Belaunaldi exiliatua

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-01-16 18:30
2

Gasteiz hazten ari da , bere tentakuluak zabaltzen. Hori irakurri dut behintzat egunkari batean. Zortzi auzotan hamar mila pertsona baino gehiago pilatzen dira. Hori diote datu objektiboek, eta sinistu beharko. Hori diote datu objektiboek, baina nire sentsazio subjektiboa oso bestelakoa da. Nire aburuz Gasteizek populazioa galtzen du, edo galdu izan du azken urtetan, atzera bueltarik gabe.

Eta hori esaten dut gabon garaietan antzinako lagun eta ezagun askorekin egin dudalako topo. Gabonetan ikusi ditut, bisitan etorri direlako, beren bizilekua Gasteiztik urrun dagoelako. Batzuek ikasteko asmoz egin zuten alde eta bertan geratu ziren. Beste batzuk, haien ikasketak bukatuta, abentura edo lanpostu bila joan ziren. Gauza da Gasteiza gabonetan baino ez direla etortzen. Ez dakit inoiz gurera itzuliko diren. Askok diote Gasteiz faltan botatzen dutela –hiri handietan bizi direnek bere lasaitasuna botatzen dute faltan, lur lehorretan bizi direnak, Gasteizko xirimiria– baina, nago, gabonetako nostalgia eta muturreko sentiberatasun tipikoaren erruz diotela, erraza baita antzematen ondo baino hobeto dabiltzala Madrilen, Parisen, Bartzelonan, Reunion irlan. Lanak, maitasunak, ala bien konbinazio arriskutsuak erabat bahituta.

Nire belaunaldia harrapatu duen birus partikular bat izango da. Ziurrenik nire aurretik edota nire atzetik jaio zirenak birus horretaz libre daude. Gasteizen biziko dira alai eta gustura, lanpostu on batekin: hainbeste hazten diren auzo berri horietako batean babes ofizialeko pisu bat-edo tokatuko zitzaien edota hain soldata ona dute gure hiriburu garesti honetan etxe bat erostea posible suertatu zaiela. Bai, ziur mundu guztiari ez zaiola nire belaunaldiari bezala gertatu. Bestela ezin dira ulertu Gasteizko hazkundea erakusten duten datu horiek, bestela datu objektiboekin engainatu nahi gaituztela pentsatu beharko nuke.


biribil

biribil 2006-01-17 13:20 #1

<p>birus horrek belaunaldi asko harrapatu ditu. harrapatzen ditu gasteizen, quiton, kinshasan, baigorrin. urteetan zehar mutazioak izan dituena, militarra, ekonomikoa. ondorioak oso antzekoak.</p>

G.J.

G.J. 2006-01-21 18:33 #2

<p>Fenomeno horrek gaisotasun antza du, ezta? >Hazten ari garela seinalea.<br />Ah Denbora-Errota!!!</p>


Utzi iruzkina: