Euskararen Nazioarteko Eguna

kresala 1456150589117 Kresala | 2006-12-03 13:18

Gaur, abenduak 3, Xabierko Frantzisko Deunaren eguna, Euskararen eguna ospatzen da.

Eusko Ikaskuntzak antolaturik lehen aldiz, 1949ko abenduaren 3an antolatu zen lehen Euskararen Eguna. Eusko Ikaskuntzak beste lanen artean, Euskaltzaindia habian jarri, autonomia estatutuaren testua idatzi eta ikastoletarako ikas-materialak ekoitzi zituen.

Gaur egingo da ekitaldi nagusia Donostian. Hiru Foru Aldundiek eta Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, ekitaldi instituzionala deitu dute Kursaalean, eguerdiko 12:00etan.

Kantari, dantzarik, bertsolari-repentizadoreek, ordubeteko saioa osatuko dute. Tartean izango da Lehendakariaren adierazpena eta, euskararen bitartez elkarbizitzarako hain ekarpen handia egin duten euskaldun berriei aitorpena.

Euskara giza ondarea da    (www.erabili.com –etik hartuta)

Aipatutako ekimenen artean, aurten bereziena Benito Lertxundik Euskararen Nazioarteko Egunerako espreski konposatu duen abestia da. Orioko kantariak bat egin du ENErekin, "euskara giza ondarea da" aldarrikatzen duen abestia sortuz.

Hona hemen Lertxundik konposatu duen pieza berriaren letra:

Euskara giza ondarea da: komunikazio
eta batasunerako tresna.
Elkar ulertu eta giza helburu gorenera heltzeko beharrezko baliabidea.

Hizkuntzak leuntzen du animalia eta
gizon bilakatzen.
Berak bideratzen elkar laguntza giza
mailan gauzatzeko.
Zentzu horretan hedatzen da herri bakoitzaren beharretara.

Hizkuntza ispilu leiala da,
non kondairan zehar, herri baten
baldintza sozialak isladatzen diren.

Hizkuntzak jakinarazten dio belaunaldi bakoitzari oinarrizko kultura guztia.

Bere hizkuntzarekin hautsi duen herriak tradizioa du errausten eta arima epeltzen.

Hizkuntzak bere baitan, herri baten mundua ulertzeko era gordetzen du, herritarrek hitzegiten dutenean.

Euskara, gure hizkuntza, giza ondarea da
.

Abestia interneten jarri du Eusko Ikaskuntzak, mp3 formatuan. Bertan entzun edota bertatik jeisteko aukera eskaintzen du Eusko Ikaskuntzak bere webgunean, Euskosare eta Euskomedia webguneetan. Azken honetan, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Egunari dagozkion ekimen guztien berri ematen duen gune berezia prestatu du Eusko Ikaskuntzak, eta munduko euskal komunitateei zuzendutako Euskosaren ere eduki berdina ikus daiteke. Abestia entzuteaz gain, bideoa ere ikusgai dugu amaraunean, ordenagailuan horretarako pluggin egokiak dituenarentzat, behintzat.


Utzi iruzkina: