Literatura nahigabe sartzen zaigunean
Has nadin nire burua zuritzen: nire blogak ez du asmo literariorik. Eta hala ere blogak eta literaturari buruz hitz egitera gonbidatu naute. Eta aurki.com-en idazleen txokoan sailkatu naute.
Zer pentsatzea ematen du?
Hasieran bazuen, Onanismo Onirikoaren garai ilun horretan. Asmo literarioa, esan nahi dut. Edo hobe esanda, nire estreinako blog horretan zer idatzi ez nekienez, aurretik idatzita eta ordenagailuan gordetako ipuintxo eta poema batzuk argitara eman nituen.
Asmo literarioa? Apal-apala.
Gainera gutxi iraun zuen horrek. Berehala bloga bestelako gauzak idazteko egokiago zela ikusi bainuen: eguneko anekdotak, ikusitako azken pelikularen gaineko iruzkina, albisteen komentarioa, kexa bat, lagun bati agur publikoa.
Horrek esan nahi du nire blogak ez duela ezer literariorik?
Lehenik eta behin literatura zer den definitu beharko genuke, baina hori oso aspergarria da eta zerbaiterako daude liburuak eta zerbaitetarako kobratzen dute horiek idazten dituzten katedratikoek, ezta?
Beraz, har dezagun literaturari buruzko definizio orokor eta zabalduena. Bai, guztiok buruan duzuen hori.
Nire blogak badu ezer literariorik?
Zerbait badu, bai, nire nahiaren kontra bada ere.
Lehenik eta behin pertsonaia.
Ni, pertsonai moduan, alegia.
Lehenengo pertsona erabiltzen dut ia beti. Baina horrek ez du esan nahi kontatutako guztia nik bizi izan dudala. Askotan lagun batek kontatu eta nire egin dut pasartea, beste batzuetan autobusean entzun eta hona ekarri dut anekdota, ukitu imaginarioekin, gutxitan erabat asmatuta da pasartea, esan nahi dudana azaltzeko erabilgarria izango delakoan hona ekarria.
Lehenengo pertsona erabiliz nire pertsonaia ere eraiki dut. Ni, blog irakurleentzat, gaizki gidatzen duen eta liburudendetako eskaparateetan gizonak gerturatzen zaizkion neska bat izango naiz.
Hori naiz ni? Ez ba. Jendea bizpahiru datuekin sailkatu eta fitxatzeko joera badugu ere, gauzak ez dira hain errazak, hain estuak.
Baina nire blogerako nahikoa dut pertsonaiarekin, nahiz eta honek idatz estiloa eta gaiak apur bat baldintzatu. Benetako nia ezagutu nahi dutenek, egin dezatela ahalegin itxurosoago bat.
Beste ariketa literario bat bloga idazterakoan: lotsa kentzea, biluzten ikastea, zuk idatzitakoaren inguruan komentarioak entzun eta jasatera ohitzea. Literatura ez da izango, baina bai entrenamendua.
Ez da gutxi gero.
Orain galdera litzateke, nahiz eta nire blogak asmo literariorik ez izan ikusten dut literatura blogaren bidez egiteko moduren bat?
Eta biharko utziko dut honen erantzuna, aurrekoa luzeegia gelditu zait eta.
Ps. Nahiko ondo gidatzen dut, eta gizonak, bai, batzuetan gerturatzen zaizkit, inkestak egiteko edota azterketaren nota igo diezaiedan, adibidez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: