Jone Otxoa-Aizpuruari elkarrizketa

kazetaritzatailerra 1456150378535 Kazetaritza tailerra Andoainen | 2010-03-11 15:54


2010-III-05 | Andoaingo Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Lansailak herriko hiru ikastetxeekin batera kazetaritza eta komunikazio tailerra martxan jarri du, bigarren urtez jarraian. DBHko Aritz Altuna, Axel Garcia, Sara Gomez, Nahia Madinabeitia, Leire Montero, Maialen Oiarzabal, Nerea Ormaetxea, Naiara Sarasua eta Jon Jauregi ekimenean parte hartzen ari diren ikasleak dira. Kazetari lanetan ipini eta Jose Otxoa-Aizpurua Euskadi Gazteako esataria elkarrizketatu zuten. Herrian bertan elkarrizketatu zuten, Urigain Kultura Etxean hain zuzen.

JONE OTXOA-AIZPURUARI ELKARRIZKETA
Andoaingo ikasleek, Kazetaritza eta komunikazio tailerrean, Jone Otxoa abeslari eta kazetariarekin solasean aritu ziren. Jone Otxoa, Anoetan jaio zen duela 23 urte. Anoetako Herri Ikastolan aritu zen DBH amaitu arte. Handik Tolosako Laskorain Ikastolara joan zen Batxillergoko ikasketak egitera. Tolosatik Leioara egin zuen jauzi Jonek, Ikusentzunezko Komunikazioko Lizentziatura egitera. Gaur egun, Donostian Magisteritzako ikasketekin ari da anoetarra.

Nondik datorkizu irrati eta kazetaritzako zaletasuna?
J.O: Batxilergoan hautaketa egiteko garaia iritsi zenean, zein aukera zeuden begiratzen hasi nintzenean, Ikus-entzunezko Komunikazioko karrera bazela ikusi nuen. Betidanik,gustatu izan zait hitz egitea, komunikatzea, orokorrean komunikabideak asko gustatzen zaizkit. Gehiegi jakin gabe heldu nion bide horri. Batzuek bokazioz garbi izaten dute zein hautaketa egin, ez zen hori nire kasua izan.

Euskadi Gaztean hasi baino lehen, zer iritzi zenuen irrati honen inguruan? Orain bertan lanean ari zarela, zer iritzi duzu?
J.O: Lehen, kotxean entzuten nuen eta goizean iratzartzeko ere erabiltzen nuen irratia. Atsegina zen, entretenitu egiten zuen eta horrez gain musika entzuteko aukera ere ematen zuen. Orain bertan ari naizela, mundu hori zer den ezagutzeko balio izan dit. Musika eskaintzeaz gain, gehienbat entretenitzea helburu dugula esango nuke.

Nola egiten da zure programa teknikoa?
J.O: Teknikoki, irrati formula, hau da ahotsa jartzen duena eta tekniko lanak pertsonak berak egiten ditugu. Mahia txiki eroso bat dugu, programa desberdineko ordenagailuak ditugu eta norberak antolatu behar du errealizazioa egiteko garaian zer nola egingo de. Programa hastean, hor duzu mahaia, ordenagailua eta mikroa, egia esan praktikarekin hartzen da erraztasuna. Phader desberdinetara bideratzen da guztia eta horrekin egiten dugu lan. Bolumenaren iturriak dira eta kantutik kantura loturak emateko aukera ematen du.

Noizbait gertatu al zaizu zuzenean aritu eta airean ez zeudela pentsatuta norbaitekin hizketan jarraitzea?Noizbait gertatu al zaizu, ordenagailuak jarri beharreko kantua edo iragarkia ez jartzea?
J.O: Airean nagoela sekula ez zait pasatu, badakit jendeari pasatu izan zaiola baino. Mugikorrak, norbait sartzean...argi gorriari tentuz ibili behar izaten da. Ahalegintzen naiz ez pasatzen. Ordenagailuarena berriz, pasatu izan zait. Hori ekiditeko bigarren aparailu bat dugu, batek ez badu behar bezala erantzuten, bestearekin soluzionatu behar izaten da. Behin edo behin gertatu izan zait kantua jarri eta komunera joan eta bueltan etortzerako kantua blokeatua izatea. Azkenean, minutu bateko gauza izaten da eta ahal den egokien konpontzen saiatzen gara.

Zer motatako korreo elektronikoak iristen zaizkizu?Zein da irratian jartzeko eskatu dizuten kanturik kaskarrena?
J.O: Nik irrati formula egiten dut. Kanpoko mezuak ez ditut jasotzen, informazioa gehitzeko barneko zerbait ez bada behintzat. Jendeak parte hartzeko Top Gaztea deituriko programa dugu. Bigarren galderaren harira, ez dut jaso kanturik. Guztia ongi zehaztuta eta aurrez prestatuta izaten dut nire kasuan.

Lana bukatu eta etxerako bidean zoazela, musika entzuteko gogorik izaten al duzu?
J.O: Ez beti. Lau orduko saioa egin ondoren, batzuetan ez dut gogorik izaten. Egunak izaten dira baina batzuetan isil-isilik bueltatzen naiz etxera. Nire saioa goizean izaten da, eta eguna indarrez hartzeko bolumen altuan izaten dut eta sarritan nahikoa izaten da horrekin.

Mikrofono aurrean noizbait trabatu al zara? Zuzenean izan aurretik ikastaroren bat egin al zenuen?
J.O: Askotan trabatu izan naiz,egun batzuetan besteetan baino gehiago. Gogoan dut Fito y los Fitipaldisen Por la boca vive el pez estean asko trabatu eta guztiz blokeatuta geratu nintzen. Hautaketa probak egin ondoren, ikastaro txiki bat egin nuen. Aurrez, ikasketetan ari nintzela, mahaia ezagutzeko aukera izan nuen eta saiotxoren bat ere egin genuen. Hala ere, denborarekin eta praktikan jarriaz hartzen da erraztasunik gehiena. Nire kaxara ere lantzen aritu nintzen. Hautaprobak pasatu eta zuzenean hasi aurretik, ordubeteko saioak grabatzen nituen aparteko estudio batean. Profesional batek begiratu eta aholkuak ematen zizkidan.

Seguruago sentitzen lagundu zidan zuzenekora jauzi egin aurretik. Zein musika mota eta zein irizpideren arabera jartzen duzue?
J.O: Denetarik apur bat. Dance musika eta nazioarteko esaterako asko jartzen da. Irizpideei dagokionean, esatariok ez ditugu irizpideak markatzen, astero-astero zuzendaritzak erabakitzen du. Kantuak zenbatetan emitituko diren ere zehazten dute. Guri, ordenagailuan zerrenda agertzen zaigu eta horren arabera jartzen ditugu abestiak.

Txolarre Irratian izan gara. Bertan ere lanean aritua zara?
J.O: Bai, Txolarre kolaborazioak egiten nituen. Hilean behin argitaratu berri zen diskoa bat aurkezten nuen. Beraien musika jarri eta horrela... Kantaria zara eta diskoak kaleratu dituzu.

Momentu honetan zein egoeratan aurkitzen zara?
J.O: Oraintxe apur bat aparte utzia dut. Etxean nire kaxara aritzen naiz baino nahiko lanekin nabil gainontzean. Astez ikasketak, asteburuan lana eta musika...guztia uztartzea zaila egiten zitzaidan eta momentuz apur bat alde batera utzia dut.

Zer musika entzuten duzu zure aisialdian?
J.O: Apur bat denetarik entzuten gustatzen zait. Batez ere euskal musika atsegin dut eta talde berriak, zaharrak, guztiak jarraitzen saiatzen naiz.

Zein dira zure erreferentziak irratigintzan?
J.O: Esatariei dagokionean, erreferentzia argirik ez daukat. Aspalditik lan honetan dabiltzan profesionalak entzutea gustatzen zait, beraien lana niretzat baliagarri izan daitekeela iruditzen baitzait.

Zer nolako albisteak entzutea duzu gustuko?
J.O: Normalean autoan noanean, puntuetako albisteak entzuten ditut, modu ona iruditzen baitzait, eguna ematen ari dena jarraitzen joateko. Irratitik datozen bost minutukoak baliagarri zaizkit.

Andoain herriko zer ezagutza daukazu?Etortzen al zara Andoinera?Zein iritzi duzu herriari buruz?
J.O: Andoainera festetan etortzen naiz, Aiurri ere ezagutzen dut lantxo batzuk egin izan baititut, ikaskide batzuk ere baditut hemen...Herria gertuko egiten zait, baina Anoetatik Tolosa aldera gehiago jotzen dugu.

Nola izaten da zure lana egun normal batean?
J.O: Goizeko 6:10ean jaiki, 10minututan prestatu, kotxez Miramonera joan eta zazpietan saioa hasten dut. 6:40tarako bertan izaten naiz, ezer izanda ere jakinaren gainean izateko. 7:00tatik 11:00tara estudioan aritzen naiz neroni bakarrik. kantuak eta publizitatea jarri, kontu batzuk esaten. Etxera itzultzea, hor hasten da nire eguna.

Aisialdian zer egiten duzu?
J.O: Musika sortzea, lagunekin egotea, kirol pixka bat egitea, bazkari-afariak egitea, zinea,parrandak egitea, azken aldian gutxiago baino.

Non ikusten duzu etorkizunean zure burua, irakasle, esatari? J.O: Zaila da esatea baina. Iaz interneteko ikastaro batzuk ematen aritu nintzen eta orduan piztu zitzaidan irakasle izateko harra. Jendearekin konektatzea gustuko nuela konturatu nintzen. Etorkizunean, ez dakit, irratigintzan zaila da lekua aurkitzea, horretan nabil baina irakaskuntzak ere tentatzen nau. Haur txikiekin lanean aritzeko gogoa ere badut. Nire burua ez dakit non ikusten dudan, hori etorkizunak berak erakutsiko du.

Beste gaiei buruz zer iritzi duzu, adibidez, AHT proiektuaren inguruan?
J.O: Nire herria alde batetik bestera zeharkatu du eta informazio falta handia dagoela esango nuke. Jendeak ez daki zer izango den, zertarako, zergatik eta informazio falta horren aurrean hutsune hori azpimarratuko nuke. Bestetik, horrelako proiektu erraldoia beharrezko ote den galdera egingo nuke, non gauza asko hankaz gora jarriko dituen eta oraingo sistema ez ote dagoen berritzerik.


Utzi iruzkina: