Maiatzari omenaldia

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-05-02 21:24
4

Maiatza ailegatu da , nire hilerik gogokoena. Maite dut maiatza. Maite dut bere izena, bere izana, bere eguzkia. Bere euria ere bai, apur bat gutxiago.

Bereziki gogoan dut orain dela pare bat urteko maiatza. Worcestershire konderriko hiritxo batean. Eguraldia ez bikaina, baina epela behintzat bai. Azken lan bat entregatzeke, ahozko aurkezpen bi, alemaniarra eskola batzuk eta gainerako denbora niretzako: living it up! ingelesek dioten moduan, hau da, gogoz bizitzen.

Askotan errepasatzen ditut gomuta horiek, on egiten didate: azken egunak lagun minekin, paketeetan ailegatutako patxarana gaueko ordu txikietan, Birminghamera zihoan trena (beti delayed, beti), gauak Bamboo diskotekan eta hura ixten zutenean Kebab antihigienikoa jatea kale nagusian. Rugby partidak, ball edo dantzaldiak, kurtso bukaerako antzezlanak, ustekabeko momentuetako negar eta arrangurak. Eta gero, maiatzaren bukaeran, azken agurrak aireportuan, gehiegizko pisuagatik tasak ordaintzea, abioi bat hartzea, Londres behean uztea eta haren ordez Bizkaiko kostaldea agertzea. Pozik eta inoiz baino miserableago. Energiaz beterik eta oin astunekin. Hitz egiteko gogoekin eta mingain alperrarekin. Lagunak ikusteko nahiak eta etxetik irteteko gogo eza. Sentimendu nahasienak maiatza horretan.

Maiatza honetan antzera sentitzen naiz. Nahasi. Martitzeko beroak uda atmosfera sortzen du: terrazetan garagardoa edaten igaro nahiko nuke denbora, Debod inguruko belarretan botata edo Manuelan te izoztua hartzen. Baina era berean kurtso bukaera da, niretzat behintzat urteko tarterik lanpetuena. Zerrenda bat dut ekainerako prest izan behar ditudan lan guztiekin eta oso luzea da zerrenda hori. Luzeegia. Beraz etxean, ordenagailu honi itsatsita egotea gomendatzen dit nire ahots zentzudunak. Baina leihotik begira eta… ay, eguzki hori, izozkiak, belarraren freskotasuna, nola horri uko egin siberiar-gasteiztarra izanez?

Uda oso gertu sentitzen da, eta udak beti ematen du parada fantaseatzeko: bidaiak, hondartzak, maletak, sorpresak. Eta horrek pozten nau, umore onez jartzen nau. Nor ez? Baina apur bat aurrerantz egiten du nire imajinazioak eta nire burua ikusten dut irailean, iraileko krisialdi tipikoarekin. Kurtso berri bat eta berriro gauza ez-ziurren laberinto horretan barneratzea. Non biziko naiz? Beka bat emango didate? Kinielarekin saiatzen hasiko naiz? Blogerako harpidedunen bila hasiko naiz? Lana topatuko dut? Eta topatzen badut: non, nola, noiz, zenbat, zenbaterako?

Mezu hau lan ezegonkortasunaren kontrako aldarrikapena bihur liteke, maiatzaren bata hain gertu dugula aprobetxatuz. Baina ez, ez da hura nire asmoa. Izan dadila mezu hau maiatzari omenaldia, nire hilerik gogokoena, hala eta guztiz ere.

Julen

Julen 2005-05-03 23:30 #1

Gogoratu baita ere kukuak kantatzen duela maiatzean kuku.

Anonymous

Anonymous 2005-05-05 21:05 #2

We like May His shoes are purple.He is new and high. Edo oker nago eta martxoa da?

Katixa Agirre

Katixa Agirre 2005-05-05 21:32 #3

It is march, indeed. >
Nire amatxoren eta Emily Dickinson-en hila.

2006-01-27 14:59 #4

bizi bizia!! >K.bizi bizia!! >K.

Utzi iruzkina: