Markak. Gernika 1937

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2007-10-29 16:36

Historiak gauzak bere lekuan jartzen dituela pentsatzea gustuko dugu. Galtzaileei (gehienoi) geratzen zaien (zaigun) azken kontsolamendua omen da hori. Gertaerak, pertsonaiak, batailak eta mugarriak, Historia deitzen dugun izaki ezezagun eta ustez ahalguztidun horrek epaituko dituela pentsatzeak lasai uzten gaitu. Onak eta txarrak bereizi,  txalogarria txalotu, deitoragarria deitoratu.

Baina historiak ez du ezer jartzen edo kentzen, ez du ezer epaitzen. Gizakiok gara horren arduradun, eta interesak interes, askotan historia joko zikinean sartzea hobesten da, pertsonaiak eta gertaerak ahaztuz, manipulatuz, kolorez aldatuz, betiko ezabatuz.

Historiak markak uzten omen ditu. Hori ere ez da guztiz egia. Markak uzteaz gizakiok arduratzen gara. Gizakiok pintatzen dugu kobazuloetan. Gizakiok idazten ditugu liburuak, panfletoak, graffitiak. Gizakiok betikotzen dugu gure maitearen izena komunetako ateetan. Gizakiok dugu “Hemen izan gara” esateko beharra, ez historiak

.

Baina markak ere ezabatu daitezke. Momentu batetik bestera. Denbora kontua baino ez da. Il masso di Borno harkaitzaren ildo eta lerroak higatu daitezke, Milango museo horretako turistek, zaintzaileek begiratzen ez dutenean, beren eskuak pasatzen badituzte harri horretatik, kuriositatez edo maltzurkeriaz.

Atxagak hain gustuko dituen California eta Nevadako lertxunen gainean idatzitako carving-ak ere desagertu daitezke, sute, tximista bortitz edo egurraren enpresari bat tarteko, adibidez.

Gernikaren bonbardaketak marka bat utzi du, edo ugari. Ez da metrallaren marka, ez dira zorigaiztoko Heinkel eta Junker-ek utzitako markak. Horiek aspaldi borratu ziren, eta eskerrak.

Gernikara  gerturatutako atzerriko korrespontsalek markak utzi nahi izan zituzten. Picassok, handik gutxira, marka horren zatirik adierazgarriena ekoiztu zuen. Madrilen dago ikusgai, baina gertu sentitzen dugu. Eskerrak ematen diogu malagarrari Gernikaren marka artearen historiaren marka ere bihurtzeagatik. Marka indartsua dirudi, betiko iraungo duen horietako bat.


Baina ez gaitezen engaina: marka guztiak daude arriskuan. Picassok margotutakoa ere bai.

Horregatik Bernardo Atxagak Gernikako marka azpimarratu nahi izan du liburu honekin. Beharrezkoa zelako. Gernikakoa topiko hutsala bihur ez dadin, benetan gertatukoa ahatz ez dadin, mende berriko errebisionistek su-bonba gehiagorik bota ez dezaten Gernikaren gainean.

Eskerrak beraz asteasuarrari ere. Marka azpimarratzeagatik, eta gugan ere marka berri bat uzteagatik. Luzerako izan dadila.

(Beterriko Liburua-rako idatzia, 2007ko urrian)


Utzi iruzkina: