Beltza eta zuzena
Pasa den astean best seller baten aurrean egin nuen men. Ez naiz lotsatzen, hau ez da absoluzio eske egindako aitortza. Egia esanda, sano disfrutatu dut Stieg Larsson-en Los hombres que no amaban a las mujeres nobelaren irakurketa. Di-da irentsi nituen 700 orrialdeak.
Digestioa, ordea, oso bestelakoa izan da. Zeren eta nobela beltz bat hain politikoki zuzena izan daiteke? Onargarria al da? Postmodernitatearen ajeak?
Zuek ere irakurriko zenuten akaso. Eta ez zaizue iruditu zuzentasun gaindosi itzela duela?
Esaterako, emakumeen kontrako biolentzia. Nobelaren zati bakoitzaren hasieran Suediako estatistika izugarriak agertzen dira: emakume gehienak mehatxatuak, erosotuak, bortxatuak edo/eta erailak izan dira gizonen eskuetan. Traman ere pisu handia dauka biolentzia mota honek. Gizon gehienak, nobela honetan, psikopatak edo bortxatzaile sadikoak dira (baita naziak ere!). Eskerrak emakume protagonista super-heroia dela, hacker porrokatu bat, modem konexio batekin eta bost minututan izorratu duten gizonen kontrako bengantza antola dezakeena.
Enpresa-ustelkeriak ere ku-ku egiten du nobelan. Baina, berriro ere, hacker abilidadeek eta gizon protagonistaren zintzotasunak agerian uzten laguntzen dute suediar enpresari zenbaiten zikintasuna. Iritzi publikoak lardaskeria hauen berri duenean, asaldatu egiten da, ustelkeriaren kontrako iraultza zibiko eta baketsu bat igarri daiteke ia. Istorioa Suedian kokatuta egonda ere, zaila horrelako zerbait sinestea, ezta?
Nobelak, gizon protagonistaren dilema moral ñimiño eta guzti, happy end totala dauka, eta ez da inoiz gertatzen irakurleak (nik) espero duen kolpe odoltsua.
“Sistemaren kloakak agerian uztea da nobela beltzaren betebeharra” dio Juan Madridek. Larsson-ek ere sistema suediarraren kloakak erakutsi nahi izan ditu, baina kloaka horiek erabat garbitu ditu segituan.
Irakurraldiaren ostean ere, sentsazioa hori da: garbitasunarena. Lixiba eta PatoWC. Ez dut nik halakorik espero nobela beltz batetik. Ezta beste edozein literatur lanetik ere.
Konpensatzeko, James Ellroyren nobela bat ari naiz irakurtzen egunotan.
Iruzkinak
Miren 2008-11-26 11:59 #1
Egia da eleberri batzuetan amaiera txarra espero duzula, hala eskatzen du istorioak berak, baina nik ez dakit zergatik, fikzioak beti kolore arrosaz amaitu behar duelako edo, idazleek badute lanak ongi amaitzeko afizioa eta horrek, nire iritziz, lanari balio handia kentzen dio, ordura arte sinesgarri zenari sinesgarritasun oro kentzen dio eta ni nahigabetuta geratzen naiz, hobe baita lan ona bat tokatzen zaion amaiera tristearekin eta ez inork sinesten ez dugun amaiera arrosa eta alaiarekin.<br>
Utzi iruzkina: