Txikiak, bitxiak, legalak

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2008-03-07 08:03

Espainiako telebista-kateetan bi baino ez ditugu ikusten. ETBn bost edo sei (bat gainerakoak baino gehiago). Baina, egiatan, askoz gehiago dira. Parlamentutik kanpoko alderdiak dira gehienak, hau da, Espainiako kongresuan inoiz diputaturik lortuko ez dutenak. Subentziorik jaso ez, eta gastu guztiak beren poltsikoetatik ordaindu behar dituztenak. Horien artean, denetarik aurkitu daiteke.

Batzuek anbiguotasunarekin jokatzen dute (fatxa hitza gaizki gelditzen delako boto-txartelean): Alianza Nacional, España 2000, Alternativa Española… hainbeste kostatzen zitzaien partidu bakar batean biltzea Espainiaren batasuna eta lege naturalaren defentsa egiteko?

Beste alderdi batzuek institutuko historia liburutik atera berriak dirudite: Falange Española de las Jons, Alderdi Karlista… selektibitatean entzun nituen azkenekoz.

Beste batzuekin, ordea, zaila da bat ez egitea: Por un Mundo Más Justo (Mundu justuago baten alde), eta beren logoa morala igotzen duen lur planeta irribarretsu bat da.


Gehien harritu nauena, aldiz, Alternativa Motor y Deportes (Motor eta Kirol alternatiba) izeneko alderdia izan da. Badirudi motorraren aldeko alderdi bat osatu nahian zebilen lagun batek kirolen aldeko partidu bat sortu nahi zuen lagun batekin egin zuela topo. Indarrak batzea erabaki, eta horrela sortu zen alderdi hau. Logoa bitan banatu dute, zirkunferentziak ematen dituen abantailak aprobetxatuz: zirkuluaren zati bati pneumatiko forma eman diote eta besteari baloi forma. Eta guztiok kontent. Beren web orria bisitatzea merezi du. “Gobernuak motor eta kirol jarduerak ostrazismora bidali dituenez” (sic) alderdi hau sortu dute, motor eta kirol zaleen interesak defendatzeko. Beraz, lehenengo lagunak golf-zelai sare bat eskatzen du, eta bigarrenak Motorraren Hiria deitzen duen Arkadia antzeko bat. Eta biak pozik.


Oharra: Ez pentsa horrelako bitxikeriak topatzeko asko arakatu behar izan dudanik: aipatutako alderdi guztiak nire zirkunskripzioan –Araban– aurkezten dira. Legalki aurkeztu ere.


Utzi iruzkina: