Bizioak
2006ko urtarrilaren 1etik aurrera lantokietan ezingo da erre. Ministerioak dixit. Erretzaileek “urte berria, bizitza berria” leloari ekiteko arrazoi gehiago izan ditzaten aukeratu omen dute data hori. Berria plazaratu denetik erretzaileak dardarka dabiltza. Ez-erretzaileak ere: ea nork agoantatzen duen orain lankide tabako-zale horien umore txarra, abstinentzia-sindromearekin daudenean, batez ere zure nagusia erretzailea frustratu horien artean badago.
Gauza okertzeko legeak ez du zigarro kontsumitzaileentzako areto edo gela bereziak sortzera behartzen eta ez dirudi enpresari gehienek holakorik zabaltzeko asmoa dutenik. Normala deritzot: ezin dira guztion bizioen neurrira egindako aretotxoak sortu. Imajinatu. Bigarren solairuan futbola ikusi nahi dutenentzako gela berezia, pantaila laua eta guzti. Laugarrenean Pasion de Gavilanes era engantxatuta daudenentzako txokoa. Bosgarrenean, bihotz-aldizkariz beteriko gela. Seigarrenean, kubatak eta bermuta. Bizio gehiegi ditugu, zergatik izango da tabakoa inportanteena?
Baina ke-areto falta honetan ikusten dut hain zuzen ere lege berri honen punturik ahulena, porrotara destinatua dagoela pentsarazten didana. Lege honen azkeneko helburua tabakismoa murriztea izanda ere kontrakoa lortuko duelakoan nago: tabakismoaren izurritea lan-munduan barrena zabaltzea.
Pentsa dezagun: bulegoan ezin bada erre eta enpresan bertan leku aproposik ez badago hamaiketako edo lauetako zigarroa botatzeko, zer egingo da? Kalera atera, noski. Altxatu, igogailura jo, atera, zigarroa erre, zigarrokina bota, eraikinean berriro sartu, igogailua hartu eta mahaira itzuli. Osora: hamar minutu baino gutxiago ez. Zer pentsatuko dute erretzen ez duten lankideek? Pentsatuko dute: nik ere bai. Nik ere hankak estiratu nahi ditut, nik ere kanpoko aireaz disfrutatu nahi dut, eta batez ere, nik ere hamar minutuz utzi nahi diot lan egiteari.
Eta zer behar da pribilegio hori lortzeko? Erretzeari heltzea, noski.
Iruzkinak
Ricardo Gómez 2005-10-17 23:12 #1
<p>Kaixo, Katixa. Ni ez naiz erretzailea eta hauxe pentsatuko nuke: Hara! lantokian erre zitekeenean eta norbaitek erretzen zuenean, ni ez nintzen kalera ateratzen; altxatu, igogailura jo, atera, goikoek zigarroa erre arte itxaron, eraikinean berriro sartu, igogailua hartu eta mahaira itzuli.. Orain, zergatik atera behar dute hauek, ni erre gabe nagoen bitartean bertan goxo gelditu beharrean?</p>
Katixa Agirre 2005-10-19 17:16 #2
<p>Ba, arrazoia duzu, Ricardo, baina ateratzea bendizio bat izan daiteke kasu batzuetan. Imajinatu udaberri egun polit bat. Imajinatu alboko lankideak futbolaz baino ez duela hitz egiten. Imajinatu hari musikala duzula bulegoan.</p>
maria 2005-10-19 19:57 #3
<p>¿Eta abstinentzia sindromea?... uhuuui! Ni izan nintzen erretzaile, eta nire buruzagiak ez zidan uzten lanorduetan erretzen. Banuen ba nik ezin desagertarazi nezakeen zigarro erraldoi bat nire begien aurrean egun guztian zehar... Baina, lapurtu nitzakeen, hala ere, hamar minutu ZORAGARRI hoiek. Ez dago atsegin haundiagorik zigarrotxo bat gogoz hartzea baino. Lenengo zupada hori... gogoratu eta zigarro baten atzean korrika urtetzeko gogoak etortzen zaizkit berriro. Lastima hain kaltegarria denik</p>
Utzi iruzkina: