Gipuzkoako lehen konpostatze planta Azpeitian egingo dute

kresala 1456150589117 Kresala | 2006-11-14 23:42

     Berria egunkaria, 2006ko azaroaren 14ean

    Azkoitiko, Azpeitiko, Zarauzko eta Zumaiako herritarrek (Gipuzkoa) beren hondakin organikoen zati bat konpost bihurtu ahal izango dute datorren urtean.  Edukiontzi berri bat jarriko dute herri horietan: marroia izango da eta hondakin organikoak konpost bihurtu nahi duten herritarrei giltza bat emango diete edukiontzia ireki eta hondakin organiko egokiak edukiontzira bota ahal izateko. Ondoren hondakin horiek Gipuzkoan egingo den lehen konpostatze plantara eramango dituzte: Azpeitiko Lapatx zabortegira. Gipuzkoako Diputazioaren datuen arabera, gaur egun zaborretara botatzen diren hondakinen herena da konpost bihur daitekeen materia organikoa; materia organiko guztia, berriz, hondakinen erdia da.

    Gipuzkoako Diputazioaren aurreikuspenen arabera, datorren urtearen lehen erdian jarriko dute abian hondakin organikoak konpost bihurtzeko proiektua. Lapatx zabortegian eraikiko den konpostatze plantan utean 3.000 tona hondakin organiko tratatzea aurreikusi dute. Konpostatze planten bitartez urtean 55.000 tona inguru konpost sortuko direla uste dute agintariek. Konpost hori guztia lorategi publikoetan erabiliko da.

    Herritarrek udalei jakinarazi beharko diete beren hondakin organikoen zati bat konpost bihurtu nahi dutela. Administrazioak prestakuntza, informazioa eta giltza bat emango die edukiontzia ireki ahal izateko. Zergatik giltza? «Italian, sistema hau abian jarri zuten eskualdean, ikusi zuten edukiontzia irekia izanez gero, nahikoa zela herritar batek poltsa okerra sartzea, gainerako herritarrek sartutakoa kutsatzeko», esan zuen Oiarbidek. Konpost bihurtu ezin zen hondakinen portzentajea %30-40koa zen. «Portzentajea %5etik edo %10etik gorakoa bada, edukiontzi horietatik lortzen den konposta jada ez da onargarria», Oiarbidek zehaztu zuenez. Diputatuak uste du giltzarekin ez dagoela aukerarik konpostatu ezin daitekeen hondakinak botatzeko

 Berria egunkaria, 2006ko azaroaren 14ean

 


Utzi iruzkina: