Errutina
James Bonden nobela berri bat atera da: Devil May Care du
izena. Ez du Ian Flemingek idatzi, aspaldi hil zelako (goian bego),
baizik eta Sebastian Faulks idazle britainiarrak. Enkarguzko lan bat,
jakina, Flemingen jaiotzaren mendeurrenaren harira.
007ren
sortzaileak, bon vivant bokazional horrek, bizimodu lasai eta erosoa
eraman nahi zuenarentzat idazlearen ofizioa gomendatzen zuen. Bere
idazketa-errutinak ez du zalantza izpirik uzten: munduko bizibiderik
zoragarriena da idazlearena. Jamaikako bere etxean dago Fleming. Egun
berri bat hastera doa. Eguzki ederra beste behin ere. Errutinari ekin
beharra dago: mila hitz idatzi, buzeoa praktikatu, martini pare bat
edan, bazkaldu, maitasuna egin, beste mila hitz idatzi, afal aurreko
beste koktel bat eta afaria, Jamaikako ilunabarra lagun. Horrela
egunero.
Konpara ezazu zure eguneroko errutinarekin, eta atera kontuak. Ez al da paregabea idazlearen errutina?
Sebastian
Faulksi, bere sekuela aurkeztu duenean, Bonden faszikulu berri hau
idazterakoan Flemingen errutina bera jarraitu ote duen galdetu zioten.
Eta baietz, berak, nobela idatzi bitartean maisuaren errutina jarraitu
duela. Tira, Jamaika, buzeoa, koktelak eta maitasun-saiorik gabe, baina
beste guztia, baietz, hertsiki jarraitu duela.
Kontrakoa
entzungo zenuen baina idazlearen bizitzak zerikusi handiagoa dauka
Sebastian Faulksek kontatzen duenarekin Ian Flemingek deskribatzen
zuenarekin baino. Gehienetan besteei funtzionatu diena kopiatzen
saiatzen da idazlea. Ez dauka etxerik Jamaikan (asko jota, Bob
Marleyren diskoa jar dezake idazten duen bitartean), ez du kirolik
egiten (edo udal-igerilekura jotzen du bizkar-mina arintzeko), ez du
martinirik edaten (tira, marianitoren bat agian, igande goizetan) eta
maitasun-saioei dagokionez hurkoa bezain trakets ibiltzen da. Batzuek,
ordea, ez dute esperantza galtzen, eta Fleming dute eredutzat. Idazleak bere buruari kontatzen dizkio ipuinak, beste inori baino lehenago.
Iruzkinak
Sopelas 2008-06-06 18:09 #1
Ederra azala!<br>
Utzi iruzkina: