JASANGARRITASUN ETA HAZKUNDE OREKATU BATEN ALDE, PLAN OROKORRAREN HASIERAKO ONARPENARI EZARRITAKO ALEGAZIOAK

kontzekupe 1456150572036 KONTZEKUPE | 2009-07-22 12:29

Herri antolaketarako Plan orokorra izan da udalgintzako gai nagusienetakoa. Urtarrilean ezker abertzaleak plan orokorrari egindako proposamenak zabaldu genituen. Proposamen hauek udalean ere aurkeztu arren, ez genuen inolako erantzunik jaso. Ondoren planari buruzko argibideak emanaz  3 edo 4 aldiz atera gara kalera plano eta argazkiekin.

Maiatzean, udal osoko bilkuran Hasierako Onarpena gauzatu zen PNVren baiezkoarekin eta Aralarren abstentzioarekin, guk ezezkoa eman genion. Ezezkoa batik bat planak ez dituelako herriko premiak oinarri hartzen eta jasangarritasun irizpideari muzin egiten diolako. Hasierako Onarpenari ezarritako alegazioetan gure ezezkoaren zergatiak azaltzen ditugu.

Epe barruan, uztailaren 20an, 12 puntutan garatutako alegazioak udalean aurkeztu ditugu. Jarraian, ezarritako alegazioen laburpena egiten saiatuko gara. (Aurkeztutako alegazioak bere osotasunean jasotzeko, zalantzak edo informazioa kontrastatzeko inork gurekin harremanetan jarri nahi izan ezkero helbide elektroniko hau erabili: kontzekupe@euskalerria.org)

Alegazioekin hasi aurretik argi laga behar da PNVk plan hau egiteko ez dituela inolaz ere herriko premiak kontuan izan, ez du inolako galdetegi, inkesta edota azterketarik egin. Beraz, plan hau noren onurako egin da? Zeinen premiak asetzeko?

Planaren helburua izenak dioen legez, herria ordenatzea da. Kontua da ordenatzeko irizpide ezberdinak erabil daitezkeela, baina, denontzako herria nahi badugu ordenatze horretan denon parte hartzea ezinbestekoa da. Beti ere, herritarren eskubideak eta premiak asetzea helburu izanik eta ez batzuen nahiak. Hortaz, kontua ez da legeak ematen dituen aukerak baliatuz ahalik eta gehien eraikitzea, premiazkoa dena baizik. Dagoena birgaitzea, dagoenari erabilera ematea ere helburu izan beharko litzateke. Udalak espekulazioari ezin dio bide eman, prezioen gorakadak ekidin behar dira. Lurraren okupazio basatia saihestu behar da, lurrari kentzen zaiona betirako baita, ez dauka atzera bueltarik.

Plana jasangarria izan behar da, hazkunde basatia planteatzen ez duena, ondorengoen bizi kalitatea hipotekatuko ez duena, lurraren okupazio egokia eta orekatua izango duena, ondare historikoa gorde eta babestuko duena, beti ere, herritarren premiak xede izanik.




Hona hemen alegazioen laburpena:

1.- PARTE HARTZAILEA

Planeamendu hau prozesu parte hartzailea beharko luke izan. Izan ere, herriaren geroa eta azkenean herritarron etorkizuna erabakitzeko eskubideaz ari baikara. Herritarrok erabaki behar dugu nolako herri eredua nahi dugun. Gainera herritarrok herriaren diseinuan zein etorkizunean parte hartzeko eskubidea 2/2006 legeak aipatzen du zazpigarren atalean. Bertan, 109. Artikuluan azaltzen da Udal plangintzako aholku batzordea osatzea. Batzorde horretan alderdi politikoez gain, herritarrak, adituak eta eragile ezberdinek parte hartuko lukete.

2.- ETXEBIZITZAK

Etxebizitza politikak bete behar duen helburu nagusia herritarren beharrak, premiak asetzea da eta ez nahiak. Etxebizitza eskubidea den heinean, udalak ezin du udaleko diru iturri nagusi bezala erabili. Onartezina da azken urteotan etxebizitzekin egindako espekulazioa. Etxebizitzaren izenean lurraren okupazio basatia egiteaz gain, negozio bidea izan da. Txosten hau garatzeko ere udalak ez du inolako azterketarik egin herritarren artean. Beraz, nola jakin zer behar den? Nola justifika daiteke planteatzen den etxebizitza kopurua?

2.1.- Markina-Xemein udalerriko H.O.P.O aurreikusten dituen 984 etxebizitza berri egitearen kontra gaude.

Kopuru hori ateratzeko taula bat erabiltzen da “Cuantificación de la oferta de suelo residencial del municipio Markina-Xemein”. Taula hori herri edo hiri guztietarako baliogarria da, ez ditu herri bakoitzaren ezaugarriak kontutan hartzen, ez ditu herritarren premiak aurreikusten, ez eta herritarren gaitasun edo posibilitate ekonomikoa ere.

Gaur egun Markina-Xemeinen txostenaren arabera 4.810 biztanle daude, hortaz planaren ibilbidean 10 urtetan 312 biztanleko hazkundea aurreikusten da eta hauentzako 123 etxebizitza kalkulatzen badira zergatik behar ditugu 984 etxebizitza?

Txostenean agertzen da 90.hamarkadan urtean 16 etxebizitza eraiki zirela. Azken urteetan, “etxebizitzaren booma” izan denean urtean eraikitako etxebizitza kopurua 53,2koa izan da.

Joera hau erabat aldatu da, azken urteetan eraikitako hainbat etxebizitza saldu gabe egoteaz gain, txostenean eraikitzat emandako 100 etxebizitza (“Ciudad Jardin”en 18 eta Arretxinaga I-n 82) eraiki gabe daude, bestalde, 984 etxebizitza hauek 2017rako egiteko, urtean bataz beste 123 etxebizitza eraiki behar dira.

2.2.- Etxebizitza hutsak

Etxebizitzen hutsen kopurua datu altua da, txostenak berak, eraikitako etxebizitza kopuruaren %28,15a dela dio, E.A.E.ko bataz bestekoa % 9,52 denean.

Hortaz udalak arazo bat dauka gai honen inguruan eta plan honek ez dio konponbiderik ematen arazo honi, ordenantza baten falta nabaria da. Zein da garatuko den politika urbanistikoa? Etxebizitza heren bat hutsik, onartu dezake plan urbanistiko batek kopuru hau?

Ezin bestekoa da honetaz plan edo ordenantza bat egitea. Gainera bertan jaso beharko litzateke, Markina-Xemeingo kasko historikoaren berriztapena eta etxebizitza hutsen erabilera sustatzea. Hau eginez gero ez dugu behar hainbeste etxebizitza (984 etxebizitza).

2.3.- Iparragirre sektorea

Ez dugu ikusten sektore honen beharra. Eremu urbanoan egiteke dauden etxeak kontutan hartuta markina-xemeindarron beharrak asetzeko nahikoa eta sobera dira. Hemen aurreikusita dauden 491 etxebizitzak ez dira eraiki behar.

Sektore honen egikaritzearen garrantzia txosteneko 31.orrialdean agertzen da.  Sin embargo, esta actuación lleva consigo unos costes importantes derivados de la inclusión en el mismo del bosque de Murga como Sistema Local de Espacios Libres,…

Dado que se considera muy importante su consecución, se plantea el incremento de los parámetros de edificabilidad,…”.

Ondorioztatzen da, jarduketa hau ez dagoela etxebizitza beharrizanak asetzera begira baizik eta, Murga basoa eskuratze aldera. Gainera, kostu handia suposatzen du. Batetik, lurraren okupazio basatia, herriak izan behar duen oreka apurtuaz eta bestetik jasangarritasun irizpiderik gabe eginda dagoelako. Horrez gain, tipologiari buruz ez dago irizpiderik, ez da egokia legeak baimentzen duena muturreraino eroatea.  Eraikigarritasun parametroak baxuak izan behar dira. Erdigunetik hurbilago egon arren, azken urteotan proiektatu diren eremuak irizpide orekatuagoekin egin dira; 3 altuera, espazio zabalak, … adibidez; Aldaola, Papelera Arretxinaga, …

Turu baserriko eremuak (Idarraga sektorea RXI–27a) RXI-ko 1. lotea jaso aurretik zituen eraikigarritasun parametroak handiak ziren, beraz lote hau gehituta are handiagoak. Eremu honetan ere, eraikigarritasun parametroak jetziz planteamendu sostengarriago eta orekatuago  bat aldarrikatzen dugu.

Txostenak lege baten erreferentzia egiten du, Lege hori PTPa da eta ez dago indarrean.


2.4.- Murga basoa

Murga basoa publikoa egitearen egitasmoa mantendu eta udalak bere jabetza eskuratzeko bide ezberdinak aztertu eta gauzatzearen alde gaude. Aukeren artean daude,  erosketa, trukaketa, desjabetzea edo afekzioa beste eremu batzuetara eragitea, beharbada egikaritze etenak eginez, baina Iparragirre eremua etorkizunerako baldintzatu eta hipotekatu barik.

2.5.- Bidaurreta.

Gaur egun juridikoki, 2/2006 lurzoruaren legearen arabera, ezinezkoa litzateke era horretako egitasmoa planteatzea, beraz, birkalifikatu eta gune ez-urbanizagarria izendatu beharko litzateke.

Ez da jasangarria. Batetik lurraren okupazio basatia, 47 txalet egiteko 8 Ha. lurzoru erabiliko direlako, bestetik txalet egiturak berak bultzatzen duen bizi eredua ez datorrelako bat Markina-Xemeingo herri ereduarekin.

Txostenaren arabera (ikus 61.orrialdeko “a.14 Residencial XII: Baja densidad” atala)  Bidaurreta sektoreari dagokion Plan Partziala 2003ko uztailaren 29an onartu zen, harrezkero planaren gestioa eta urbanizazioa ez dira egin eta ondorioz lur urbanizagarri izaera mantentzen du.

Aipatutako eremuari Plan Partzialean izendatutako parametro urbanistikoak dagozkiola azaltzen digu txostenak.

Egungo legediarekin sektore honetan diseinatutako planeamenduak ezin direnez gauzatu Plan Partzial hau indarrean egotea justifikatzen duen informe juridikorik ez dagoenez eta lur eremua urbanizagarri izaten jarraitzen duenez, ez da urbano bihurtu, eremua ez-urbanizagarri birkalifikatzea eskatzen dugu.

2.6.- Babestutako etxebizitza ofizialak

Etxebizitza eskubidea bermatzea eta etxebizitza sozialen politikaren falta nabarmena da. Eustaten arabera mila biztanleko adjudikatutako etxebizitza babestuak 0,00 dira, E.A.E.n 8,14 direlarik. Etxebizitza ez litzateke negozio bidea izan behar eskubidea baizik. Hori dela eta,  premiak eta beharrak asetzeko etxebizitza hutsen politika garbia, zehatza eta eraginkorra diseinatzeaz gain, udalak merkatu librearen alde egin beharrean etxebizitza publikoaren alde egin beharko luke horretarako lur eremuak kalifikatuz.

2/2006 legeak aukera ematen du babesturiko etxebizitzetarako soilik kalifikatzea eta baita desjabetzea ere. Hori dela eta Artibai 15-19 (R-III-8A) eremu hau babes ofizialeko etxebizitzak egiteko izendatzea, izendatze hau  H.O.P.O.an agertzea eta bertan eraiki behar diren babes ofizialeko etxeen promotorea Udala bera izatea eskatzen dugu, horretarako sektore horretan dituen  aprobetxamenduaz baliatuz.

2.7.- Larrialdietarako etxebizitza parkea

Txosteneko 43. orrialdean “3.5.d Equipamiento Asistencial” puntuan azaltzen den zaharren egoitzaz gain, herrian hainbat egoera latz eta larriek, hala nola; emakumeen aurkako erasoak, suteak … eragindako ondorioei aurre egiteko beharrezkoa da larrialdi egoeretako etxebizitza parkea aurreikustea derrigorrezkoa dela deritzogu.

3.- FUTBOL ZELAIA

Futbol zelai berrirako kotxeentzako bideak oinezkoa izateko bokazioa duen Arretxinagako gunetik igarotzen da. Bestalde, bide hori ez da batere egokia larrialdi egoera baterako.

Futbol zelaia bakartuta  gelditzen da herritik. Bertaratzeko bidea desegokia da erabat. Hori dela eta eskatzen da “Ciudad Jardín” eremutik zubia egitea. Gainera horrek bidegorri sarea handituko luke.

4.- EKIPAMENDUAK

Ekipamenduak zehazteko ez da inolako inkesta edo ikerketarik egin. Ez da aztertu herrian zein beharrizan dagoen. Ondorioz, ez dira definitzen beharren arabera baizik eta legeak derrigortuta izendatzen dira eta gero erabilpena eman. Ekipamenduen zehaztapen bat beharrezkoa da.

5.- KAREGA INDUSTRIALDERAKO BIDE GORRIA

Txostenean jasotzen den bezala, Markina-Xemein herriak bidegorri sarea osatzen joateko hautuari jarraituz, Kareaga industrialderako bide gorria egitea beharrezkoa da. Kontutan izan behar da gainera, industrialdean lan egiten duen hainbat behargin oinez lanera joateaz gain bertatik Done Jakue bidea igarotzen dela. Bide honek ez du izan behar inolako loturarik Bidaurretako 47 txaleten eraikuntzarekin.

6.- ONDARE HISTORIKOA

6.1.- Kareaga dorrea

EAEk monumentu bezala izendatua daukan Kareaga Dorrea egoera tamalgarrian dago. Dorrea ia erorita egon arren ez da aurreikusten horren aurrean inolako jarduerarik. Lurzoruaren legean 199 artikulutik 203 artikulura eta 7/1990 Euskal Kultur Ondarrari Buruzko Legearen 4.ataleko 2.puntuan udalak era honetako kasuetan bete beharreko erantzukizunak argi azaltzen dira.

6.2.- Urberuaga

Txosten honek ez du proposamen zehatzik egiten Urberuagako bainuetxeari buruz nahiz eta monumentu bezala izendatzeko eraikuntzen zerrendan agertzen den. Horrez gain, bainuetxea berrikuntza egiteko gomendatutakoen zerrendan azaltzen da.

6.3.- Ondasun historikoak.

Ondasun historiko, kultural eta arkeologikoak diren Ubilla errota, Ubilla dorrea, Oxilaingo burdinola eta Barroetako dorrea berreskuratze bidean txostenak ez du inolako proposamenik aurkezten.

6.4.- Gerra zibileko instalakuntzak

Txosten honetan ez da aipatzen gerra zibileko instalazioen babesa eta mantentzea. Badira, hainbat toki eta eraikuntza katalogatu eta ordenatu premian daudenak: Igotzeko metrailadore etxea, Montemar gaineko parapetoa, hainbat lubaki, …

7.- INDUSTRIALDEA

Ez da jarduera ekonomikoaren gainean inongo azterketa zehatzik egin, eskuetan ez dugu azterketa eta datu fidagarririk.

Industrialdearen zabaltzea, lehengo futbol zelaitik gasolindegira arteko aurreikusten den eremura mugatu behar da. Hortaz, bidearen beste aldeko lur eremuaren izendapena bertan behera utzi eta eremu horren erreserba egitea,  gerora premia izanez gero,  plan partzial baten bitartez izendapena egitea proposatzen dugu.


Udalak Kareaga Dorrea eta Kareaga Errota industrialdeko zerbitzuetarako eraikuntza bezala izendatzen ditu bere proiektuan. Egokiagotzat dugu izendapen hau Kareaga dorreari mantendu, eta izendatutako beste eraikuntza Santana baserria izatea, jabetza publikokoa izateaz gain, industrialdearen erdian egokiago kokatuta dagoelako.

Kareaga dorrea babestu aldera, industria eremua urrintzea eta dorrearen berreskuratzea eta konpontze bidean neurri azkarrak eta eraginkorrak hartu behar dira. 6.1. puntuan adierazitakoaz gain, 7/1990 Legeak bere 12. ataleko 1c  puntuak dio: Ondasunaren eta hau behar bezala babesteko eta honi balioa emateko beharrezko izan dadin ingurua ere zehaztea, baita horretarako zio izandakoak adieraztea ere. Zehaztutako ingurua, lege honen ondoriotarako, zermugatutako ondasunaren osagai izango da.  

Monumentua eta bere inguruaren zehaztapenak eta babeserako hartutako neurriak ez dira planeamendu honetan azaltzen. Are gehiago, monumentua eta bere babes inguruaren zanpatzea eta urratzea ematen direlakoan gaude, ondorioz 7/1990 legea betez hartutako babes neurrien zehaztapenak eskatzeaz gain, futbol zelaia zegoen tokian proposatutako industria eremua Kareaga Dorrearen babes eremutik urrintzea eskatzen dugu.

Garraio publikoa bultzatze aldera eta jendeari eta beharginei lantokira garraio publikoz joateko aukera emanez, industrialdean geltokia jarri beharko litzateke.

8.- SANEAMENDUA

Markina Xemeingo biztanle kopuru handi baten saneamendua ez dago bideratuta araztegira. Hau benetako arazo bat da eta plan honek nahita nahi ez aztertu eta diseinatu behar da.

9.- APARKALEKUAK

Urbitarte eta Uhagon ingurutan aparkaleku arazo nabarmenak daude. Txostenean aurreikusten da Uhagon guneko arazoa denborarekin konpondu ahal dela, baina Urbitarte eremuarentzat ez da irtenbiderik proposatzen.

Arretxinaga bideko 43 aparkalekuentzako zehaztasun falta nabaritzen da, ez da azaltzen zein premia betetzeko zuzenduta dauden, ezta nola finantzatuko diren; erosketa, trukaketa, beste area bateri uztartuta, …

10.- BERRIZ-ETXEBARRIA SAHIESBIDEA

Trafiko kopurua kontuan izanda, Etxebarriraino proiektatuta dagoen barianteak lehentasunezko garrantzia du.

Lehentasun hori izanda, txostenak ez du zehazten zein pauso eman behar diren lehentasun hau gauzatzeko.

11.- TXABOLAK

Ordenazio proiektu honetan nekazaritza tresnetarako txabolak arautu eta mugatu egin behar dira. Gehienezko muga batzuk eta baldintza batzuk jarriz, esate batera; gehienez 12 metro karratu, argindar eta sare publikoko ur eta saneamendu barik, ...

Txostenaren 126. orrialdeko “c.6 actuaciones edificatorias aisladas” atalean azaldu beharko litzateke txabola hauen ordenazioa.

12.- EUSKERA

Markina-Xemein bezalako herri euskaldun batean, onartezina da argitalpen hau gaztelera hutsean egitea. Hizkuntza eskubideak errespetatzea eta euskararen normalizazioan urratsak ematea beharrezkoa da.


Utzi iruzkina: