HERRI ANTOLAKETARAKO PLAN OROKORRA, ETORKIZUNA JOKOAN

kontzekupe 1456150572036 KONTZEKUPE | 2009-01-03 10:12

Gauza zehatzekin hasi baino lehen ezker abertzaleak parte hartzearen garrantzia azpimarratuko nahi dugu, herritarrek herriaren diseinuan zein etorkizunean parte hartzeko duten eskubidean hain zuzen ere. Bide ezberdinak daude horretarako, hasita 2/2006 legeak aipatzen dituenetatik, Udal-plangintzarako aholku-batzordea sortzea, non herriko elkarte, merkatari, kirolari, emakume talde, sindikatu, gazte, etab. ordezkatuak izango diren, zenbait gairen inguruan kontsulta egiteko aukera bera ere legeak ematen du. Baina baita plan orokorra egiten ari den prozeduran ere; herritarrak informatzeko bitartekoak jarri behar dira, arkitektoak herritarren kezka zein zalantzei erantzuteko, mintegi publiko eta irekiak non proposamen ezberdinak aurkeztuko diren, dokumentazioa eskuragarri, planoak ikusgai etab. Azken finean, guztiok eskubidea baitugu iritzia emateko herria diseinatzerako orduan.

 

 

Esan bezala, lehendabiziko urratsa geure buruei zein herri eredu nahi dugun galdetzea da. Bizi garen eta biziko garen herriaren nortasuna indartzea da xede. Herri euskalduna eta bere txikitasunean aberatsa izatea, herritarren gozamenerako. Herri parekidea. Herri bizia, kulturalki eta ekonomikoki. Nekazal lurrak babestu eta sustatuko dituena, ondarea babestuko duena. Herritarren beharrak asetuko dituena. Behar horiek zeintzuk diren jakiteko, herritarrei galdetu, diagnostiko bat egin behar da, izan ere, bereiztu egin behar baitira beharrak eta nahiak. Lehentasuna beharrek izango dute, bizi kalitatea eta bizitzeko oinarrizko eskubideak asetzea; osasuna, heziketa, etxebizitza, … Azken hau ondo zehaztu beharra dago. Etxebizitza politika garbia eta zehatza. Beharrizanak identifikatu eta hauei konponbidea ematea da helburu eta ez azken urteotan legez espekulazioari bide ematea. Honek etxebizitzen prezioa jendearen ahalmenetik gain izatea ekarri du. Izan ere udalak badu gaitasuna guzti hori ordenatzeko. Hau da, udala da lurrak kalifikatzen dituena, 2/2006 legeak aukera ematen du babesturiko etxebizitzetarako soilik kalifikatzea eta baita desjabetzea ere. Hortaz, herritarren beharrak asetzeko aukera badago, falta dena da borondate politikoa.

Beharrizanak erantzuteko aukera guztiak aztertu eta planteatu behar dira:

- Eraikitakoaren optimizazioa: alokairua, etxebizitzak birgaitzea.

- Etxebizitza hutsak identifikatu eta hauen erabilera sustatzea.

- Etxebizitza politika sozialerako urratsak: babestutako etxebizitzetarako lurzoruak kalifikatu, desjabetzeak, kudeaketa publikoak, …

- Larrialdietarako etxebizitzen parkea izatea.

- Eraiki behar bada, non eta zertarako zehaztu.

Irizpideetan aipatu bezala kulturalki eta ekonomikoki herri bizia izan dadin ekipamenduak, berdeguneak, kultur ondarea eta jarduera ekonomikoa sustatu eta indartuko duen plan orokorra diseinatu behar da.

Ekipamendu eta berdeguneei dagokionean, osasun zentroak, hezkuntza beharrizanak, kultur guneak, gaztetxeak, adinekoentzako guneak, kirol guneak, parkeak, plazak, … zehaztu behar dira. Herriko kultur ondarearen erregistroa egin eta hauek babeste aldera ordenantzak eta katalogatu. Herriak aurrera egin dezan jarduera ekonomikoa suspertzea premia nagusia izango da. Horretarako, diagnostiko bat sektoreka egitea komeni da, batez ere bultzada berezi bat emanez lehenengo eta hirugarren sektoreari. Halaber, hau guztiau diseinatzerakoan zenbait eduki kontuan izan behar dira:

- Ingurune fisikoa: geologia, hidrologia, landaredia, fauna, babesturiko espazioak, igarobide ekologikoak, nekazal eta abeltzaintzarako lurrak babestu, … Planaren aurrerapenean azaltzen da herri gunetik gertu dagoen Murganeko basoa. Plana diseinatzean lur eremu hau babestea garrantzitsutzat jotzen dugu.

- Jarduera gogaikarriak edo osasunerako kaltegarriak: lurzoru kutsatuak, enpresa kutsagarriak, zaratak, …

- Azpiegiturak eta ekipamenduak: ur hornidura eta saneamendua, bide azpiegiturak, ekipamendu publikoak, …

- Mugikortasuna: mugikortasun eramangarria sustatu (oinezkoa, bizikleta, garraio publikoa), herri eta auzoen arteko lotuneak, egungo bide sarearen konponketa, intermodalitatea sustatu garraio publikoaren artean (aparkalekuak), irisgarritasuna modu ez motorizatuentzat (bidegorriak, espaloiak, plazatxoak, …), irisgarritasuna modu motorizatuentzat (aparkalekuak, lurpeko garajeak, …).

Finean gure eguneroko bizitza errazte aldera eta guztiok ditugun oinarrizko beharrak betetze aldera diseinatu behar da plan orokorra.


Utzi iruzkina: