Hugo
Ezagutu nuenean 3 urte zituen. Eskolaz kanpoko ingelesa irakasten
nion Moratalaz auzoan, Madrilen. Inor baino lehenago ailegatzen zen
ikastetxera, jantokian hartzen baitzuen gosaria, zazpi eta erdietan.
Gero klasera joaten zen. Bazkaldu, jantokian egiten zuen berriro, eta
klasera atzera berriz, siesta egiteko betarik gabe. Klaseak bukatu eta
oraindik betebehar bat zeukan gizajoak: nire ingeles klase madarikatua.
Sorgin hutsa sentitzen nintzen bere aurrean “the sky is blue”
oihukatzen nuenean edota “John Brown had a little Indian” abesarazten
nionean. Doi-doi ari zen mutikoa bere lehenengo gaztelerazko hitzak
botatzen. Ni txoratuta nengoela pentsatuko zuen.
Batzuetan lotan gelditzen zen alfonbraren gainean, bere eskolako
mantala (baby-a esaten diote Madrilen horri) esku batekin ondo
atxikirik.
Hugoren irakasleak (benetakoak, ez nik) ez zuen inongo kontakturik
haren gurasoekin, mutikoaren ordutegia andereñoarena baino zabalagoa
izanda. Horregatik pegatina sistema baten bidez jartzen zen gurasoekin
kontaktuan. Hugo ondo portatzen bazen, egun horretan andereñoak
pegatina irribarretsu bat itsatsiko zion baby-an, eta harro joango zen
mutila bere lorpena mundu guztiari erakustera. Egun txarretan, ordea,
Hugok aurpegi tristedun pegatina bat lortzen zuen. Behin baino
gehiagotan harrapatu nuen umea aurpegi tristeak klaseko edozein
txokotan ezkutatzen.
Pena ematen zidan Hugo txikiak, Moratalazgo ikastetxe zatar horretan
hamaika orduz (hamaika, literalki) abandonatuta. Gurasoen aurrean
sentimendu nahasiak nituen. Ez nekien nola begiratu umearen bila
etortzen zirenean. Zergatik egingo zuten? Itota ibiliko ziren lanaldi
luzeekin, azken orduko bilerekin, hipotekaren interes beti
goranzkoekin? Edota guraso izatea gehiegi zen haientzat, ezin zuten
umea agoantatu eta ikastetxeak eskaintzen zien pagotxa (jantokia gosari
eta bazkarietarako, eskolaz kanpoko klaseak…) aprobetxatzen ari ziren?
Auskalo. Edonola ere, Hugo ezagutzearekin batera Madrilen ez nuela umerik izango zin egin nion neure buruari.
Iruzkinak
Manu 2008-01-13 22:34 #1
<p>Oso post interesgarria eta, batez ere, tristea. Hala ere, azken esaldia ez zait erabat argi geratu. Diozularik: "... Madrilen ez nuela umerik izango zin egin nion neure buruari", zer adierazi nahi duzu, zehazki? Hau?: [Madrilen ez nuela umerik izango] zin egin nion neure buruari -- alegia, Madrilen ez, baina bai Donostian. Edo beste hau?: [Madrilen] [[ez nuela umerik izango] zin egin nion neure buruari], alegia, beste esaldi honen baliokidea: "Ez nuela umerik izango zin egin nion neure buruari Madrilen". Ez baita gauza bera! :-)</p>
katixa 2008-01-14 15:01 #2
Manu, lehenengoa.<br>Alegia, Madrilen ez, Donostian auskalo!<br>
Manu 2008-01-14 20:25 #3
Mila esker argitzeagatik, baina benetan uste duzu aipatzen dituzun arazoak (eskolak haur-aparkalekutzat erabiltzea, irakasleen eta gurasoen arteko harremanik eza, lanaldi luzeak, hipotekak...) Madrilen bakarrik aurki daitezkeela? Gure inguruan ere baditugu Hugo-ak, asko gainera, sinets iezadazu. Ohituak gaude geure arazoen errua Madrili leporatzen, baina Donostia, Madrilen bezala, badira Hugo-ak...
Utzi iruzkina: