Zinemaldia, kazetariak eta kroketak
Amaran utzi nau autobusak, eta oinez egin dut Kursaalerako bidea. Maleta handi batekin eta nire ordenagailua sorbaldatik zintzilik, gogoz jotzen du eguzkiak gainera. Alfonbra gorria topatu dudanerako ez dut oso itxura glamourosoa, egia esanda. Kursaaleko kafetegian indarrak berreskuratzen saiatzen naiz. Kafea izotzarekin: 2,60 euro. Zer espero nuen? Donostian nago.
Ondoko mahaian TVEko kamara bat eta bi kazetari. Prentsaurreko batetik omen datoz, eta zuzendari bat larrutzen ari dira. “Ze bordea tipoa, ezta?” “Bai, bai, ez dakit nola agoantatu dugun.” Nortaz ari dira? Kuriositatearekin gelditzen naiz.
Orain konturatzen naizela inguruan ditudan pertsona guztiek kazetariak dirudite. Kamerak, mikrofonoak, sakelako telefonoekin jo eta ke… eta guztiek bere akreditazioa lepotik zintzilik. Zinemagilerik, aktorerik ez, ordea. Zer da hau: zinemaldia ala kazetaldia?
Kafea bukatu dudanerako nire laguna ailegatu da. Pelikula korear bat ikustetik dator: April Snow . Oso amodio istorio polita, esaten dit, oraindik begiak bustita. Erromantiko hutsa da nire laguna. Eta berak ere akreditazioa dauka. Baina berak ezkutuan darama. Bestela ez omen dute bakean usten, argitzen dit. Lepoan badarama beste akreditatuak inguratzen zaizkio, magiaz-edo. Kaixo, Cuencako aldizkari kultural bat zuzentzen dut / Salobreñako udalarentzako egiten dut lan / Bideo-klub bateko nagusia naiz, zinemaz hitz egingo dugu? Akreditatu bakarti gehiegi zinemaldi honetan.
Martxan jartzeko ordua da, pelikulak ikusteko ordua, horretarako etorri naiz eta. Zabaltegikoak ikusi behar ditugu, sail ofizialaz kazetari serioak okupatuko direlakoan. Jogo Subterraneo , Julio Cortazarren istorio batean oinarrituriko pelikula brasildar eta apur bat herrenaren ostean, pintxo batzuk hartzera goaz ondoko taberna batera. Proiekzioak eta gero hona omen datoz zuzendariak bere aktoreekin. Baina tabernan ez batak ez besteak. Kazetariak bai, noski, kroketak jan eta jan.
Gure tour partikularra jarraitzen dugu. Ardoak eta kroketak. Kroketak eta ardoak. Eta tarteka ingurukoei begira. Ez da hori Abel Ferrara? Ez ba, antza badu baina ez da. Begira, Ricardo Darín! Ez dut uste, euskaraz ari da zerbitzariarekin.
Etsi egiten dugu.
Hurrengo egunean, Zabaltegin perla bat ikusteko aukera izaten dugu: Mistrz poloniarra (ez galdetu nola ahoskatzen den). Amodioaren kontra labankada dabilen zirko maisu baten istorioa. Paseo bat ematea erabakitzen dugu gero, filmaz hitz egiten dugun bitartean. Fotografia ederra, musika ere bai, istorio sotila eta gustuz tratatua… eta bat-batean, urrunean, ikusten dugu, bera da, epaimahaiko presidente galanta: Anjelica Huston. Aktoresa eta zinemagilea. Azkenik zinema izar bat, azkenik zinemaldi honi klasea ematen dion pertsonaia. Saiatzen gara gerturatzen. Argazki bat atera, apika. Eskuarekin agurtu. Baina ezinezkoa da. Kazetari-hesi batek hurbilketa ekiditen digu. Kazetariak bere kazetaldi partikularrean.
Iruzkinak
Anonymous 2005-09-24 00:10 #1
<p>Iduri luke zure Sansebastian horrek egitazko glamour holako batez diztiratzen duela: glamur profesional batez, esan dezagun. Badirudi herri hori ez duela PSOEk abertzaleak mendiko zoo baten konfinatzeko erabiltzen, eta zinea den bezalako txatxukeri batek egiazki zerbait esan nahi duela Sansebastianen. >Egiazki Martetik zatoz.<br />Ernst Juengerren "Stahl Gewittern" batek, baratzerakoan, ilarrosten duen hosto jaulkia zara.</p>
Anonymous 2005-09-28 09:39 #2
<p> Goiko anonimoari Zergaitik Herri honetan dago hainbeste encefalograma plano? Non dogo gure humorearen sentzu?</p>
2006-01-27 14:59 #3
<p>Hori ondorioztatu baduzu nire mezutik egiazki planeta desberdinetan bizi gara. Zurean ez omen da ironiarentzako tarterik. >Elkar ez ulertzera kondenatuta beraz. Pena da.Hori ondorioztatu baduzu nire mezutik egiazki planeta desberdinetan bizi gara. Zurean ez omen da ironiarentzako tarterik. >Elkar ez ulertzera kondenatuta beraz. Pena da.</p>
Utzi iruzkina: