatu zuten, baina ezezkoa jaso zuten kasu guztietan. Baina, horretaz gain, graziosoena zen gu ez beste talde guztietako kideak haurrak zirela. “Gazteriaren festibala” deitu arren, umeak ziren partaide guztiak.

            Egunero hiriko auzo batean kantatzen genuen; plaza beti egoten zen goraino beteta, entzuleen gehiengoa umeak zirelarik. Gure ekitaldia Urtzik hasten zuen kurdueraz berba batzuk esanez eta horren ostean, berak eta Arkaitzek bertso pare bat botatzen zituzten. Estiballesek mimika handiarekin laguntzen zuen kantua eta hala, entzule denengana heltzea lortzen zuen: keinuen bidez denak jartzen zituen bibaka. Adibidez, euren eta gure herria anai zirela esaten zuen eskuak batuz; edo bihotzera eskuak eramanez maite genituela esaten zien; edo ukabila eta bi behatz altxatuz (oso keinu zabaldua Kurdistanen) garaipena gertu dagoela… Sinesgaitza badirudi ere, entzuleek ederto batean ulertzen zuten bertsoen esangura, eta txaloka hasten ziren beren indar guztiekin.

            Gero txalaparta saioaren ostean, Alboka eta trikitiaz emandako Jota eta Arin-arina zetozen eta denok batera kanturen bat jo ondoren, bukatzeko kalejira bat egiten genuen eszenatokitik publiko artera jaitsi eta umeak eskutik helduta. Klimaxa hau izaten zen arren, ume kurduek ez dute nonbait kalejirak egiteko ohitura handirik eta minutu bat pasa aurretik bakoitzak zortzi ume genituen beso bakoitzetik zintzilik.

            Beste batzuetan, agertokitik jaistera atrebitu ez eta “Isil-isilik” kantatuz amaitzen genuen. “Kalian gora Kalian behera”rekin ere gogotik animatzen zen mundu guztia eta “Zergatiik, zergatiiik” kantatzen genuenean berriz, txaloka eta braboka hasten ziren, Pavarotti eta Maria Callasen aurrean baleude bezala.

            Ekitaldia bukatu bezain pronto, dozenaka lagun genituen beti zain, eskua eman gurean, gurekin berba egin gurean, argazki bat atera gurean, gurekin Euskal Herrira etorri gurean, geure izenak jakin gurean…. Guk, hizkuntzarekin traba izugarria geneukan neurrian, ezin genien nahi beste gauza adierazi. Baina hala ere, keinu batekin, irribarre batekin edo eta muxu batekin, etengabe saiatzen ginen erakusten kurduek ez bi, ezpada hiru lagun behintzat badituztela: “Mendia, kalashnikova…eta euskaldunak”.

 j m

 

 


Utzi iruzkina: