Zilarrezko gay ezteiak

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-07-05 00:49
2

Kontradikzioz beterik dago nire bizitza. Benetan, ez dakit zergatik baina kontradikzioak erakartzen ditut. Ahalmen hori dut. Txikitatik. Maite naute, miretsi egiten naute kontradikzioek.

Ostegunean, adibidez, Chuecan ibili nintzen garagardotan, bertako giro paregabea disfrutatzen, ortzadar banderen pean I will survive eta antzeko abestiak dantzatzen.

Ostiral goizean, bizitzako ironia horiek direla medio, Ana Botella txit agurgarriari bi musu ematea beste erremediorik ez zitzaidan gelditu. Zorionez ez zuen orduan ez madaririk ez sagarrarik aipatu, baina ni beldurrez gerturatu nintzaion, bere neurona falta kutsagarria zelakoan edota goizean bere senarrarengan gertuegi izanda zelakoan.

Larunbatean nire guraso heterosexualen zilarrezko ezteiak ospatu genituen, gainezka dagoen Ullibarri-Ganboa urtegi ondoan.

Gaur, oso lagun ditudan mutil bikote batekin izan naiz afaltzen, haien ezkontza posibleaz hitz egiten (ez dutela oraindik ezkondu nahi, lehenengo gay ezkontzek izango duten show kutsu saihestezinagatik edo).

Txoraturik nago. Gauetan eta lo-kuluxka goxoaren garaian Chuecan nagoela amets egiten dut, Botellaren eskuari helduta. Amesgaiztoa dirudi, bai, baina hurrengo planoan nire gurasoak agertzen zaizkit, bat-batean homosexualak bihurtuta, seme-alaba berriak adoptatu nahi dituztela esanez, nire logelan ahizpa eta neba berriei lekua utzi behar diedala eta abar. Eta azkenean nire burua hogeita bost urte barru ikusten dut, nire lagun horien zilarrezko ezteiak ospatzen. Eta pozgarria da ametsaren amaiera hura, inondik ere. Botellari bi musu ematea baino askoz, azkoz pozgarriagoa.

Aiora

Aiora 2005-07-05 12:10 #1

<p>Aizu Katixa, kuriositatea jarri zait ta barkatu atrebentziagatik baƱo, zer dala ta eman zenizkion bi muxu Botella andereari? Nundik noa tokau zitzaizun eginbehar hoi?</p>

Katixa Agirre

Katixa Agirre 2005-07-10 18:19 #2

<p>Boooo, hori istorio luze eta tristea da, beste post batetarako ematen duena. Akaso aurrerago...</p>


Utzi iruzkina: