Argazki Digitalak
Amona eta aitonaren argazkiari begira nago. Gaztetan atera zuten argazki bakar horri. Ezkontza egunekoa. Biak daude beltzez jantzita, begirada zorrotza, serio. Garai hartan serioa zelako argazki bat ateratzea. Bizitzan behin jazotzen zen gertakizuna.
Gure amak ere atera zuen argazki bat bere ezkontza egunean. Bat baino gehiago. Bere bigarren soldatarekin kamera reflex fantastiko bat erosi eta hura duela pare bat urte erori eta apurtu zen arte, jo ta ke erabili izan zuen. Denetariko argazkiak atera zituen kamera horrek bere bizitzako hogeita hamar urte luze horietan: zuri-beltzekoak, kolorekoak, distiratsuak, gaizki fokatuak, ondo enkoadratuak. Batzuetan serio agertzen da ama, baina gehienetan barrezka. Argazki bat ateratzea gauza ez hain serioa zelako jadanik. Argazkia: bidai eta toki exotikoekin loturiko ekintza.
Gauzak horrela, albumez beterik du etxea gure amak. Kronologikoki ordenatuta, jaiotzak, oporrak, jaiak, hondartzak, elefanteak, urtebetetze tartak eta koloretako globoak. Pegatinak jartzen ditu albumen kanpoaldean, barruko argazkien urtea eta jatorria zehaztuz: 1989ko Gabonak. Kroazia, 2002ko uda. Eta abar. Gogoekin dabilenean apaletara jo eta aleatorioki urte bat, leku bat aukeratzen du, argazki horiek birdastatzeko.
Ni, kamera digital baten jabe izaki, ez naiz jada argazki dendatik pasatzen. Ordenagailuan deskargatzen dut memory stickean sartzen zaizkidan berrehun argazkiak edo. Batzuetan begiratzen ditut. Gutxitan. Deserosoa da pantailan. Fisikoki, paperean, ez ditudalako. Eztanda egitear dauden gabon hauetako argazkiek bere aurrekarien bide bera hartuko dute: zuzenean ordenagailura. Alferkeriagatik.
Eta badakit edozein egunetan birus nazkagarri bat sartuko zaidala ordenagailuan, edota aparatu preziatua lapurtuko didatela edozein aireportutan. Eta momentu hori ailegatzen denean, hiru generaziotako atzera pausua emango dut halabeharrez, nire aiton-amonen egoera okertuz. Haiek, gutxienez, ezkontza eguneko argazki bakar hori bazuten.
Iruzkinak
Patxi 2005-12-20 07:10 #1

Horrexegatik diot ba nik, oso, oso garrantzitsua dala ordenatua izatea bizitza honetan, beste gauza batzuren artean, metodologikoki, hilero hilero argazkiak kanpoko disko gogor batera pasatzeko. >
Hilero hilero berriz, hartu bost minutu, BOST, 5, karpeta batera lehen begiratu batean begitik sartzen zaizkizun 20ak (5 euro) kopiatzeko txartela batera, dendara eramateko, paperean izateko. >
Badakizu zer eskatu olentzerori: disko gogor bat, txartel bat, eta autodisziplina, 12 dosis. >

balaklaba 2005-12-20 22:38 #2

Nik argazkiak eskatu nizkizunean ez nuen horrelako ezer espero. Digitalak bai, baina koloretako pixel horietakoak dituztenak, en fin, konformatuko beharko... Nik nere aiton-amonen argazkia ere gogoratzen dut, txuri beltzean, baina ez da ezkontzakoa, mendi martxa batekoa baizik, oso polita, eskerrikasko gogorarazteagatik. Zerbait gehiago aipatzeagatik, gaur egungo ezkontzetako argazkiak penagarriak direla esango dut. "Vomitivo" euskaraz nola esaten den ez dakidalako.

Utzi iruzkina: