EKIALDETIK
Gaur ekialdera begira jarri zaretela denok esan didate, badagoela nazioren bat independentziaren atarian. Herri gogorra omen, mendietan gotortuta etsaiari aurre egiten jakin izan duena. Inperio otomanoari ere haginak behin baino gehiagotan erakutsitakoa. Ondo dago horrelako leku txikietara begiratzea, mapan kokatzeko lupa hartu eta mendi beltz hori non den jakiteko.
Ekialdera etorri gara gu ere, mendiko herria da hau ere, independentzia gura du honek ere. Turkia urduri dago. Estatua zatituko digute! dioen beldur hori da, Iran eta Siria moduko aurkariengana hurbilarazten duen gezurra. Hegazkinak, tankeak, uniformedunak eta uniforme gabeak, ez dira gezurra. Eta armak ere ez, Euskal Herrian eginagatik, hemengo lagunak hiltzeko.
«Mendiak ditugu lagun bakar» dio kurduen esaera zahar batek.
Azken urteotan berritu egin dute, «mendiak eta kalashnikova». Egun
batzuetan bada ere, Europako baztertxo batek ez dituela ahazten, lagun
dituela esan gura izan diegu gure txikian. Ez da asko eman dieguna,
ordu erdiko emanaldi laburrak, musika, kantak, bertsoak... Amed hiriko
auzo guztietan izan da biba eta txalo, itxurosoenetik hasi eta adreilua
adreiluaren gainean aterpea eraiki duten iheslarienean. Soineko berdea
daroa aurkezleak, buruan zinta hori eta gorriak, debekatutako
banderaren koloreak. Eta ikurrinari ere keinu egin diote, gurutzea
beilegitzea baino ez da falta. Baina hor daude beti besteak, argi uzten
eurena dela soka, orain lasaitu eta orain estutzeko. Eta Kurdistanik ez
dela gogorarazi gura diguten arren, Kurdistanen gaudela esaten digute
behin eta berriz.
Urtzi Urrutikoetxea
(Berria-n igandean argitaratua)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: