Rimmelik ez alargunentzat (I)

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-06-08 20:12
2

Ipuintxo batekin nator gaurko honetan. Zuetako batzuei ezaguna egingo zaizue ziurrenik, aurreko lan baten adaptazioa baita. Beste horrek egiten duen bezala, zatitu egingo dut kontaketa, irakurketa oso astuna ez egitearren. Zuen kritika krudelen zain gelditzen naiz.


Astelehen hura beltza esnatu zen, Elenaren trajea bezain beltza. Ez gehiago, ez gutxiago. Astelehen horretan deseroso sentitzen zen Elena bere belztasunean. Bitxia, arraroa. Eta eroso sentitu behar zuen. Egun klabea zen, azen finean. Hirugarren bilera hura. Hirugarren bilera eta kontratua sinatu. Kontratua sinatu eta arrakasta, zorionak, xanpaina, igoera. Igoera merezi zuelako. Hamar urteren bueltan: zenbat aireportu, zenbat bilera, zenbat gau ordenagailuaren aurrean. Merezi zuen. Merezi dut, esan zion Elenak bere buruari etxea utzi eta taxiaren zain zegoen bitartean. Eskuan poltsa arina eta ordenagailua. Guztiz beltzez, oinetatik burura eta burutik oinetara.

Esan ohi da beltza dela okasio guztietarako kolore aproposa, berdin hileta zein lan elkarrizketa, zer esanik ez gabon zahar festa zoroa, baina berari ez zitzaion halaxe iruditu bere burua saloiko ispiluan azkeneko aldiz begiratzerakoan. Kolore beltzak ez du arrakasta erakartzen. Hori edonork daki. Baina zoritxarrez ez zeukan denborarik ezta erreserba nahikorik armairuan bere arropak aldatzeko, beste kolore aproposagoz apaintzeko. Bilera bakoitzean traje desberdina janzteko ohitura zuen. Eta bere bi traje gogoangarrienak, grisa eta zuria, aurreko bi bileretan erabilia zuen. Beraz, beltzez.

Geroxeago, taxian aireporturako bidea egiten ari zela, hiria atzean, taxilariak hainbesteko edukazioz tratatzen zuela ikusita, agian beltzak halako errespetagarritasun kutsu ukaezina ematen ziola pentsatu zuen, bera, bere belztasunean, bere iluntasun zehatzean, pertsona inportantea balitz. Enbaxadore bat, zergatik ez. Edo alargun bat.

Alargun bat izatearen ideia buruan gelditu zitzaion, zurrunbiloan, eta berarekin jarraitu zuen behin aireportura ailegatuta eta titulu berri hura geroz eta gehiago gustatzen zitzaiola onartu behar izan zuen. Alargun bat, horrela, bere letra guztiekin, alargundu berria, abaildua, kontsolamendu bila, beltzez jantzia. Argi zegoen: horretarako jaioa zen. Berriz so egin zion bere buruari eta alargun aurpegi nahiko sinesgarria zuela ikusterakoan alegeratu harritu egin zen.

Aireportuan hainbestetan ikusitako komeria antzezten ari ziren bera bezalakoak zirenak. Negozio gizon eta emakumeak, beren aparatu elektronikoetara itsatsita, ordutegiak kontsultatzen, harrera mahaietan kexaka, erlojuei begira, azken dokumentuak errepasatzen. Urduritasuna batzuengan, irrika besteengan. Gorbatadunak gizonak, traje garestiekin emakumeak. Traje grisak, beixak, marroiak, urdinak. Baina ez beltzak. Desberdina sentitzen zen Elena. Komunera sartu zen, ispilu aurrean azken errepasoa ematera, bere belztasun alarguntsua berrestera. Emakume batek bere alkandora plantxatzen zuen bertan, umeen haur-oihalak aldatzeko kokatzen diren mahai horietako baten gainean. Gizonezkoen komunean baten bat bizarra mozten arituko zen ziurrenik, alkandora esku lehorgailuan zintzilikatuta.

Bilera klabe horretara eraman behar zuen abioiaren zain zegoelarik kafesnea hartu zuen aireportuko kafetegian. Begirada galdua zuela edan zuen bere kafe likitsa, txukuntasun tragikoz, dramatismo neurtuarekin. Alargun izatearen ideiak zeharo lasaitzen zuen, hirugarren bilera klabe horren inguruko kezkak zokoratuz. Izerdi egiteari utzi zion. Alarguntsek ez dute izerdirik egiten.

Bere hegaldia iragarri zuen ahots batek. Minutu bat beranduago altxatu egin zen Elena. Barrara gerturatu, euro txanpon bat utzi bertan (begirada galduta beti ere, zerbitzaria berriz begira baitzuen) eta 2. aterantz jo zuen pausu ziur bezain arinaz. Hegazkina aireratzera zihoan, eta abioiek alargun errespetagarriak itxaroteko tendentzia badute ere, hobe zen gehiegi ez arriskatzea. Alargun errespetagarri bezala bere lehen eguna zen eta oraindik ez zituen ondo ezagutzen errespetagarritasunaren limiteak.

Emakume edadetu bat eseri zitzaion alboan hegazkinean, zuri-beltzez jantzita, eskuan errebista parea, ilea urdin. Aurpegi adeitsua zuen eta amona bat zirudien, karameluak eta erroskilak ematen dituzten amona horietako bat. Eta gertatzen zen emakume hark Elenaren eserlekua nahiago zuela, alegia, leihatila ondoko eserlekua, eta ez berari egokitutako pasilloko eserleku zatarra.

-Inporta zaizu?- esan zion, herabeki, edade horretako emakume batean herabetasunerako kapazitatea geldituko balitz moduan.

Elenak begietara begiratu zion baina bere begiak ikusi gabe, bizitzan gauzarik inportanteena galdu duenaren begiradarekin hain zuzen, eta zer axola kondizio horietan leihatilaren ondoan eseri edo pasilloan. Ezetz esan zion beraz, ez zitzaiola inporta, aurrera, har ezazu nire lekua.

-Eskerrik asko,- esan zion emakumeak orduan- ez dago zu bezalako gazte adeitsua topatzea bezalakorik. Oporretan?- galdetu zion, azkar, elkarrizketa hasi berri horren haria mantendu nahian.

-Ez nuke horrela deituko,– erantzun zion Elenak bere erantzuna pentsatu ostean, ahots fin eta dardaratiarekin – deskantsatzera noala esatea hobe litzateke, errekuperatzera edo.

to be continued... soon



Anonymous

Anonymous 2005-06-09 21:14 #1

<p>Momentuz ezin dut krudela izan gustatzen ari naiz gero gerokoa .</p>

Patxi

Patxi 2005-06-10 00:44 #2

<p>Inprimatu eta lotaratu aurretik irakurri nuen. ><br />Ez zidan loa galerazi. Seinale ona? Txarra? ><br />Bigarren zatia noizko?</p>


Utzi iruzkina: