Hitchcock-en madarikazioa

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-08-13 23:28
2

(Orain dela ehun eta sei urte, abuztuko hau bezalako edo antzeko egun batean, Londresen, Alfred Hitchcock mundura etorri zen. Hona hemen nire omenaldi psikotikoa.)

Zortzi urte nuen lehenengo aldiz Hitccock-en filma bat ikusi nuenean. Gau horretan neuk ere Manderley-ra itzultzen nintzela egin nuen amets. Hurrengo goizean, erabaki sendoa hartu nuen, nire etorkizuna argigarriki ikusi eta gero: nik ere egingo nituen pelikulak, ingeles lodi eta jenial horren moduan. Azken finean, ni ere lodia nintzen, eta ziurrenik, jeniala ere bai. Zortzi urte nuen artean, baina zalantzaren itzalik ez .

Milaka pelikula ikusi nituen, bideoan, zine-forumetan, jaialdietan. Berari buruzko edozein liburu irakurtzen nuen. Nire Alfred kutunaren pelikulak planoz plano aztertzen nituen, dialogoak transkribatu, bere aktoreen poseak imitatu. Gogorra izan zen, hori ez dut ukatuko, nire haurtzaro eta gaztetasuna helburu baten truke emateko beste aukerarik ez nuen izan. Baina fruituak jasotzeko eguna ailegatu zen.

Nire lehenengo filma. Zine promesa gaztea nintzen bat-batean. Esperantza ugari niregan jarrita. Prentsa, industria eta publikoa niri begira. Oihal urratua laster altxatuko zen. Baina presiorik ez. Paniko eszenikorik ez. Prest nengoen. Zortzi urte nituenetik prest nengoen. Nire pausu guztiak ondo zenbatu nituen, hogeita hemeretzi eskailera-maila , bertigorik gabe. Dena txukun, dena egoki.

Aktoresa perfektua aurkitu nuen: tindaketa ilehoria besterik ez zitzaion falta.

Aktore perfektua aurkitu nuen: ispilu aurrean irribarre erdi-maltzurra, erdi-xarmangarria entsearazi nion.

Sekuentziak gogoz eraiki nituen, ahalik eta suspenserik handiena lortu nahian. Txoriak , ezezagunak trenetan , susmoak edonon. Emozioz beteriko filma izango zen. Emozioa baino gehiago, frenesia !

Azkenik nire kameoaren momentua aukeratu nuen. Justu-justu gizonezkoak emakumezkoa musukatu behar zuenean nire agerpen triunfala egiten nuen, gabardinarekin eta onddo-kapeluarekin. Ikuslegoa imajinatzen nuen, beren buruari galdezka: bera da, ezta? Ez dakit… Bai, bai, bera da, dudarik gabe.

Estreinaldiaren eguna ailegatu zen. Asko jokatzen nuela banekien, gehiegi jokatzen zuen gizona ote nintzen? Prentsa, kritikoak, kazetariak, beste zinemagileak. Denak zeunden bertan, adi-adi. Datorrena datorrela, esan nion nire buruari.

Hurrengo egunean komunikabide guztiak bat zetozen. Nire filma lotsagarria zen. Tamalgarria. Patetikoa. Hitchcock-en antzeko burla itzelik ez da inoiz egin, zioen gogoratu nahi ez dudan egunkari baten titularrak. Suspense magoa iraintzen ari da, bota zuen beste batek telebistan.

Ez nuen ezer ulertu. Kritika guztiak ahoa bete hortz irakurri eta entzun nituen. Ni maisua iraintzen? Nire guruaz trufaka? Zer zen hori: sabotajea ? Niri zuzendutako atake pertsonala? Henry Fonda bezala sentitu nintzen. Errudun faltsu bat baino ez nintzen. Egunaren bukaeran krisi larria pairatu eta, ilehori guztiak itotzeko asmoarekin, kalera atera nintzen gorbata batekin . Kanpandorre batean topatu ninduten azkenean, nire buruaz beste egitera nindoan momentuan.

Psikosi kasu argia, esan zuten ospitalekoek. Psikosia. Zelako ironia, ezta?

Eta ordutik hona hemen bizi naiz, pareta horiko eraikin handi honetan. Krimen perfektu hau antolatu zutenak madarikatzen egunero. Hitckcock-en filmak ikustea erabat galarazi didate eta horrekin hutsala bilakatu da nire existentzia. Bidegabekeria itzela da. Badakite Alfred nire bizitza osoa dela.

Eskerrak Tippi eta Cary eta Gregory eta Ingrid bisitan etortzen zaizkidala noizean behin. Bonboiak ekartzen dizkidate. Eta loreak. Geroz eta gutxiago datoz, dena den, pilula gorrien dosia igo zidatenetik. Ez dago ezer egiterik. Akabatuta nago.

Orpoz orpo sentitzen dut heriotza orain.




Anonymous

Anonymous 2005-08-16 14:00 #1

<p>Biba zu eta gora Hitchcook!!! ><br />Sekula ez naiz aspertuko Alfreden filmekin, behin eta berriro ikusi arren. ><br />Gaur bertan Posada Jamaica ikuisko dut, emuletik jaitsi berria.</p>

2006-01-27 14:59 #2

<p>Beno bat, bertzete aipu bat duzu BERRIA koenganik. Kongratulazioneak, bida bider atra zra egunkari hortan! >Jitxkok-ek zerbait pentsatu arazi niñun ni re: nola ozpina zitekeen norberak atzendu genezan pelicula bat ikusten ari ginela eta jinetsi ikusitakoa gertakari autentiko bezala...bertzalde, eztut yoiz konprenitu zerengatik iduri zekidakeen hainbertze, Psicosis eko andreak hil egin NAHI zuela ducha gartan...eztiakixut....Beno bat, bertzete aipu bat duzu BERRIA koenganik. Kongratulazioneak, bida bider atra zra egunkari hortan! >Jitxkok-ek zerbait pentsatu arazi niñun ni re: nola ozpina zitekeen norberak atzendu genezan pelicula bat ikusten ari ginela eta jinetsi ikusitakoa gertakari autentiko bezala...bertzalde, eztut yoiz konprenitu zerengatik iduri zekidakeen hainbertze, Psicosis eko andreak hil egin NAHI zuela ducha gartan...eztiakixut....</p>


Utzi iruzkina: