Kareaga Dorrearen aurri-egoeraren deklarazio eskaera

kontzekupe 1456150572036 KONTZEKUPE | 2009-07-22 11:57

MARKINA-XEMEINGO ALKATE JAUNARI

 

1.- Markina-Xemeingo Udalerriko H.O.P.O.aren hasierako onarpenaren txostenaren azaltzen denez, Kareaga Dorrea E.A.E.k monumentu izendatutako eraikinen zerrendan aurkitzen da oinarrizko babes-mailaren izendapenarekin.

 

2.- Eraikin hau bere egunean Udalaren jabegoa zen eta berriztatzeko konpromisopean saldua izan zen. Harrezkero ez du funtsezko inolako hobekuntza lanik jaso, are gehiago utzikeria nabarmenean murgilduta dago.

 

3.- Gaur egun Kareaga Dorrearen egoera tamalgarria eta kezkagarria da oso, teilatu zati handi bat falta zaio eta berehalako erortze arrisku nabarmena du. Eraikuntzaren garrantzia eta egoera kontutan hartuta, esku-hartzea azkarra behar du.




 

4.- Lurzoruaren 2/2006 legeak 199artikulutik, 203 artikulura hau dio:

“199. artikulua.– Kontserbatzeko eta birgaitzeko eginbeharra.

1.– Lursail, etxe, eraikin eta instalazioen jabeek nahitaez dute ondasun horiek segurtasun, osasun, begirune eta apaintasun publikoko egoera onean mantentzeko eginbeharra. Horretarako, behar diren kontserbatze eta birgaitze-lanak egingo dituzte, bertako bizi-gaitasuna eta benetako erabilera bermatzeko.

2.– Eraikinen jabeek kontserbatzeko eta birgaitzeko lan eta obrei dagokienez, eraikinen jabeek ordaindu beharreko diru-kopuruak ez du gaindituko eraikinaren eduki normalaren muga. Muga hori honela zehazten da:

a) Jarduketa isolatuetan, eraikina berriztatzeko kostuaren % 60.

b) Jarduketa integratuetan, eraikina berriztatzeko kostuaren % 50.

Atal honetan ezarritako zenbatekoak lurzoruaren balioa aintzat hartu gabe kalkulatuko dira.

3.– Administrazioak jabeari agintzen dizkion kontserbatze eta birgaitze-lanen kostuak aipatutako muga hori gainditzen badu, soberakin hori ordain dezan eskatu ahalko dio jabeak administrazioari. Edonola ere, administrazioak laguntza publikoak ezarri ahal izango ditu, egoki deritzen baldintzetan, hitzarmenen edo beste tresna batzuen bidez. Higiezina jabeen eta administrazioaren artean ustiatzea jaso ahal izango da hitzarmenotan.

200. artikulua.– Etxeak eta eraikinak aldizka ikuskatzea.

1.– Katalogatutako edo babestutako etxe edo eraikinen jabeek, bai eta 50 urtetik gora dituen eta bizitegi- erabilera duen edozein eraikinen jabeek ere, 10 urterik behin teknikari fakultatibo bati agindu beharko diote ikuskapen bat egin dezan, etxe edo eraikinaren kontserbazio-egoera zein den zehazteko.

2.– Ikuskapenen ondorioz egiten diren txosten teknikoetan ikuskapenaren emaitza azaldu beharko da, honakoak zehaztuz:

a) Atzemandako akatsak eta hutsak, eta horien arrazoi izan daitezkeenak; egonkortasuna, segurtasuna, estanko-tasuna eta egituraren sendotasuna ziurtatzeko neurriak  -behar izanez gero, lehentasunaren arabera ordenatuta-; eta, etxe edo eraikinaren xedea aintzat hartuta, horien bizigaitasuna eta erabilera efektiboa mantentzeko edo berreskuratzeko neurriak.

b) Aurreko ikuskapenetako txostenak edo txostenek jasotako gomendioak hartutako neurriei eta egin beharreko lanei eta obrei dagokienez, neurri horien eraginkortasun- maila eta lan horien egikaritze-maila.

3.– Ondorio administratiboei begira, txosten teknikoek eraginkortasuna izan dezaten, beharrezkoa izango da elkargoaren ikus-onetsia eskuratzea eta txostenen kopia udaletxean aurkeztea.

4.– Aldizkako ikuskapenen txosten teknikoak erakusteko eskatu ahal izango diete udalek jabeei. Eta ikuskapenik ez dela egin egiaztatuz gero, horiek egiteko agindu ahal izango du, edo udalak berak egingo du ikuskapena eginbeharra duenaren kontura.

5.– Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz egiten diren txostenak, betiere, eraikinaren legezko dokumentazioan sartu beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera.

201. artikulua.– Legezko aurri-egoera.

1.– Etxe edo eraikin baten legezko aurri-egoera honako kasu bi hauetan deklaratuko da: egonkortasuna, segurtasuna, estanko-tasuna eta egituraren sendotasuna berreskuratzeko lanen kostuak kontserbatzeko eginbehar normalaren muga gainditzen duenean -199. Artikuluko 2. paragrafoan dago araututa muga hori-, edo lan horiek egiteko baimenik eman ezin denean, eraikina antolamendutik kanpo dagoelako.

2.– Udalari dagokio legezko aurri-egoera deklaratzea. Horretarako, aldez aurretik prozedura bat aplikatuko da -erregelamenduz garatuko da prozedura hori-, eta prozedura horretan, betiere, jabe interesdunari eta eragindako eskubide-titular enparauei iritzia adierazteko aukera emango zaie.

3.– Legezko aurri-egoeraren deklarazioak pertsonei eta ondasunei kalterik ez egiteko behar diren neurriak xedatu beharko ditu eta jabeari eginbehar hauek ezarriko dizkio:

a) Etxe edo eraikina katalogatu gabe badago, babesik merezi duen baliorik ez badu, edo katalogatzeko bidean edo babes integraleko araubideren baten menpe jartzeko bidean ez badago: aukeran, osorik birgaitzeko edo eraisteko eginbeharra.

b) Etxe edo eraikina katalogatuta badago, bere balioengatik babestuta badago, edo katalogatzeko bidean edo babes integraleko araubideren baten menpe jartzeko bidean badago: egonkortasuna eta segurtasuna mantentzeko edo, behar bada, berreskuratzeko premiazko neurriak hartzeko eginbeharra, eta behar diren lan eta obrak egin beharra. Kasu honetan, administrazioak jabearekin adostu dezake behin betiko birgaitzea nola egin. Baina akordiorik ez badago, administrazioak bere kasa agindu ahal izango ditu behar diren birgaitzeko obrak.

4.– Kultur ondarearen legeriaren arabera kalifikatutako edo inbentariatutako higiezinei dagokienez, legeria horretako xedapenak eta horren garapenetik emandakoak izango dira jarraibide aurri-deklarazioa erabakitzeko. Babes-araudi horren aurka ez doazen gorabehera eta zehaztapenetan, berriz, artikulu honetako araubidea aplikatuko da.

202. artikulua.– Erortzeko zorian egotea.

1.– Etxe edo eraikin bat erortzeko zorian egoteak arriskuan jartzen badu segurtasun publikoa edo pertsona eta ondasunen segurtasuna, udalak etxe edo eraikinari euskarriak jartzeko erabakiko du eta husteko agindu, edo premiazko eta beharrezko neurriak hartuko ditu kalteak aurreikusteko edo ekiditeko eta obra, eraikuntza, instalazio edo lursailen egoeraren ondorioz berehala etor daitezkeen arriskuei aurre egiteko. Salbuespenez, kalte handiagoak saiheste aldera ezinbestekoa bada, eraikuntza botatzeko agindu ahal izango du, katalogatu edo babestu gabeko eraikinen kasuan.

2.– Eraikinaren jabeak bere gain hartuko du aurreko artikuluan adierazitako neurrien ondorioz sor daitezkeen kalte-galeren erantzukizuna, bai eta neurriok hartzeak ekarriko duen kostua ere.

3.– Artikulu honetan aurreikusitako neurriak hartzeak, inola ere, legez erortze-zorian egotea deklaratzeko espedientea hastea ekarriko du berarekin.

203. artikulua.– Egikaritze-aginduak.

1.– Hondaturik dauden edo benetako erabilera legitimorako baldintza nahikorik ez duten eraikuntzei dagokienez, eraikuntza horiek konpontzeko, kontserbatzeko eta birgaitzeko obrak egiteko agindu beharko du udalak.

2.– Halaber, udalek habilitazioa izango dute edozein eraikinetan konponketa, kontserbazio, birgaitze eta hobekuntza obrak egikaritzeko aginduak emateko, honako helburuekin: eraikinaren egitura finkatzea, hirugarrenentzako arriskuak ekiditea, hirigintza-antolamenduan finkatutako baldintzetan gutxieneko hirigintza zerbitzuak ematea (ur- eta argindar-hornidura eta ur-sarea) eta irisgarritasunari buruzko araudia betetzea. Agindutako lan eta obra horietan, betiere, egikaritzeko epeak eta baldintzak finkatu beharko dira.

3.– Horietaz gainera, lurralde- eta hirigintza-antolamenduan jasotzen ez diren edo baimentzen ez diren ekintzak edo erabilerak atzematen dituztenean ere, udalek egikaritze-aginduak eman beharko dituzte, ekintza eta erabilera horien inpaktua minimizatzeko eta jatorrizko egoerara lehen-eratzeko.

4.– Egikaritze-aginduak betearazi beharrekoak izango dira. Egikaritze-aginduak arrazoirik gabe betetzen ez badira, administrazioak neurri hauek hartu ahal izango ditu:

a) Egikaritze subsidiarioa, eginbeharra duenaren kontura, kontserbazio-eginbehar normalaren mugara arte.

b) Hertsatze-isunak jartzea, gehienez hamar. Horien maiztasuna hilekoa izango da, gutxienez. Bakoitzaren zenbatekoa, gehienez, agindutako obren kostu estimatuaren % 10 izango da. Nolanahi ere, ezarritako azken hertsatze-isunari dagokion borondatezko betetzea egiteko epea igaro eta gero, administrazio jarduleak obligazioa izango du aldatutako errealitate fisikoa subsidiarioki lehen-eratzeko, arau-hauslearen kontura.

c) Nahitaezko desjabetze-espedienteari ekitea.

d) Birgaitze-programa bat egitea eta programa hori, lehiaketa bidez -lege honen 190. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz-, eragile birgaitzaile bati esleitzea, birgaitze-lanak ordezko egikaritzez egiteko. Neurri hau eraikina egiturazko akatsengatik aurri-egoeran gerta daitekeenean hartu ahal izango da, birgaitze-lanek egiturazko akatsok konpontzeko balio duten kasuetan.”

 

Guzti hau kontutan izanda, honakoa

 

ESKATZEN DUGU:

 

1.- Udalak, beharrezkoa den aurre-prozedura aplikatuz, Karea Dorrearen legezko aurri-egoeraren deklarazio egitea.

 

2.- Lurzoruaren 2/2006 Legearen 201. artikuluko 3b atala eta 202 artikuluak azaltzen dutena beteaz, berreskuratzeko premiazko neurriak hartu eta ondasunen segurtasuna bermatzeko eraikinari euskarriak jarri eta premiazko eta beharrezko neurriak hartzea.

 

Markina-Xemeinen, 2009ko uztailaren 14ean.


Utzi iruzkina: