Neo-eskaleak

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2009-01-30 12:20
3

Eskale bat egokitu zaigu etxe azpian, arkupeetan. Ez da eskale konbentzionala: ez da zikina, ez du atzamarrik gabeko eskularrurik, ez diot kartoizko oherik ikusi. Gaztea da, guapoa dela esan daiteke, eta, aurikularrak belarrian, mp3aren konpainian igarotzen ditu egunak.

Baina dirua eskatzen du. Edonori. Modu goxoan. Bereziki neskak ditu jomugan. Niri zuzentzerakoan, euskara ere tartekatzen du: "Kaixo, barkatu, oye, una preguntita, mesedez…". Eta galderatxo hori dirurik emango ote diodan izan ohi da. Aurpegi arraroa jartzen diodanez bere egoeraren nondik norakoak azaltzen dizkit, gaztelera hutsean oraingoan: "Gurasorik gabe nabil eta, badakizu, dirua behar dut…". Bere albotik pasatzen naizen bakoitzean, informazio gehigarria eskaintzen dit. Azken egunean, "asistentearen laguntza" ailegatzen zitzaion bitartean eskatzen ari zela argitu zidan, eta gero berriz errepikatu "gurasorik gabe" zebilela.

Ez dut oso ondo ulertzen zer esan nahi didan horrekin. Hil egin direla? Gurasoen etxea utzi duela? Gurasoek etxetik bota dutela? Bat edo bestea izan, ez dut ondo harrapatzen mutilaren logika. Garai bateko eskaleek hiru seme-alaba eta amaginarreba bat beren kargu zutela argudiatu ohi zuten. Langabezian egoteagatik ezin zutela prolea behar bezala zaindu. Eta laguntza eskatzen zuten horregatik.

Mutil honek ez du familia baten erantzukizuna aurkezten baizik eta kontrakoa: familia eza. Ez lan eza, ezta etxe eza ere, ez: guraso eza. Ando sin aitas y… esan ohi du aurikularrak kendu gabe. Hau da, diru eta ondasunen hornitzailerik gabe dagoela.

Ez dakit tipoak izugarrizko kopeta duen edo eskale espezie berri baten alea ote den. Gaztea, kualifikazio eta enplegurik gabekoa (hala diote estatistikek, lehen hezkuntzatik pasa ez direnen artean langabezi tasa izugarria dela egun) eta sostengurik emango duten gurasorik gabe. Neo-eskaleak. Mp3 batekin. Baina kale gorrian, usadio zaharrak jarraituz.

Olegario

Olegario 2009-01-30 20:30 #1

Aupa Katixa.

Uste dut ezagutzen dudala zure eskale hori. Ez zaizu iruditzen dokumental bat merezi duela? Nik aspaldi pentsatu nuen.

agur.

Josi

Josi 2009-01-31 19:48 #2

Dokumentalaren ideia ez da txarra.
Baina berak besterik ez du nahiago izango?
Galdeiozu baezpadare!
Js

Death Proof

Death Proof 2009-02-03 18:34 #3

Katixa, habitat berriya aurkitu al dezu? Mudantza itia tortura bat dala esaten due, nik ez dakit ta ez det inoiz jakingo, ze ez det etxetik alde iteko asmoik. Nostalgiko ta kontserbadore bat naiz ta horregatik gustatzen zait Quentin Tarantino.

Utzi iruzkina: