Cape Town (edo bizi gabe idatzi nahi zuenaren istorio petrala)
Egunotan ordu ugari pasatzen ditut etxean, ordenagailu honi itsatsita. Apenas irteten naiz autoeskolara joateko edo garagardo bat terraza batean edateko (bigarren honetarako batez ere). Eta horrela izango da udara arte, uste dut.
Zaila gero ezer bizi gabe idazten hastea. Irakurtzen duzunaz edota zure burutazio partikular/solipsistetaz hitz egin dezakezu, baina hori beti da grisa. Badaude idazleak ezer bizi gabe idazten dutenak, existentzia oso bat liburutegi baten barruan igaro ostean. Juan Manuel de Prada izango litzateke honen paradigma, ez duzue uste?
Baina zorionez internet dugu, leiho miresgarria, Aliziaren ispilu magikoa. Nire bizioetako bat adibidez bidaiak planeatzea da. Aspalditik dut, baina areagotzen zait grina lana dela eta etxean denbora gehiegi pasa behar dudanean. Eta horrela hasten naiz, germanwings , edreams , easyjet eta antzeko orriak orrazten eta hegaldi zoragarriak aurreikusten. Ez dut helmuga zehatzik, nire erronka hauxe da: bidaiarik merkeena lortzea. Eta urrun bada hobe, baina ez da hori baldintza atzeraezina.
Orri horietan adierazten diren eskaintza bereziak jarraituz gauza zoragarriak lortzen dira, zinez. Gaur, adibidez Cape Town-era zihoan hegaldia ikusi dut Lufthansa-ko orrian . Madrid- Cape Town eta gero buelta… 99 euro! Emozionatu naiz eta begirada bat bota diet hiri hartako hotelei ere. Nire buruan ideia hazten zihoan, poliki baina tinko: Hego Afrika!
Baina gero pantailan zure VISA zenbakia behar dutela esaten dizute, eta diru-zorrora jotzen duzun bitartean pentsatzeko parada izaten duzu. Hasten zara egutegia begiratzen (hara! bihar ateratzen da hegaldi miresgarri hau!) eta hotelak ez dira hain merkeak, eta gainera Hego Afrikara joateko ziurrenik bisatua beharko duzu, eta txerto ugari… era errealistan hasten zara pentsatzen, hitz batez. Eta orduan akabo. Akabo eskaintza bereziak, Afrikara doazen hegaldiak eta Lurmutur Hiriko egunsenti errepikaezinak.
Momentuz planeta gorri honetan gelditu beharko beraz (lasai egon zaitezke, ama), baina minutu batez ilusio horretan bizi izan naiz, 99 euroren truke lurmuturrera joan ahal nintzela, hurra!
Iruzkinak
Anonymous 2005-05-18 17:06 #1
<p>Kaixo, Katixa. Txarto ulertu ez badut, Madrilen zauden euskalduna zaitut!! Ongi Etorria, ba!! Madrilen 10 urte daraman euskalduna nauzu, Portugaletekoa, eta saretik nabigatzen zure blog-arekin egin dut topo, eta gustatu zait :). Beraz, agur bat bidaltzen dizut eta nire blog-a bisitatzeko eskaintza ere. Lacajadeletras-en ipuinak, albisteak, iritzia eta apur bat denetarik aurkituko duzu. Agur bero bat, >http: /www.lacajadeletras.bitacoras.com/</p>
Anonymous 2005-06-03 12:31 #2
<p>Zertarako hain urrun joatea?</p>
Utzi iruzkina: