Dinkwads
Lagun batek ideia sartu nahi dit buruan: dink bat izatea hoberena da, ez dago dink izatea bezalakorik.
- Nik, handitan, dink izan nahi dut, eta zuk gauza bera egin beharko zenuke.
Dinkiak ezagunak dira oso Estatu Batuetan, baina azken urte hauetan bakarrik ari dira pisua hartzen hemen, talde demografiko moduan. DINK: Double Income, No Kids, hau da, diru-sarrera bikoitza eta umerik ez. Beren soldatetaz erabat disfruta dezaketen bikoteak, alegia. Lanbide onarekin, gustu garestiekin, anbizio handiko jendea omen da.
Ez bakarrik nire lagunak, iragarle eta marketinlariek ere gustuko dute talde sozial berri hau. Erraza da imajinatzea zergatik. Ume-oihal, hilean behineko zapatilak, testu-liburu eta kontserbatorioko matrikula ordaindu beharrean, dinkiek bere bi soldata horiek luxuzko produktuetan gastatzen dituzte (zertan bestela?): kosmetika, auto garestiak, kruzeroak, asteburuak bainuetxeetan.
- Ez duzu uste mundiala dela? Ez dizu inbidiarik ematen?
Guztiok barruan daramagun munstrotxo hedonista tentazioan erortzeko zorian egon daiteke, noski. Gauaren erdian ez zaitu ume gaixo baten negarrak esnatuko. Ez diozu inori Ingalaterran ingeles ikastaro trinkorik ordaindu beharko.
Baina interneten apur bat arakatu eta kontzeptu berri bat topatu dut, aurrekoaren bariante maltzurrago bat: dinkwads. Aurrekoa bezala baina with a dog erantsiz. Hau da, soldata bikoitza, umerik ez eta txakur bat! Beren orri propioa dute interneten. Bertan haien bizitza pribilegiatuaren berri ematen digute, argazkiz ondo hornituta. Eta argazki guztietan txakurra ageri da. Txakur pekindar mimatua. Pertsona izena dute txakur horietako bat, ziurrenik, ekaitza baldin badago dinkwad bikotearen ohean sartuko dena. Akupuntura, psikologo, ile-apaindegia larunbatetan. Edozer gauza gure txikitxoarentzat.
Ongizate eta luxuaren alde umerik ez izatea nekez uler dezaket, baina dinkwad hauek euren txakurrei begira jartzen duten txotxolo aurpegia ikusterakoan, are ulergaitzagoa egiten zait haien aukera.
Iruzkinak
p 2006-05-18 21:38 #1
<p>Ba Maider eta biok berandu gabilz. Geu, izatekotan, DIWKAC-ak gara: Double Income With Kid And Cat.</p>
<p>Pentsau ondo!</p>
jonas 2006-05-19 00:09 #2
Eta geure artean, EHn, oso gogor ari da urteotan jotzen moda hau, lastima, gutxi izatea arazo nagusi dugun herri izan(n)(g)ahi honetan...
Nik neuk dinkwaC bat ezagutzen dut, katudunak, zoriontsuak eurak, umeen konbertsazioa ateratakoan eurek katuarekin izandako esperientziak maila berean komentatzen dituztenak... halakorik...
Utzi iruzkina: