Gauza arraro bat

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2008-11-14 12:09
1

Zer da, ba, maitasuna? Batek daki. Hala ere, ezin esan galdera interesatzen ez zaidanik. Nori ez zaio interesatuko ba, hainbeste zor diogunean?

Maitasunari buruz irakurtzen ibili naiz. Gauza arraroak.

Floridako zoo batean tximino-eme bati amatasun sena piztu zaio eta bi tigre-kume zaintzen dabil. Besoetan kulunkatzen ditu, lo har dezaten, biberoia ematen die.

Amy Winehouse kantaria bere hirugarren diskoa konposatzen dabil. Bere senarrarentzako Maitasun Tributua izango omen da disko berria, egun kartzelan baitago gizajoa; kondena luzatu egin diote gainera, ez baita oso ondo portatu barruan.

Japonian bikoteek larrua jotzeari utzi diote. Osasun Ministerioaren ikerketa batek errebelatu duenez, ez da bikote-kideek elkar maitatzeari utzi diotela, ez, baizik eta nekatuta daudela, akituta lanaren erruz. Espainian, krisialdi ekonomikoa dela eta, dibortzioak murrizten ari dira, eta ez da gehiago maitatzen dela orain, ez, baizik eta desmaitatzea garestia suertatzen dela.

Zer da, ba, maitasuna? du izena Miren Agur Meabek idatzi duen azken liburua. Liburu arraroa. Nobela bikoitza, album ederra, poema liburu goxoa. Zer da, ba, maitasuna? Esan dizuet: nik, ideiarik ez. Baina Miren Agurrek galdera horri tiraka poemak, marrazkiak, Frida Kahlo, ume-soldaduak, Chagall eta Sylvia Plath ekartzen dizkigu.

Nerabeen ikuspuntua aukeratu du Meabek maitasunari buruz galdezka aritzeko. Mister X eta Berezi, elkar maitatuz, elkar maitatzen dutela jakin gabe. Eta benetan berriz nerabe izateko gogoa ekartzen du liburuaren irakurketak. Nerabezaroan galdera hori egiten baitiogu geure buruari, erantzuna topatzeko esperantzaz, gainera.

Zer da, ba, maitasuna? Liburua zabaldu eta Miren Agurrek eskuz idatzi didan eskaintzarekin egin dut topo: "Gauza arraro bat, K., zer esango dizut bestela". Horixe ba, arraroa zinez: berdin zooan zein Japonian.

markos zapiain

markos zapiain 2008-11-14 16:52 #1

Katixa, Blake azaroaren 5ean atera zen espetxetik

Hori bai, erreabilitazio-etxe batean sartu zuten zuzenean

Amy ziur da hiru bat egun barru elkarri begiratu, luzaro eta isilik, eta negar egingo dutela

Utzi iruzkina: