Erasmus in Gasteiz

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-09-26 09:48
4

Ailegatu dira. Ikusi ditut. Zuk ere erraz errekonozituko dituzu. Taldeka ibiltzen dira, San Francisco aldapan gora. Beren arropek, begirada adiek, ile hori eta begi urdinek salatzen dituzte. Haien artean gaztelania zatarraz egiten dute. Atzamarrarekin eraikin eta elizak seinalatzen dituzte. Batzuek mapak darabiltzate. Besteek argazki-makinak. Ezin disimulatu: erasmus berriak dira. Erasmus jaunari esker Gasteiza etorri diren ikasle europarrak. Finlandia, Alemania, Frantziatik datoz. Beldurtuta. Emozioz beterik. Esploratzaileak dira. Alde zaharrak zer eskaini behar dienaren bila. Mapan hain txiki agertzen den hiritxo honen handitasuna sumatu nahian.

Gaixoak. Pena apur bat ematen didate. Norbaitek Espainiara etorri direla sinestarazi die eta atzerritar guztiek Espainiari buruz dituzten hiru betiereko topikoen bila ari dira. Hiru S famatuetaz ari naiz: Sun, Sex and Sangría, you know.

Lehenengoari buruz laster konturatuko dira eguzkia aspalditik dagoela Gasteizekin haserretuta. Baina tira, kolore berri bat deskubrituko dute hemen: Gristeiz ospetsua. Ez da gutxi gero.
Bigarrenari buruz, ez dakit nik, baten batek agian zortea izango du, baina ziurrekin haien artean izango da –endogamia izugarria erasmusen artean– eta ez Gasteizko neska edo mutil sanoekin.
Eta hirugarrenaz zer esan dezaket: kalimotxo katxiekin konformatu beharko gure erasmus maitekorrak. Kutxiko edozein tabernan sangria eskatzen hasten badira odoltsua jar daiteke giroa.

Baten bat estafatua izan denaren sentsazioaz itzuliko da bere herrialdera. Ez da harritzekoa. Erasmus jaunari eskatu beharko dizkiote kontuak.

Baina ongi pentsatuta, badago laugarren topiko bat, laugarren S bat bete-betean praktikatu dezaketena. Ase geratu arte jorratu dezaketen S miragarria, neronek oso gustuko dudana. Doako S fantastikoa. Jo eta ke aritzeko modukoa. Pentsa: zertarako da Gasteiz lekurik aproposena? Kalimotxoaren ajea, euria eta ohe bakarti bat: siestarako aukera paregabea! Lasai, beraz, erasmus maiteak. Siesta da gakoa.

GJ

GJ 2005-09-26 00:15 #1

<p>Erasmustarrak Gristeiz honetan eta siestan? Auskalo!</p>

Anonymous

Anonymous 2005-09-27 23:09 #2

<p>bai zera!!!</p>

Anonymous

Anonymous 2005-09-29 14:08 #3

<p>Gastizen sexu gutxi ? Zure etxean agian.Gure pisuan orgiak astero dauzkagu.Lau mutilak gara eta beti ditugu neskak gure zain kanpotarrak baita hemengoak.Gu bilbotarrak gara eta harrok gaude.</p>

Katixa Agirre

Katixa Agirre 2005-09-29 19:53 #4

<p>Bueno, badakigu bilbotarrak beti gehiago. Pozten naiz. Hurrengoan zabaldu apur bat gehiago zuen orgia deialdia. Arrakasta ziurra!</p>


Utzi iruzkina: