Lichtenstein eta maitaleen gatazkak

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-09-06 06:01
3

Orain dela urtebete-edo, MNCARS museoan egon nintzen ROY LICHTENSTEIN: ALL ABOUT ART erakusketa ikusten. Pop artearen ordez, beste gauza bat gertatu zitzaidan deigarria hartan. Eztabaida bat. Gizon eta emakume gazte baten eztabaida sutsua. Museoak ez dira normalean eztabaidarako leku, artearen tenplu sakratua izaki, baina bi hauek, ezin eutsiz han ziren, Roy Lichtensteinen koadro baten aurrean purrustadaka. Arteak eta bizitzak bat egiten duten momentu magiko horietako bat izan zen, izan ere, nik lehenengoz ikusi nituenean koadro honen aurrean zeunden.



Haiek ez zuten ordea ingelesez egiten, baizik eta alemaneraz. Horrexegatik ez nuen eztabaidaren mamia ulertu, baina eztabaidetan normalean zer esaten den baino nola esaten den garrantzitsuago ohi da . Eta bi horiek benetan haserretuta zeunden bata bestearekin. Hori alemanera jakin gabe esan dezaket.

Gaur berriz gogoratu dut anekdota hau, Austriako museo batean emakume batek Lichtensteinen koadro bati labana sartu diola irakurri dudanean . Emakumea alemaniarra zen, 32 urtekoa. Berehala lotu ditut bi istorioak, eta kasualitate handiegia litzatekeela jakinda ere, pentsatzen hasi naiz orain dela urtebete ikusitako emakume haserretu berak -azken finean bera ere alemaniarra zen, 30 urte ingurukoa- Austriako museo horretara jo duela eta, bizitzak eta arteak bat egiten duten beste momentu miragarri batean, koadro horren kontra bota duela gizon harenganako amorru eta arrengura. Nork daki, agian beste emakume batengatik eztabaidatzen zuten, gizonak nahiago zuen beste emakume batengatik. Eta emakume baztertuak Lichtensteinen koadroa ikusi eta burua galdu du, artea eta bizitza nahastu, koadroaren emakume errugabea bere ezbehar guztien erruduntzat hartuta.



Hipotesi bat da. Poliziak behintzat ez du gauza hobeagorik.


Patxi

Patxi 2005-09-06 11:13 #1

<p>Beharbada koadroko neskak, gizonaren aurreko maitalearen antza haundia zuen, eta emakumeak ezin zuen burutik kendu, koadroaren aurrean bi ordu pasa zituen egun hura. ><br />Gizonaren arreta irabazi ezin duenez, nolabait baretu behar lorik egiten uzten ez dion amorrua.</p>

itsas_begiak

itsas_begiak 2005-09-06 17:58 #2

<p>Literatura,artea zein poesia existitzen dira, bizitza berez nahikoa ez delako</p>

Anonymous

Anonymous 2005-09-14 11:52 #3

<p>Zergaitik da hain zaila bizitzea?Eta zergaitik hain mingarriak amodioaren kontuak?</p>


Utzi iruzkina: